Michel Armand, CIC energiGUNEko erreferentziazko ikertzailea, Munduko Zientzialari Aipatuenen artean, Clarivate Analytics-en 2022ko zerrendaren arabera

Albisteak, Araba

Ikerketa zientifiko eta akademikotik datozen datuen analisian eta bilketan espezializatutako konpainia britainiarrak urtero argitaratzen duen Highly Cited Researchers zerrendak, maila globalean eragin handiena duten ikertzaileak aintzatesten ditu, komunitate zientifikoak egindako beraien lanen erreferentzia kopuruaren arabera

Armand, aurten ere Stanfordeko Unibertsitateko Ranking of World Scientists” izenekoan agertzen da, Energiaren arloan Estatuko ikertzaile nagusi gisa; CIC energiGUNEn etorkizuneko ibilgailu elektrikorako egoera solidoko baterien arloan egiten ari den ikerketaren liderra da

Michel Armand, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko ikerlaria, Clarivate Analytics enpresak –ikerketa zientifiko eta akademikotik datozen datuak aztertzen eta biltzen espezializatua– urtero beste ikertzaile batzuek gehien aipatu dituzten lanen ikertzaileekin egiten duen “Highly Cited Researchers” zerrenda ospetsuan sartu da berriro. Gainera, Michel Armand Stanfordeko Unibertsitateko “Ranking of World Scientists” izenekoaren barruan dago berriro ere –CIC energiGUNEko beste 5 zientzialarirekin batera–, Estatuko energia-arloko ikertzaile erreferente nagusi eta munduko zazpigarren gisa.

“Nazioarteko komunitate zientifikoaren erreferentziazko txosten nagusietan urtez urte agertzea oso pertsona gutxiren esku dago” adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak. “Michel Armand Clarivateren zerrendan egotea ohikoa den arren,  albiste bikaina izaten jarraitzen du, eta bere balio zientifiko handiaren erakusgarri nabarmena da”.

Asko aipatzen diren ikertzaileen zerrenda gehien aipatzen diren artikuluetatik ateratzen da –urte berean gehien aipatzen direnen %1en barruan daude– Web of Science™ izenekoaren aipamenen indizean. Aurten, Clarivatek 7.225 sari aintzatetsi dizkie 69 herrialde eta eskualdetako 6.938 ikertzaileri (horietako batzuek eremu batean baino gehiagotan jaso dute aintzatespena).

Michel Armand berriro ere Highly Cited Researchers-en egotea bat dator azken urteetan lortutako aintzatespenekin. Stanfordeko Unibertsitatearen iritziz Estatuko ikertzaile garrantzitsuena da energiaren arloan, eta horrela agertzen da munduko 100.000 zientzialari garrantzitsuenen zerrendan. Izan ere, egoera solidoko baterien “aita” eta ohiko litio ioneko teknologia askoren “ideologoa” da.

Armand irakasleak hainbat aintzatespen jaso ditu zientziaren arloan, 2000. urteko Volta domina, 2010eko Galileo saria, 2012ko Aymé Poirson saria eta 2016ko Catalán-Sabatier saria, besteak beste. Era berean, Honoris Causa Doktore da Deakingo unibertsitatean 2006an eta Upsalakoan 2016an, eta nazioarteko aldizkarietan argitaratutako 416 argitalpenen egilea edo egileetako bat da, 295 aurkezpen egin ditu hitzaldietan eta 200 patente aurkeztu ditu edo aurkeztekotan da. Gainera, 30 doktoretza tesi zuzendu ditu, eta horietako hiru EHUkoak, Euskal Herriko Unibertsitatekoak, dira.

2011n hasi zen CIC energiGUNErekin harremanetan, “Energia, Bateria eta Superkondetsadoreen biltegiratze” Arloko Batzorde Zientifikoan sartu zenean. Aldi berean elektrolito polimerikoen ikerketa-taldearen sorrera zuzendu zuen. Azpimarratu behar da elektrolito solidoari buruzko zentroaren ikerketa-lerroa Europa mailako bost lerro nabarmenen artean dagoela gaur egun. Une honetan, Armand CIC energiGUNEeko elektrolito solidoaren ikerketa taldearen liderretako bat da, eta bertan etorkizuneko ibilgailu elektrikorako egoera solidoko bateria lortzera zuzendutako lan taldearen gainbegiralea da.

Partekatu

Beste berri batzuk