Milaka lagunek hartu dute parte Bizkaiko Teknologi Parkearen Ate Irekien Eguneko ekitaldietan

• Aurten, lehen aldiz, BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa ikusteko aukera izan dute Bizkaiko Parkera bertaratu direnek.

• Adin guztietarako jardunak, zientzia tailerrak, magia ikuskizuna, ibilbide gidatuak Parkeko zuhaitzak ezagutzeko, golf ikastaroa, enpresa eta zentro teknologikoetara bisitek osatu dute egun horretako egitaraua.

XI. edizioa izan du aurten Bizkaiko Teknologi Parkearen Ate Irekien Egunak. Nahiz eta eguraldiak lagundu ez, goizeko 10etatik 14:00 bitartean, milaka lagun hurbildu dira bertara, antolatutako ekitaldietan partehartzera: haur eta gazteentzako Zientzia-Guneak, Aeromodelismoa, Magia Ikuskizuna, Zuhaitzen Ibilbidea, Dantza, Musika, baita Kalejira Zientifikoa ere. Euskal Energia Erakundeak zenbait ibilgailu elektriko jarri ditu ikusgai eta bisitariek bizikleta elektrikoak erabili ahal izan dituzte.

Aurtengo nobedadea BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentroa izan da, ateak ireki baititu publiko orokorrarentzat. Zentroa jendez gainezka egon da uneoro eta bertan egin dira, gainera, gazteei zuzendutako zenbait tailer zientifiko. BTEKek zientzia eta teknologia gizartera, batez ere ikasleei hurbiltzea du helburu, diseinu erakargarri batez egindako moduluei esker. Besteak beste Mundu digitala, Nanoteknologia, Bioteknologia edota Robotikaren esparruan ibilbide dibertigarria egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek. BTEK Bizkaiko Teknologi Parkeko 602 eraikinean kokatuta dago, piramide formako bi bolumenez osatutako eraikina. Dagoeneko hainbat arkitektura sari lortu ditu eraikin bitxi honek.

Honez gain, enpresa eta zentro teknologikoak bisitatu eta egun horretarako antolatu dituzten ekintzek eta beste hainbat jardunek osatu dute egitaraua:
– INGETEAM – Puzgarriak
– TECNALIA 202 eraikinean – Haurrentzako jardunak
– GAIKER-IK4 – Bioteknologiari, giza genomari etabarri buruzko jarduerak
– AZTI – Produktuen simulatutako dastaketa
– NEUROTEK – Bisita laborategietara
– NEUROGENOMIKS – Bisita laborategietara
– LAIA HOTELA – 2 pertsonentzako “Relax-Gastronomiko” zirkuito baten zozketa
– Golf – Pitch & Putt Derio – 15 minutuko ikastaroa
– Euskaltel-Euskadiren Autobusa
– Suhiltzaileen Kamioia

Bizkaiko Teknologi Parkea ikusteko, txu-txu trenak etengabeko ibilbidea egin du goizeko lehen ordutik, eraikin nagustik abiatuz eta bisitariak, ateak ireki dituzten enpresetara hurbilduz.