Miramongo Matinéeak irailaren 28an itzuliko dira

Albisteak, Gipuzkoa

Josu Okiñenaren piano-errezital bat eta Miren Urbieta-Vega sopranoak Javier Perez de Azpeitiarekin eskainiko duen kontzertu liriko bat nabarmentzen dira Miramongo Matinéeen Denboraldi berriko hamasei proposamenen artean

Denboraldi honetan Miramongo Auditoriumeko eszenatoki gainean esertzeko aukera eskainiko da, eta horrek esperientzia musikal gertukoago bat bizitzea ahalbidetuko die bertan esertzen diren entzuleei

Larunbatean, irailak 28, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo Matinéeen 2019/2020 Denboraldia hasiko da. Orkestraren ganbera-zikloa, 28. denboraldira iritsi dena, klasiko bat da asteburuetako kultur eskaintzan. Matinéeek etengabean berritzen dute euren soinu-katalogo zabala, ezin konta ahala forma melodikoz osatua. Sortu zenetik Kutxa Fundazioaren laguntza duen ziklo honen denboraldia 16 kontzertuk osatzen dute.

Denboraldiko gonbidatu azpimarragarrietako batzuk honakook izango dira: Josu Okiñena euskal pianojolea, Franz Liszten konposizio ezezagunenetako batzuk interpretatuko dituena; Miren Urbieta-Vega sopranoa eta Javier Perez de Azpeitia pianojolea, zeintzuek, elkarrekin, Mozart, Puccini eta Verdi bezalako autore ezagunen obrekin maitasunetik tragediarako ibilbide lirikoa eskainiko duten; eta musika barroko eta errenazentistan espezializatutako Ensemble Diatessaron taldea, Italiako Barbara Strozzi musikagile birtuosoaren obrak ardatz hartuko dituena.

Hemiola Laukotea, Barrococo eta Original Quintet bezalako taldeek, Orkestrako musikariek osatutakoek, formatu txiki eta intimoko kontzertuak eskainiko dituzte zikloaren baitan. Izaera honetako errezitalek sasoi betean egotea eskatzen diote musikariari, eta protagonismo nabarmenagoa eskaintzen. Aurtengo Denboraldian deigarria da ohiko hari-formazioez gain hain arruntak ez diren beste talde mota batzuk ere izango direla, adibidez, Kolpeka, perkusionistez bakarrik osatutakoa, edo Cuivres en Pays Basque, hogei musikarik konposatutako taldea, horietako gehienak haize metal instrumentujoleak. Talde horien errezitalak kalitatezko musika alternatiba bat bezala duela 28 urte sortu zen eta oraindik indarrean dagoen ziklo honen bikaintasunaren eredu izango dira.

Erakargarritasun berria

Programaziotik kanpo, aipatzekoa da Orkestraren Miramongo egoitzako auditoriuma berritu egin dutela eta orain eszenatoki handiagoa daukala. Horri esker, hobetu egin da Orkestrako musikarien antolaera, bai entseguetan, bai bertan eskaintzen diren kontzertuetan. Egoera horrek aukera berri bat eskaini dio zikloari: aurrerantzean, publikoaren parte bat eszenatoki gainean eseri ahal izango da Matinéeetan, musikarien bi alboetara, eta horrek esperientzia musikal gertukoago eta inguratzaileagoa bizitzea ahalbidetuko die.

Abonamenduak

16 kontzertuetarako abonamenduak 84 euroko prezioa izaten jarraitzen du, eta 64 eurokoa tarifa bereziko onuradunentzat (65 urtetik gorakoei, 30 urtetik beherakoei, Orkestrako beste zikloetako abonatuei, Kursaal Eszenako abonatuei, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen Titularrei, Eureka! Zientzia Museoko lagunei eta Musikene). Jada eskuragarri dago Orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo euskadikoorkestra.eus webguneko formularioa betez.

Sarrerak

Sarrera solteek 7 euroko prezio bakarra izaten jarraitzen dute eta salgai daude dagoeneko euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, aforo librerik balego, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira dagokion kontzertuaren egunean.

Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen dio Matinéetara bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk