Itzuli dira Miramongo Matineak

Albisteak, Gipuzkoa

Akelarre Abesbatza eta Vocalia Taldea abesbatzek, ‘Living Room Music’ perkusio-ikuskizunak, Cuivres en Pays Basque taldearen metalek eta Euskadiko Orkestrako hainbat ganbera-taldek osatzen dute Miramongo Matinéeen ziklo berriko 16 musika hitzorduen sorta, eta abonamenduak salgai daude

Ensemble Oiassok emango dio hasiera zikloari larunbat honetan, urriak 8, 11:00etan, Beethovenen ‘Septimino’ obrarekin plater nagusi gisa. Sarrerak 11 eurotan daude salgai hitzordu honetarako eta Denboraldiko beste guztietarako

Urriaren 8an, larunbata, hasiko da Euskadiko Orkestraren egoitzan Miramongo Matinéeen 2022-2023 Denboraldia; hiru hamarkada baino gehiago daramatza zikloak Euskadiko Orkestraren programazioan kalitatezko musika alternatiba bat eskaintzen. Sortu zenetik Kutxa Fundazioaren babesa duen zikloak ekainaren 3ra arte iraungo du, eta guztira hamasei hitzordu hartuko ditu barne.

Euskadiko Orkestrako ganbera-taldeek hartu ohi dute zikloaren programazioaren zati handi bat, eta Denboraldi hau ez da salbuespena izango. Harizko eta haizezko instrumentu ezberdinen zenbait formaziok errepertorio klasikoko eta ganbera-musikako beste altxor ezkutuago batzuetako obrak deskubritzen jarraituko digute: Sexteto Apasionado, Hemiola Laukotea, Belle Époque Laukotea, Haize, Arima Boskotea edo Cuivres en Pays Basque, Iparraldeko orkestretako eta Euskadiko Orkestrako ia hogeita hamar bat metalezko haize instrumentistaz osatutako formazio bitxia.

Hala ere, formatu horretatik aldentzen diren proposamenak ere ikusiko ditugu. Esate baterako, Euskadiko Orkestraren perkusio-sekzioak etxeko elementuekin egindako perkusio-ikuskizunari ekingo dio berriro, Living Room Music. Musika Gela hezkuntza zikloan hain modu arrakastatsuan estreinatu zen ekoizpen hau ezin izan zen aurkeztu Matinéeetako pasa den denboraldian pandemiaren ondorioz. Aipatzekoa da, halaber, lurraldeko bi abesbatza izango direla kontzertu banatan: Akelarre Abesbatza eta Vocalia Taldea. Proposamen horiek guztiek menu erakargarri bat osatzen dute, eta bertan edonork aurki dezake bere altxor berezi eta propioa.

Hona hemen Miramongo Matinéeen Denboraldiko egutegia:

Ensemble Oiassok inauguratuko du Matinéeen Denboraldi berria larunbat honetan

Euskadiko Orkestraren zazpi musikarik osatzen duten Ensemble Oiassok emango dio hasiera larunbat honetan, urriak 8, 11:00etan, Miramongo Matinéeen ziklo berriari, ‘Danubioko soinuak: Budapestetik Vienara’ izeneko kontzertuarekin. Laura Balboa (biolina), Delphine Dupuy (biola), Gabriel Mesado (biolontxeloa), Paloma Torrado (kontrabaxua), Luis Cámara (klarinetea), François Proud (fagota) eta Cristian Palau (tronpa) dira taldekideak.

Ensemble Oiassok bi obra interpretatuko ditu Matinée honetan: Zoltan Kodalyren Hari triorako intermezzoa eta Ludwig Van Beethovenen Septiminoa.

Kodaly XX. mendeko hungariar konpositore garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Bere Intermezzoa, harizko hirukoterakoa, Denboraldiko lehen Matinée honen hasieran entzungo dena, 1905 ingurukoa da. Garai horretan hasi zituen musikagileak isolatutako herriak bisitatzeko bidaiak Hungariako abesti herrikoiak biltzeko xedearekin. Landa-lan horren guztiaren ondorioz, doinu folklorikoak paper garrantzitsua betetzen du Kodalyren musikan. Intermezzoan Hungariako benetako doinu folklorikoen soinuak ugariak dira, eta ez hainbeste ijito-musika, Brahms bezalako austriar eta alemaniar konpositoreek doinu hungariar gisa ezagun egin zuten musika. Mugimendu bakarreko obra honek serenata erlaxatu baten izaera du.

Kontzertu honetako obra nagusia Beethovenen Septiminoa izango da, 1800eko apirilean arrakastaz estreinatu zena haren 1. Sinfoniaren aurkezpena ere barne hartu zuen programa baten baitan. Espirituan eta forman, Septiminoak XVIII. mendeko divertimentoen ereduari jarraitzen dio, entretenimendu arinagoa mugimendu labur batzuetan. Hala ere, mugimendu ia sinfoniko batekin irekitzen da, sarrera geldo batekin, eta ondoren, bakarlarientzat aukera lirikoak eskaintzen dituen adagio batekin. Minuetoa Beethovenen Pianorako 2. Sonatako tema batean oinarritzen da, 1796an konposatua. Tema horretan, eta ondorengo bariazioetan, konpositore alemaniarrak eskura duen barietate instrumental guztia erabiltzen du. Tronpak scherzo landatarrari hasiera ematen dio, eta hirukotearen sekzio kontrastagarriak biolontxelorako melodia xarmanta aurkezten du. Martxa solemne batek amaierari bide ematen dio, presto argitsu eta dotore bat.

Abonamenduak eta sarrerak

16 kontzertuetarako abonamenduak 96 euroko prezioa orokorra du, eta 75,20 euroko tarifa berezia onuradunentzat (65 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak, orkestrako beste zikloetako abonatuak, Kursaal Eszenako abonatuak, Kutxabankeko K26 eta K26+ txartelen titularrak, Eureka! Zientzia Museoko lagunak eta Musikene). Jada eskuragarri dago orkestraren bulegoetako telefonora deituz (943 01 32 32) edo euskadikoorkestra.eus webgunean.

Sarrera solteek 11 euroko prezio bakarra dute eta salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, eserleku librerik balego, orkestraren egoitzako leihatilan bertan erosi ahal izango dira dagokion kontzertuaren egunean.

Autobus-zerbitzua

Kontzertuak larunbatetan izango dira, goizeko 11:00etan, Euskadiko Orkestraren Miramongo egoitzan. Horietara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus zerbitzua eskaintzen jarraituko du Matinéetara bertaratu nahi duen ororentzat. 10:25ean abiatzen da Gipuzkoa Plaza 4 zenbakitik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk