Mondragon Korporazioko 200 kooperatibak baino gehiagok hartu dute parte teknologiako euskal sarearen proiektu pilotu batean

Araba

Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak sustaturiko proiektu horrek 153 proiektu proposatu ditu, eta horietako 39 aukeratu dira, interes handia ez ezik, merkatura iristeko ahalmen handia ere badutelako. Bost hilabete lanean eman ondoren, enpresak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak harremanetan jartzeko hiru lan-talde antolatu dira gaurko jardunaldian. Eusko Jaurlaritzak euskal enpresetara –batik bat, ETEetara– zabalduko du baterako proiektu hori aurten.

Spri, 28/03/2012

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Mondragon Korporazioarekin batera, ‘Mondragon Open Innovation’ jardunaldia antolatu du gaur, euskal enpresa-sareak behar duen berrikuntzan aurrera egiteko.

Berrikuntza Irekiko ekimen aitzindari horren helburu nagusia enpresa-proiektu berritzaileak sustatzea da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen gaitasunak enpresen premiekin elkartuz.

Mondragon Korporazioko kooperatibekin eginiko proiektu aitzindaria dugu, eta zientziaren eta teknologiaren alorrean aukerak eta premiak bilatzeko eta hautatzeko barne-prozesu bat gauzatu dute kooperatiba horiek. Zientziaren eta teknologiaren alorreko euskal agenteen sarearen eskura jarri dira premia horiek; izan ere, agente horiek premia horietarako konponbide zehatzak aurkitzeko dituzten gaitasunak eta esperientzia aurkeztu dizkigute.

Bost hilabete iraun du prozesu guztiak, eta Mondragon Korporazioko 200 kooperatibak baino gehiagok, IK4 Aliantzan txertatutako 8 Zentroek, Tecnaliak, Euskadiko hiru Unibertsitateek, Ikerketa Kooperatiboko 7 Zentroek (IKZ) eta beste 10 berrikuntza-zentrok hartu dute parte bertan.

Parte-hartze aktibo hori agerian geratu da egin dituzten 153 ekarpenetan; horien artean, guztira 39 aukeratu dira, interes handia ez ezik, merkatura iristeko ahalmen handia ere badutelako, eta hiru foro espezializatutan aurkeztuko dira aukeratutako 39 ekarpen horiek. Gaur Garaia Berrikuntza Gunean egingo den Jardunaldian gauzatuko diren foro horietan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak enpresekin arituko dira eztabaidan proposamenen gainean, enpresa-garapenerako eta -dibertsifikaziorako lankidetza-proiektuak abiarazteko, eta enpresa berri, negozio-kontzeptu berri edota enpresen produktu eta prozesuetako funtsezko hobekuntza bihurtuko dira lankidetza-proiektu horiek.

2012an, Eusko Jaurlaritzak Berrikuntza Irekiko ekimen hori euskal enpresa-sare osora –eta oso bereziki, ETEetara– zabalduko du, proiektu pilotu horretan erakutsitako gaitasunak, esperientzia eta ahalmenak aprobetxatuz.

Proiektu horren alderdirik garrantzitsuena zera da, berrikuntza irekiko jardun aitzindaria dela eta emaitza nabarmenak izango dituela: negozio-linea berriak, produktu eta zerbitzu berriak eta merkatu berriak; horretaz gain, berrikuntza aplikatzearen ondorioz, enplegu kualifikatua ere sortuko du. Proiektu horrek gure enpresen negozioan neurtu ahal izango den inpaktua edukiko du.

Inaugurazio-saioan honako hauek hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak, Korporazioko Kontseilu Nagusiaren presidente José Mari Aldecoa jaunak, Mondragonen Berrikuntza, Sustapen eta Jakintzaren zuzendari nagusi Javier Sotil jaunak, Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Xabier Sabalza jaunak eta Mondragonen BAC Business Aceleration Center-en zuzendari Mikel Orobengoa jaunak.

Ekitaldiaren inaugurazioan, José Mari Aldecoa jaunak adierazi zuen jardunaldi hori “Euskadiko erakunde- eta enpresa-agente guztiekin lankidetzan jarduteko dugun nahiaren beste seinale bat dela”, eta horretaz gain, “lankidetzan proaktiboagoak izan behar dugula” ere esan zuen, “gure enpresa-ekimen berrien sustapena biziagotzeko politika aktiboak sortzeko”.

Bestalde, Bernabé Unda sailburuak proiektu pilotu horren garrantzia nabarmendu du, “merkatura zuzendutako berrikuntza teknologikoa aplikatzea” baitakar, hots, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren politikaren ardatz nagusietako bat aplikatzea.

Konbentzioak 40 lan-saio paralelo inguru izango ditu, eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sistemaren beste hainbeste hizlarik beren proposamenak aurkeztuko dizkiete Mondragonen enpresei.

Aurkezpenen eskaintza programatua zabala da, eta hainbat gai biltzen ditu, hala nola “Nutrigenetika+Nutrigenomika”, “Electric power-train”, “ordenagailuz lagundutako softwarea kirurgiarako” edota “kirol-produktu adimentsuen belaunaldi baterantz”.

Mondragonen kooperatibetatik eta Euskadiko Zentro Teknologikoen Euskal Saretik datozen ehun bat pertsonak hartu dute parte ekitaldi horretan.

Partekatu

Beste berri batzuk