Munduari bira emateko bost partitura

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Mundubira musika bidelagun proiektua aurkezten du; hau da bere ekarpena Juan Sebastian Elkano euskal marinela protagonista izan zuen munduari egindako lehen biraren 500. urteurrenaren oroitzari.   

Proiektu honen baitan, bost obra enkargatu zaizkie beste hainbeste euskal konpositoreri, musika jar diezaieten espedizioaren zati ezberdinei eta, guztiak batera bidaiaren osotasuna islatuko dute.

Robert Treviñoren zigilua daraman proiektua da eta euskal kultura eta musika babesteko bere ahalegin berezia erakusten du hilabetetako lanaren emaitza den proiektu honek. 

Jakina da euskaldunek presentzia eta protagonismo nabarmena izan zutela munduari egindako lehen biran. Espedizio hartan, Juan Sebastian Elkanok ezinbesteko rola jokatu zuen, eta bera izan zen bira egiten lehen marinela. 2019ko hasieratik 2022ra arte espedizio haren bosgarren mendeurrena izango denez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, herrialdean kultur erreferente bat izateko duen bokazioaren baitan, garrantzizkotzat jo du Elkano aztertu, ikertu eta arakatzeko lanean ekarpena egitea, betiere musikaren arlotik.

Ibilbide honetan berebiziko garrantzia izan du Robert Treviño zuzendari titularraren lanak, nork euskal musika garaikidearen sorkuntzan sakontzen jarraitu duen. Gainera, modu berezian murgildu da Eresbilen (Euskal Musikaren Artxibategia) eta bere ikuspegi artistikoa partekatu du gure Elkano eta bere mundubira musikala egituratzeko ahalbidean.

Hausnarketa-prozesu honen emaitza gisa, eta gure historiarekiko konpromisoaren erakusgarri, Euskadiko Orkestrak musika-abentura berri honi ekin dio. Getariako marinelak egindako bidaia gogora ekarriz, bost euskal konpositoreri proposatu die beste hainbeste konposizio sortzeko, argibide bakar bezala emanez bidaiaren zati ezberdinetan zentratzea. Musika-zati guztiak elkartzean, munduaren bira osatuko da, erabat berritzailea den musika-ikuspuntu batetik.

Horrela, bada, 2019/2020, 2020/2021 eta 2021/2022 Denboraldietan barrena estreinatuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bost enkarguak. Horietako bakoitza programa bereizi banatan aurkeztu eta grabatuko da, eta proiektuaren amaieran CD bakarrean argitaratuko dira guztiak. Ibilbide hau guztia eta emaitza izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Elkano eta bere bidaia ezagutzera emateko egingo duen ekarpen nabarmena.

Horixe izango da Mundubira 500: Elkano Fundazioarekin bat egiteko modua Orkestrarentzat. Elkanoren ezagutza sustatzeko eta oraindik ere hainbat alorretan nahiko ezezaguna den bere historiari buruz ikertzen jarraitzeko proiektuak koordinatzeko helburuarekin sortu da fundazio hau.

Bost konposatzaileak honakoak dira, enkargu eta estreinaldi hurrenkeraren arabera: Mikel Chamizo, Mikel Urquiza, Joël Mérah, Teresa Catalán eta Zuriñe F Gerenabarrena. Bost egileak hainbat euskal lurraldetakoak dira eta zenbaki horrek espedizioan abiatu ziren bost ontziei egiten die erreferentzia.

Mikel Chamizo (Tolosa, 1980):

“Espedizioaren irteera, 1519” (estreinaldia 2019ko udazkenean)

Mikel Urquiza (Bilbo, 1988):

“Hego Amerika” (estreinaldia 2020ko udaberrian)

Joël Mérah (Clichy, 1969):

“Ozeano Barea, Asia” (estreinaldia 2020ko udazkenean)

Teresa Catalán (Iruña, 1951):

“India, Afrika” (estreinaldia 2021eko udaberrian)

Zuriñe F Gerenabarrena (Gasteiz, 1965):

“Itzulera, 1522” (estreinaldia 2022ko udaberrian)

TESELAri jarraipena ematen

Orkestrak 30 urte bete zituenean gauzatu zen TESELA proiektuak hasi zuen zirkulua marrazten jarraituko du musika-proiektu berri honek.

Orduan jatorri ezberdinetako sona handiko konpositoreei zortzi obra eskatu zitzaizkien. Euskal kultura ideia komun bakartzat hartuta musika garaikidearen mosaiko bat osatzen zuten teselak ziren. Hain justu orain planteatutakoaren kontrakoa izan zen hura. Orduan, nazioarteko konpositoreek Euskal Herrian jarri zuten begirada, oraingoan, berriz, Elkanoren begirada honen bidez, euskal musikagile hauek bidaiatzera eramango gaituzte lehen mundubira hura gogora ekarriz. Bi kasuetan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak argi utzi du sorkuntzaren sustatzaile dela, eta kultur balio handiko musika-ondarea utzi(ko) du.

 

Partekatu

Beste berri batzuk