Nazioarteko kontratu bat 4 milioi eurokoa lortu du AZTIk, eta atuna zientifikoki markatzeko munduko kanpaina garrantzitsuenetako baten buru izango da

Bizkaia

  • Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) jarri du martxan kanpaina, eta Ozeano Atlantikoan Atunak Markatzeko Programaren parte da
  • Europako eta Afrikako sei herrialdetako zenbait ikerketa-zentrok parte hartzen duten partzuergo baten buru izango da AZTI
  • Uztailean hasiko da kanpaina, eta lau milioi euroko aurrekontua du
  • Euskadin jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen jarraitzeko asmoz, AZTIk EAEko San Juan de Dios CB armadoreak parte hartzea bultzatu du; zeregin garrantzitsua izango du kanpainan
  • Bildutako informazioa baliagarria izango da atun tropikalen hiru espezie horien arrantza modu jasangarrian kudeatzeko

AZTI_Iñigo_Onandia_marcadoAtlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT, ingelesezko izenetik ateratzen den sigla) Ozeano Atlantikoan Atunak Markatzeko Programa (AOTTP, ingelesezko izenetik ateratzen den sigla) jarri du martxan, Europar Batasunak eta ICCATko beste bazkide batzuek finantzatuta. Makroproiektu hau ur horietan atunak markatzeko orain arte egin den kanpaina garrantzitsuenetako bat da, eta, proiektu horren esparruan, AZTI aukeratu dute Ozeano Atlantikoan 44.000 atun markatzeko kanpaina baten buru izateko (AOTTOP proiektuan markatu beharreko guztien herenak markatuko ditu). Herrialde hauetako itsas ikerketako zenbait zentrok eta adituk parte hartzen duten nazioarteko partzuergo baten buru egongo da AZTI: Boli Kosta, Ghana, Senegal, Espainia (Kanariak), Frantzia, Portugal (Azoreak), Cabo Verde eta Estatu Batuak. Programa hori onartzeak agerian uzten du AZTIK itsasoko baliabideen erreferentziazko erakunde gisa duen nazioarteko proiekzioa, batez ere tunidoen azterketan. Lau milioi euroko aurrekontua du proiektuak, nagusiki Europar Batasunak ICCATren bidez finantzatuta, eta uztailean hasiko da.

AZTIko ikertzaileak nazioarteko partzuergo baten buru jarriko dira Atlantikoko lau eremu hauetan atun tropikalak markatzeko: Afrikako mendebaldea, Gineako golkoa, Kanariar uharteak eta Azore uharteak eta Madeira. Uztailean hasiko da programa Senegal, Mauritania, Maroko, Cabo Verde eta Ginea Bissauko uretan, eta 11.000 marka jarriko dituzte hiru hilabetean. Ekainetik 2017ko urtarrilera bitartean, Espainiako Ozeanografia Institutuko (IEO) kideek 6.500 atun markatuko dituzte Kanariar uharteetan. Ekainetik urrira, Itsasoko Institutuko (IMAR, Portugal) ikertzaileek 4.500 marka jarriko dituzte Azore uharteen eremuan. Udazkenean, Gineako golkoan jarraituko dute ikerketarekin, Guinea Conakry eta Angolaren iparraldea bitartean, eta 22.000 marka jarriko dituzte. Hori guztia AZTIko ikertzaileek koordinatuta.

Atun hegats-horietan, lanpo sabelmarradunetan, atun mojetan eta bi eskonbrido txikitan (lanpo bularpikarta eta Acanthocybium solandri) hainbeste marka jarri beharrak agerian uzten du programaren dimentsioa eta garrantzia. Programa horren bidez, zenbait atun-espezieren mugimenduak eta migrazioak, stock-egitura, populazioaren tamaina eta portaera ezagutuko dira. Datu horiek lortuta, azterketa-eremuko kostaldeko herrialdeei eta Ozeano Atlantikoko herrialdeei aholkularitza zientifiko hobea eman ahalko zaie.

Bilduko den informazioa lagungarria izango da kontserbazio-neurri egokiak hartzeko, Atlantikoko atun tropikalen baliabideen kudeaketa jasangarria, eta, beraz, arrantza-tokien kudeaketa egoki bat, egin ahal izateko. Horrez gainera, Atlantikoko kostaldeko herrialdeen hazkunde ekonomikoa eta elikadura-segurtasuna indartzeko balioko du programak.

AZTI da programan parte hartzen duten itsas ikerketako zentroen nazioarteko partzuergoaren buru. Hauek osatzen dute partzuergoa: Espainiako Ozeanografia Institutua (IEO), Dakar Thiaroyeko Ikerketa Ozeanografikoen Zentroa (CRODT, Senegal), Ikerketa Ozeanologikoen Zentroa (CRO-CI, Boli Kosta), Itsasoko Institutua (IMAR, Portugal), Itsasoko Arrantza Tokien Ikerketa Saila (MFRD, Ghana) eta Arrantza Garapenaren Institutu Nazionala (Cabo Verde). Haietaz gainera, Garapenerako Ikerketa Erakundeko (IRD, Frantzia) eta Hawaiiko Unibertsitateko (Estatu Batuak) ikertzaileek parte hartuko dute.

Kanpainarik luzeena, Hondarribiko itsasontzi batean

Afrikako uretan markatzeko kanpaina, kanpainarik handiena eta markarik gehien jarriko dituena baita, Aita Fraxku beita biziko arrantzako ontzian egingo da. Aita Fraxku Hondarribikoa da (Gipuzkoa), eta horrek argi uzten du AZTIk zer interes duen EAEko enpresekin lankidetzan aritzeko, bere ikerketa-proiektuek tokiko ekonomian eragina izan dezaten.

Aita Fraxku ontzian eta kanpainan parte hartzen duten gainerakoetan, ohiko markak (espageti-erakoak) eta marka elektronikoak jarriko dituzte. Plastikozko gailu kodetu bat izaten da marka, markatze-data eta lekua-adierazten dituena. Harrapatutako arrainaren datu biologikoak (espeziea eta neurria) eta harrapaketa-datuak (eguna, ordua eta posizioa) biltzen dira, eta bizkarrean ohiko marka jartzen zaio berriro uretara bota aurretik. Beste ontzi batek arrain hori berriro harrapatzen duenean, bildutako informazioa ICCATra bidaltzen da, eta han, berriro harrapatu dituzten gainerako arrainekin batera aztertzen da. Hala, hasierako eta amaierako informazioa konparatuz, zenbait aldagai —hazkuntza eta migrazioa, adibidez— zehaztu daitezke, eta datuok oso interesgarriak dira arrantza-sektorearentzat eta sektore zientifikoarentzat.

Proiektu honetan, tenperatura-, ura- eta sakonera-sentsoreak dituzten marka elektroniko sofistikatuagoak ere erabili nahi dira (tenperatura-sentsoreen bidez, animaliaren barne- tenperatura nahiz uraren kanpo-tenperatura neurtuko dira). Informazio hori mikrotxip batean gordetzen da; horri esker, marka berreskuratutakoan, arrain hori zehatz-mehatz non egon den eta zer ibilbide egin duen kalkula daiteke. Marka horiek peritoneo-barrunbean ezartzen dira kirurgia bidez, eta arrainaren jarraipen estua egiteko aukera ematen dute. Artxibatutako informazioa deskargatzeko, AZTIra bidali behar da marka.

AZTI, nazioartean erreferentzia-zentroa tunidoak markatzeko kanpainetan

AZTI munduan erreferentziazko ikerketa-zentroa da atunak eta bestelako espezieak markatzeko kanpainetan. Kanpainak diseinatzen, koordinatzen eta garatzen ditu, itsasoan arrainak markatzeko eta askatzeko lanak egiten ditu, eta markek ematen duten informazioa biltzen eta analizatzen du. Kanpaina garrantzitsuetan parte hartu du AZTIk; besteak beste, Indiazko Ozeanoan egin zen kanpainan, non 160.000 arrain markatu baitziren 2005 eta 2007 artean.

2012 eta 2013 artean, berriz, IEOrekin eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin lankidetzan, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) finantzatutako kanpaina bat koordinatu zuen. Mediterraneoan eta Ekialdeko Atlantikoan hegalaburra markatzeko kanpaina izan zen. Kanpaina horretan, 6.419 atun markatu eta itsasoan askatu zituen AZTIk. Horrez gain, Markaketa (2001-2015) programa koordinatu du AZTIk: Bizkaiko golkoan atunaren migrazioa aztertzeko Eusko Jaurlaritzak finantzatutako programa bat izan da. Programa horren barruan, 3.500 hegaluze eta hegalabur baino gehiago markatu ziren, eta haietako batzuek Atlantikoan zeharreko migrazioak egin zituzten.

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk