NEIKER-Tecnaliak Euskal Autonomia Erkidegoko lur kutsatuen arrisku ebaluazioa egiteko TRIAD metodologia ezartzen parte hartzen du
Metodologiak hiru ebidentzi lerro lantzen ditu: kimikoa, toxikologikoa eta ekologikoa
TRIAD metodologia zigilatu gabe dagoen zabortegi baten ondoko lursailean aplikatu da
NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak arrakastaz aplikatu du TRIAD metodologia, lur kutsatuen arriskuak ebaluatzeko. TRIAD metodologia BERRILURek erabili du, hau da, NEIKER-Tecnalia, Tecnalia Research & Innovation, GAIKER eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) hainbat departamentuk osatutako I+Gko partzuergoak.
TRIAD metodologia zigilatu gabeko zabortegi baten inguruan dagoen bi hektarea inguruko lursail batean probatu da. Emaitzak adierazten duenez, lur horren arriskua onargarria da erabilera natural bat emateko, eta horrek esan nahi du ez dela arriskutsua lur natural bati elkartutako zerbitzu ekosistemikoak emateari dagokionez.
TRIAD metodologiari jarraituz, teknikariek hiru ebidentzi lerrotako hainbat parametro neurtu dituzte: kimikoa, toxikologikoa eta ekologikoa. Parametro kimikoen artean, besteak beste, kutsatzaileen kontzentrazio totalak eta bioerabilgarriak kalkulatu dira; toxikologikoak biosaiakuntzen bitartez zehaztu dira; eta, azkenik, ekologikoak landaredi, fauna edo lurreko mikrobio komunitateetan duten eraginetik abiatuta neurtu dira.
Lurraren kutsaduraren arriskuak ebaluatzeko egindako lana orain dela gutxi argitaratu da Science of the Total Environment (Gutiérrez y cols., 2015; 514: 49-59) aldizkari espezializatuan. TRIAD metodologia interesgarria da EAEko lur kutsatuetan erabiltzeko, oso metodo osatu eta zorrotza delako.
Hamar urte baino gehiago lurraren osasuna lantzen
Berrilur osatzen duten erakundeek elkarrekin dihardute, orain dela hamar urte baino gehiagotik, lurraren osasuna ebaluatzeko hainbat alderditan, bereziki, kutsatutako lurren karakterizazioa eta diagnostikoa egiteko eta erremediatzeko, konposatu organiko eta inorganikoekin.
Lur kutsatuak kudeatzeko, legediak arriskuaren ebaluazioa egitera behartzen du, eta lur bat kutsatu moduan deklaratu ahal izateko irizpideak ezartzen ditu. Lur bat kutsatuta dagoela esaten da pertsonen osasunerako edo, dagokionean, ingurumenerako arriskutsua bada.
Lurren kutsadura kimikoa, giza jardueren ondorioz sortzen dena, ingurumenerako arazo larria da eta ekosistemenen funtzionamendu arruntari eragiten dio. Horren oinarrian dago lurrak garrantzi handiko hainbat zerbitzu ekosistemiko ematen dituela, horien artean nutrienteen birziklapena, materia organikoaren deskonposizioa eta janari eta erregaien hornidura.
Neiker-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehenengo sektorearentzat
Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea irabazi asmorik gabeko sozietate publiko bat da, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mende dagoena. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiategietan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.