NEIKER-Tecnaliak fitosanitarioen beharra % 50eraino txikiagotzea lortu du mahastiaren gaixotasun ohikoenak tratatzeko
Ingurumen-jasangarritasunera bideratutako doitasun-mahastizaintzaren erabilgarritasuna frogatzea helburu zuen FITOVID proiektuaren zati dira emaitza horiek
Hiru urte iraun duen ikerketa, Arkautiko sektorearen transferentzia-jardunaldiaren eskutik bukatu da
FITOVID proiektuaren emaitzak aurkeztu dira: mahastiari aplikatu beharreko fitosanitarioen kopurua % 50eraino txikiagotzea lortu da. NEIKER-Tecnalia, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren menpeko erakundea izan da ikerketa horretako burua. Izan ere, ikerketaren helburu nagusia hau izan da: fitosanitarioen aplikazioak murrizten badira mahats-ekoizpenaren ingurumen-inpaktua txikiagotzea posible dela frogatzea. FITOVID proiektuan, NEIKER-Tecnaliak ez ezik, AZTIk, Tecnaliak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak (UPC) ere parte hartu dute, kide gisa.
Mildiuaren kasuan, behar diren tratamendu-kopurua % 50 murriztea lortu da eta oidioaren kasuan, % 20, upategiak edo mahastizainak aplikatutako ohiko ereduarekin parekatzen bada. Murrizketa honi esker mildiuaren kasuan %28ko aurrezpen ekonomikoa lortzeko aukera egongo litzateke eta oidioaren kasuan %90ekoa. Emaitza horiek Arkautin egindako jardunaldi batean jakinarazi dira; jardunaldi horretan mahastizaintzako hainbat agentek parte hartu dute eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuorde Bittor Oroz izan da.
FITOVID proiektuak hiru urte iraun du eta Arabako Errioxako mahastien eta txakolinaren gaixotasun ohikoenak diren mildiu eta oidio gaixotasunen tratamendua izan du xede. Bi zona geoklimatikoetan (Arabako Guardia eta Gipuzkoako Aia) kokatutako lursailetan lan egin da: lursail horietan hainbat produktu fitosanitario aplikatu dira eskualde bakoitzeko mahatsondo-barietate adierazgarrienean, hots, Guardian Tempranillo barietatean aztertu da eta Aian Hondarrabi Zuri barietatean. Ikerketan hauxe egin da: lursail horietan maneiu-teknika berriak eta fitosanitario ohikoenak erabili dira eta ‘zero hondakin’ izeneko fitosanitarioen erabilera ebaluatu da ohiko produktuen hautabide moduan.
Lursailak azpi-lursailetan zatitu ziren tratamenduen eskema desberdinak aplikatzeko 2015 eta 2016. kanpainetan. Lortutako fruituak eta uztak EHUn aztertu ziren, fitosanitarioek lurrean, uretan eta mahastiko produktuetan (mahatsa, muztioa eta ardoa) nola irauten zuten baloratzeko. Eta AZTIn horiek izaki bizidunengan zuten toxikotasuna eta bioeskuragarritasuna aztertu ziren, zebra-arrainaren entseguen eskutik. Tecnaliaren laguntzarekin, giza begiak landarean sintomak ikusi aurretik mildiua antzemateko gailua garatu da, gaixotasuna eragiten duen mikroorganismoaren infekzio-presioa gutxitzeko lehen tratamendua aplikatzea erabakitzea erraztuko duen tresna gisa. Eta UPC-k mahastizainei eta sektoreko teknikariei makinaria aplikatzailearen kalibraketaren gaineko prestakuntza eman die, eta azpimarratu du ekipamendu horiek egoera ezin hobean egon behar dutela ingurumenari fitosanitario gutxiago botatzen eta laboreari karga justua ematen laguntzeko, azken produktuan gehiegizko kargarik egon ez dadin.
FITOVID proiektua, Plagiziden Erabilera Jasangarriaren gaineko 2009/128/CE Europako Zuzentarauaren arabera burutu da. Zuzentarau horrek, plagiziden erabilera jasangarria lortzeko esparrua sortu du, hain zuzen ere, plagizidak erabiltzeak gizakiaren osasunean eta ingurumenean eragiten dituen arriskuak eta ondorioak murriztuz, izurriteen kudeaketa integratua sustatuz eta ordezko plangintza edo teknikak proposatuz, hala nola, plagiziden ordezko teknika ez kimikoak.