NEIKERek eta FARMARABAk Omega 3 ekoitzi dute itsasoko landare organismoetatik abiatuta

Araba

NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea eta FARMARABA, SL enpresa proiektu bat garatzen ari dira elkarrekin, itsasoko landare mikroorganismoetatik abiatuta Omega 3 ekoizteko xedearekin. Amaierako helburua  gantz azido preziatu hori lortzeko teknologia propioak garatzea da, FARMARABAren ekoizpen planta batean aplikatu ahal izateko.

 

Zentro teknologiko ikertzaileek, sektore bioteknologikoan eta nekazaritzako elikaduraren sektorean esperientzia egiztatua dutelarik, Omega 3 eduki handia duten irinak lortu dituzte, itsasoko hainbat landare mikroorganismo hartzitzeko prozesuen bitartez. Teknikarien nahia da gantz azidoa ekoizteko mikroorganismorik egokienak identifikatzea eta isolatzea. Halaber, balio nutrizional handiagoa duten eta elikaduran aplikatzeko egokiak diren irinak lortzeko hartzidura baldintzarik onenak ikertzen ari dira.

Omega 3 mikroorganismoen hazkundeari bidez lortzeko teknologia industria bioteknologiko gorakor baten oinarria da. Horregatik, Neiker-Tecnalia eta Farmarabak teknologia propioak garatzeko eta Omega 3 ekoizteko gai izango diren mikroorganismo berriak identifikatzeko lankidetza aktiboan dihardute, izan ere, osagai funtzional horrek gero eta eskari handiagoa dauka balio nutrizional handiko elikagaiak lantzeari dagokionez.

Proiektua FARMARABA SL etxeak finantzatzen du, zeina Elgorriaga BRANDS Taldeko kidea den, 2010ean sortua. Konpainia sektore bioteknologikoan kokatuta dago, eta garapen betean dabilen sektore batean ikertzearen alde egin du: elikaduran erabiltzeko osagai funtzionalen ekoizpena eta komertzializazioa.

Elikagai osasungarriagoen bila.

Kontzientzia kolektiboa sortzen ari da elikatzeko ohiturak hobetzeari eta produktu naturalak kontsumitzeari buruz, osasunaren eta ongizatearen bila. Kontzientzia sozial horrek elikagai berritzaileen eskaria bultzatu du, nutritiboagoak eta osasungarriak izateko formulatuta. Elikagaien merkatuak hainbat urtetik hona zuntz eduki handikoa produktuak eskaintzen ditu, gantz gutxikoak, esnegaingabetuak edo azukre gutxikoak, baina elikagai osasungarrien eskaera handitzen doa, eta kontsumitzaileek produktu berriak bilatzen dituzte, osasunerako funtsezkoak diren konposatuak dituztenak, horien artean Omega 3 gantz azidoak.

2000. urtean mundu osoan Omega 3 duten 140 produktu berri atera ziren, eta 2009. urtean, berriz, 2.000 produktu inguru izan ziren, hau da, elikagaien merkatuko produktu berrien ia %3. Omega 3 duten produktuen merkatuak hazten jarraituko du Europan, urtero %24ko erritmoan 2014. urtera arte, Frost & Sullivan aholkularitza etxeak egin berri duen azterketa baten arabera.

Partekatu

Beste berri batzuk