Neikerek hainbat pinu bota ditu, haizearekiko duten erresistentzia analizatzeko
Esperimentu teknikoa gaur Bilbon egin den ‘FORRISK: Haizeak baso masetan kalteak eragiteko arriskua’ izeneko mintegiaren zatia da.
Adituek pinuen erroen erresistentzia eta enborraren indarra neurtu dute, altzairuzko kableekin bota eta gero.
Haizeak zuhaitzetan duten eragina ezagutzea oso garrantzitsua da baso masak kudeatzeko.
Mintegian haizeak Euskal Herriko baso masetan kalteak eragiteko arriskuaren lehen mapa aurkeztu da.
Azken egunotan NEIKER-Tecnalia-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuko teknikariek zuhaitz batzuk bota dituzte Artzentaleseko Bizkaiko herriko mendietan, haizearen eragina simulatuta. INRA nekazaritzako ikerketarako Frantziako institutuko basogintzako adituek, NEIKER-Tecnaliako teknikariekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariekin batera, adin desberdineko pinu beltzak bota dituzte, haizeteekiko duten erresistentzia ezagutzeko eta ikusteko ea zer-nolako indarra eduki behar duen haizeak zuhaitz horiek Euskal Herriko baldintza berezietan botatzeko. Esperientzia oso interesgarria da baso masen kudeatzaileentzat, zuhaitzak hobeto kudeatzen eta landaketen banaketa edo zuhaitza mozteko unerik egokiena aukeratzeko unean haizearen aldagaia sartzen lagunduko dielako.
Basogintzako sektoreko ekoizleak, basozainak, baso teknikariak eta ikertzaileak, beste profesional batzuen artean, elkartu egin dira simulakroa gertutik ikusteko. Zuhaitzak altzairuzko kableekin bota dira, haizearen indarra imitatuz, eta kableek sentsoreak zituzten zuhaitzak botatzeko beharrezkoa den indarra neurtzeko. Pinu beltz bakoitzak hiru inklinometro zituen jarrita, zuhaitzaren kontra egindako indarraren arabera zenbat inklinatzen zen erregistratzeko. Horrela, erroen erresistentzia eta enborraren indarra zehaztu ahal izan dira, zuhaitza haizearen indarra jasateko duen gaitasuna ezagutzeko funtsezko parametroak baitira.
Gaur goizean egindako esperientzia, NEIKER-Tecnaliak Bizkaiko Foru Aldundiarekin, HAZIrekin eta EFI Europako Basogintzako Institutuaren eskualde bulego atlantikoarekin elkarlanean Bilboko Bizkaia Aretoan gaur egin den ‘FORRISK: Haizeak baso masetan kalteak eragiteko arriskua’ mintegiaren zati bat da. Jardunaldia “FORRISK-Basoen kudeaketan eta basogintzan arriskua txertatzeko sistemen garapenerako sarea” izeneko proiektu europarrean baitan sartzen da. Ekimena FEDER fondoek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordetzak elkarrekin finantzatu dute. Mintegia Bilbon egin da, 2014ko Europako Baso Hiria delako.
Jardunaldiak Euskal Herrian haizeak dituen ezaugarrien mapa zehatza aurkezteko balio du, eta mapa jada baso ekoizle eta kudeatzaileen eskura dago. Mapa INRA nekazaritzako ikerketetarako Frantziako institutuko ikertzaileek egin dute, eta horretarako Euskalmet Meteorologiako Euskal Agentziaren sarean anemometroak dituzten 57 estazio meteorologikoen informazioa erabili dute.
Haizearen kalteak kalkulatzeko tresna bat
Kongresuan egon direnek ForestGALES tresna ere ezagutu ahal izan dute. Tresna horrek haizeak baso masetan eragin ditzaketen kalteen probabilitatea kalkulatzea ahalbidetzen die baso kudeatzaileei. ForestGALES, berez, Britainia Handiko lurralderako sortu zen, eta INRA, NEIKER-Tecnalia eta HAZIko teknikariek euskal geografiaren ezaugarrietara egokitu dute. Aplikazio berritzaile hori oso baliagarria da jarduketa zehatzak erabakitzeko (adibidez: landaketetarako esparruak; basoetako esku-hartzeak, hala nola bakanketak edo bakantzeak), kontuan izanik haizeak lursail bakoitzean kalteak egiteko dagoen probabilitatea.
Tresnari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, beharrezkoa da ezagutzea intereseko espezieen erroek duten erresistentzia eta haien enborren indarra ere bai, bai eta zuhaitzak hazten diren lekuetan dabilen haizeak dituen ezaugarriak ere. Hala, ba, gaurko simulakroa eta haizearen euskal mapa ForestGALES eredua garatzeko funtsezko bi pieza dira.
Muturreko haizeteak gero eta sarriago klima aldaketa dela eta
Klaus zikloiak (2009) eta Xynthia zikloiak (2010) 200.000 metro kubo egur baino gehiago bota zituzten Euskal Herritik pasatu zirenean, orduko 228 kilometro baino gehiagoko haize boladak eraginda. Aurreikuspenen arabera, mota honetako muturreko fenomeno hauek gero eta sarriagoak izango dira klima aldaketaren ondorioz. Hortaz, beharrezkoa da baso sektoreak haizearen ondoriozko arriskuei aurre egin ahal izateko informazioa eta tresnak edukitzea.
NEIKER-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat
NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa da. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiapenetan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.