NEIKERek “Sektorea Saretzen” sarea sortu du nekazaritzako elikagaien sektoreko ikertzaile eta eragileak elkartzeko

Bizkaia

Lankidetzak ahalbidetuko du ikerketa sektorearen beharretara eraginkortasunez bideratzea

Ikerketarako estrategia parte hartzaileak nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera hobetzen lagunduko du, ekoizpenaren eta ingurumen ikuspegitik

NEIKERNekazaritzako elikagaien sektorearen beharrak modu eraginkorragoan detektatzeko, eta ikerketako behar horiei erantzuna ematera bideratzeko helburuarekin, Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak “Sektorea Saretzen” sarea sortu du. Sektoreko profesionalen eta zientzialarien arteko lankidetzak ikerketa interes handieneko gaietan zentratzea ahalbidetuko du, eta ezagutza modu eraginkorrean transferitzea. Horrek nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien hobekuntza ekarriko du, produkzioaren aldetik eta ingurumenaren aldetik, eta landaguneen jarduera iraunarazten ere lagunduko du.

“Sektorea Saretzen” egitasmoaren helburua Neiker-Tecnaliako adituek eta nekazaritzako azpisektoreetako pertsonek osatutako Lantaldeak sortzea da.  . Sarea sortu berria da, eta dagoeneko hainbat Lantalde osatu da, esne ardi azienda, baratzezaintza edo zerealen azpisektoreetakoak. Dagoeneko lantzen ari da egitasmoa Sare osora zabaltzea. Halaber, horrek I+G gaietarako lankidetza markoak adosten lagunduko du, azpisektore bakoitzeko eragile esanguratsuekin.

Lantaldeek gabeziak eta hobetzeko aukerak identifikatuko dituzte ikerketa proiektuetan lantzeko. Neiker-Tecnaliak proiektu horietan lan egingo du nekazari, abeltzain eta basoginekin batera. Sektoreko eragileek ikerketa prozesu osoan zehar hartuko dute parte: arazoaren formulazioan, proposatutako irtenbideen garapenean eta emaitzen interpretazioan, baita finantzazioa elkarrekin bilatzen ere. Lan molde horri ikerketa parte hartzailea esaten zaio, eta, bere horretan, parte hartuko duten eragileentzako ezagutza iturri izango da. Nekazaritzako elikagaien sektoreko pertsonen eta Neiker-Tecnaliako adituen arteko lankidetzak bizkortuko du ikerketen emaitzak ekoizpen prozesuetan txertatzea.

Europako berrikuntza sustatzeko egitasmoa.

Sektorea Saretzen berrikuntza sustazeko europar egitasmoaren barruan kokatzen da eta Europako Berrikuntzako Elkarteen (AEI) bidez artikulatzen da. Nekazaritza Produktiboko AEIren helburua nekazaritza produktiboagoa lortzea da, baliabide gutxiago erabilita eta ingurumenean eragin txikiagoarekin, ezagutza sortzen duten zentro, nekazari, enpresa eta aholkularitza zerbitzuen arteko loturak eginez.

Europako egitasmoa Euskadira trasladatu da Landa Eremurako Berrikuntza eta Lankidetzako Estrategia Biziaren bidez (BLEB). Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadura Politikako Sailburuordetza lanean ari da lehen sektoreak, landa eta itsas munduak eta elikagaien industriak elkarlanean sortutako egitasmo berritzaileak garatzeko laguntzak emateko helburuarekin. Estrategia horrek ahalbidetuko du, lankidetza, jakin-min eta esperimentazioaren kultura apurka-apurka lan egiteko ohiko modu bihurtzea. Nekazaritza, abeltzaintza eta baso sektoreetan eta landaguneetan ezagutzen transferentzia eta berrikuntza sustatzea da gaur egungo lehentasunetako bat landa garapeneko politiketan, bai Europan, bai Euskadin.

Partekatu

Beste berri batzuk