Neuroendekapenezko gaixotasunekin loturiko zuntz amiloideak detektatzeko metodologia berria aurkitu dute

Bizkaia

Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA aldizkarian argitaratutako ikerketak Alzheimer, Parkinson edota gaixotasun prionikoak diagnostikatzeko metodo berriei ateak ireki dizkie

Urrezko nanopartikulak eta zuntzak lotu eta modu helikoidalean antolatutako egituren seinale optikoa behatzean datza teknika

Luis Liz MarzánParkinson eta neuroendekapenezko bestelako gaixotasunetan (Alzheimerra edo prionikoak, kasu) egon ohi diren proteinetatik abiatuta, ikertzaile talde batek metodo berria garatu du zuntz amiloideak detektatzeko. BiomaGUNE IKZ, bioGUNE IKZ eta Anbereseko, Extremadurako eta Vigoko Unibertsitateak aritu dira elkarlanean.

Gaizki itsatsitako proteinetan oinarritutako egiturak dira zuntz amiloideak, eta antolaketa helikoidala dute. Gogor lotzen dira elkarren artean, eta kentzeko bereziki zailak diren egiturak sortzen dituzte. Neuroendekapenezko gaixotasunak, hala nola Alzheimerra eta Parkinsona, edota gaixotasun prionikoak (behi eroak, etab.) pairatzen dituztenen entzefaloan agertzen dira zuntz-egitura horiek, eta neuronen heriotza dakarte. Aipatutako gaixotasunek, gainera, ezaugarri hau dute komunean: gaizki tolestutako proteina jakin bat hedatu eta metatzearen ondorioz, zuntz amiloide delakoak eratzen dira.

Gauzatutako ikerketa-lanaren emaitzak Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA aldizkarian argitaratu dira, eta neuroendekapenezko gaixotasunak diagnostikatzeko metodo berriei ateak ireki dizkiete. “Garuna kaltetu ez ezik, gorputzeko beste atal batzuetan ere zuntz horiek sortzen direla uste da. Beraz, dauden probak osatzeko lagungarria den analisi-sistema litzateke. Ikuspuntu oinarrizkoago batetik, teknika horri esker, ikerketa zinetikoak egin daitezke; alegia, baldintza ezberdinetan zuntzak zein abiaduratan eratzen diren aztertu daiteke, prozesua bizkor dezaketen parametroak zein diren ulertzeko edota prozesua eteteko”, azaldu du Luis Liz Marzánek, biomaGUNE IKZko zuzendari zientifikoak. Liz Marzán Ikerbasque programako ikertzaile ere bada, CIBER-BBN talde bateko burua eta Detection of Amyloid Fibrils in Parkinson´s Disease Using Plasmonic Chirality lana koordinatu eta zuzendu du.

Diziplinarteko proiektua

Argia ikusi berri duen proiektu horri 2017an ekin zitzaion, Marie Slodowska Curie proiektu batek Europar Batasunaren finantzaketa lortu zuenean. Horrenbestez, Jatish Kumar doktorea batu zen Luis Liz Marzánek biomaGUNE IKZk duen taldera eta, Euskadiko eta nazioarteko zentroetako hainbat lantalderekin batera, diziplinarteko proiektu bat abiarazi zen. Jatish Kumar izan da ikerketa gauzatu duen taldeko ikertzaile nagusia eta Luis Liz Marzán, berriz, koordinatzailea eta zuzendaria. Elena López eta Aitziber Cortajarena (biomaGUNE IKZ) proteinak eta zuntz amiloideak prestatzeaz arduratu dira; Hasier Eraña eta Joaquín Castilla (bioGUNE IKZ), ordea, prioi eta garunen laginak prestatzeaz; Nathalie Claes eta Sara Balse (Anbereseko Unibertsitatea) mikroskopian eta tomografia elektronikoan aritu dira eta Víctor Martín (Extremadurako Unibertsitatea) eta Diego Solís (Vigoko Unibertsitatea) modelizazio konputazionalean.

“Diziplinarteko ikerketa izan denez, hizkuntza komuna aukeratu behar izan da kimikari, biokimikari, biologo eta fisikoez osatutako taldeen arteko lankidetzak funtziona zezan. Era berean, funtsezkoa izan da nanopartikula egokiak diseinatu ahal izatea, zuntzen arteko loturen dimentsio jakinak bermatzeko eta haien seinalea nahikoa indartsua izan zedin. Bestalde, gure klinikei esker, aplikaziora are gehiago hurbildu ahal izan gara”, aipatu du Luis Liz Marzánek, ikerketa arrakastaz burutzeko gainditu beharreko zailtasunak adierazi guran.

Proiektuaren konplexutasuna dela-eta, taldeek ekipamendu espezifikoa behar izan dute. Adibidez, proteinak ekoizteko eta arazteko teknikak erabili dira, bereizmen handiko mikroskopia elektronikoa, espektroskopia optikoa eta dikroismo zirkularra, baita tresna konputazional oso aurreratuak ere.

Partekatu

Beste berri batzuk