Neurorrehabilitazio-sistema berriak garatzeko teknologia aitzindaria duen laborategi bat jarri du martxan TECNALIAk
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago laborategia, eta hemiplegia, arantza bifidoa, disfuntzio neuromuskularrak eta halako patologiak dituzten pazienteen gaitasunak hobetzeko ikertuko du. Horretarako, gailu medikoen saiakuntzak eta errehabilitazio-tratamenduen pertsonalizazioa landuko ditu
TECNALIAk antolatuta, “Janzteko gailuak osasunerako” jardunaldia egin da Parke Teknologikoko egoitzan, eta han ezagutarazi ditu instalazio berriak. Neurorrehabilitazioko gailu medikoak garatzen dabiltzan 70 enpresa baino gehiago elkartu dira jardunaldian
TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak mugimendua analizatzeko Espainiako lehen laborategia jarri du martxan. Laborategiak teknologia aitzindaria du giza mugimendua analizatzeko —bereziki, gaixotasun neuromuskularrak dituzten pertsonena—, eta emaitzak tratamendu eta gailu medikoak optimizatzeko erabiltzeko. TECNALIAren Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoko instalazioetan dago laborategia, eta tresna medikoak garatzea du helburu, betiere bizi-kalitatea hobetzeko mugimena kaltetua duten pazienteei —hala nola hemiplegia (iktus baten ondoren), arantza bifidoa eta disfuntzio neuromuskularrak—. Horretarako, teknologia berriak garatuko dituzte, sektoreko enpresek egindako prototipoen saiakuntzak egin, eta klinikoek berek egin ahal izango dituzten errehabilitazio-tratamenduak pertsonalizatu.
Hala aurkeztu du laborategia Jesús Valero TECNALIAko Osasuneko zuzendariak, Estíbaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea ondoan zuela, TECNALIAk Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean antolatu duen “Janzteko gailuak osasunerako” jardunaldian, non errehabilitazioaren alorrean aditu diren 70 enpresa baino gehiago elkartu baitira.
Laborategira egindako bisitan, honela azaldu du Valerok: “gailu medikuak garatzea aukera bat da lehiakorragoak izan nahi duten eta beren ohiko jarduera dibertsifikatu edo etorkizuneko erronkekin bateragarri egin nahi duten enpresentzat”. Osasun-industria berritzailea sortzea —pertsonen eta merkatuaren eskakizunekin bat datorrena— sustagarri bat da gure industria lehiakorrago bihurtzeko. Haren bidez, aukera izango dugu sektore sofistikatu eta balio erantsi handiko batean sartzeko. TECNALIAn, teknologia berriak garatzen, aktiboak sortzen eta enpresei jarduten duten sektoreetan transferentzia teknologikoa egiten laguntzen diegu enpresei.
Aurkezpenaren ondoren, ADEMBIko (Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea) paziente baten errealitatea ezagutarazi dute. Irabazi asmorik gabeko erakundea da ADEMBI, eta gaixotasun hori duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten du. Pazienteak esklerosi anizkoitza du, eta errehabilitazioan laguntzen dion exoeskeletoa erabili du, laborategiaren ahalmena erakusteko, zeinak giza gorputzaren mugimenduak analizatzen eta modelizatzen baititu pazienteari tratamendu egokiagoa emateko eta gailu berrien garapena bultzatzeko.
Mugimendua neurtu, bizi-kalitatea hobetzeko
Laborategian, giza gorputza neurtzen da, eta neurketa horiek osasunaren arloan nola aplika daitezkeen aztertzen. Laborategiari esker, klinikoek eta enpresek funtzionalitateak maximizatzen dituzten soluzio berriak garatu eta aplikatu ahal izango dituzte —bereziki, errehabilitazioaren alorrean—, kontuan harturik, batetik, gorputzaren biomekanika eta, bestetik, garatu eta ontzat eman nahi diren gailuen ergonomia. Laborategian, besteak beste, exoeskeleto-teknologiak garatu eta probatuko dira, eta gaitz muskuloeskeletikoen prebentzioaren arloan ere lan egingo da.
Instalazioa berariaz prestatua dago aldi berean neurtzeko gorputzeko atal batzuen jarrerak (goiko eta beheko gorputz-adarrak, burua, toraxa, etab.), kanpoko indarra, aktibazio muskularrak eta are garuneko jarduera. Laborategia, halako ezaugarriak dituen Espainiako lehena eta munduko hirugarrena, ingurune egoki eta segurua da pazientearentzat, bi ekipamendu aitzindariri esker. Lehena, RYSEN sistema: ingurune segurua ematen die pazienteei (pisuari eusten dio neurri batean, eta erorketei aurrea hartzen die), eta libreki mugitzeko aukera ematen; terapeutak erraz euts diezaioke pazienteari, eta kasuan-kasuan pertsonaliza daiteke. Eta bigarrena, SIMI sistema: pertsonen higidura jasotzen du, inolako markatzailerik erabili beharrik gabe, eta, horregatik, erabiltzaileak libreago mugi daitezke.
Horrek hainbat abantaila ditu: terapeutentzat, lehenik, pazienteak errazago mugitzen direlako eta pazientearen bilakaera xehetasunez azter dezaketelako, eta, beraz, tratamendua pertsonalizatu; pazienteentzat, ingurune segurua delako eta esku-hartzea hobeto egokitzen delako haien beharretara; eta, azkenik, industriarentzat, aukera ematen diolako paziente errealen neurketetan oinarritutako teknologia berriak garatzeko eta garatzen dituzten gailuen eraginkortasuna ebaluatzeko.
Erreferentziako teknologiak Euskadin
“Janzteko gailuak osasunerako eta gaitz muskuloeskeletikoen prebentziorako” jardunaldian, osasunaren eta prebentzioaren sektorerako gailuak garatzeari buruz eta garapen horiek berei dakarzkieten aukerez eztabaidatu zuten sektorean erreferentzia diren enpresek eta klinikoek, hala nola Fondazione Santa Lucia, IMQ, Mutualia, ADEMBI, Biodonostia, Nissan, Iturri, Fesia, Gogoa, STT Systems, Biomech Solutions, Mutua Universal eta TECNALIA.
Halaber, teknologia aitzindariak aurkeztu dituzte. Adibidez, gaitz muskuloeskeletikoak izateko arriskua murrizteko sistema modular bat, Iturrirena; besoak gutxiago nekatzeko eta gerrialdeko lesioei aurrea hartzeko exoeskeleto bat, Mutualiarena; belaunaren errehabilitaziorako exoeskeleto bat, Gogoarena; mugimendua erregistratzeko 3Dko sistema bat, lanpostuan erabiltzeko eta ergonomia hobetzeko, Biomech Solutionsena; ibilketa errehabilitatzeko gailuak, estimulazio elektriko funtzionalean oinarrituak, Fesiarenak; jarduera fisikoari buruzko informazio zehatza biltzeko sentsore inertzialak, STT Systemsenak; eta erortzeko arriskua txikitzeko soluzio eramangarri bat eta substantzia aktiboak era kontrolatuan askatzen dituen txaplata transdermiko adimendun bat, TECNALIArenak.