Ceit centro teknologikoak kontrol adimenduneko teknologiak aplikatu ditu CircRural 4.0 europar ekimenaren barruan, landa-eremuetako araztegietan energia-eraginkortasuna eta ekonomia zirkularra bultzatzeko

Kontrol arloko soluzio honi esker, bigarren bizitza eman ahal zaie hondakin-uren arazketan sortutako hondakinei, eta Espainia eta Portugalgo bi instalaziotan inplementatu da

Unibertsitateek, zentro teknologikoek eta uraren arloko erakundeek parte hartu zute Europar Batasuneko Interreg Sudoe programak finantzatutako proiektu honetan

Teknologia digitalak hondakin-uren araztegietan (HUA) integratzeak eta hondakinen tratamendu zentralizatuak biogasa eta ongarriak lortzen lagun dezakete instalazio horietan sortutako hondakinetatik, landa-eremuan ekonomia zirkularra bultzatuz. Helburua hirietako araztegi handietan erabiltzen diren tratamenduen ordezko soluzio bat garatzea da, horiek landa-inguruneetan zuzenean aplikatzeko dauden mugapen ekonomiko eta logistiko handiei aurre eginez.

Horretarako, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) deritzoneko kide den Ceit zentro teknologikoak CircRural 4.0 europar proiektua lideratu du, hiri-eremuetako eta landa-eremuetako araztegien arteko eten teknologikoa murrizten eta instalazio horietan energia-eraginkortasuna zein ekonomia zirkularra sustatzen lagun dezaketen kostu txikiko soluzio berritzaileak garatzeko asmoz, Europako Itun Berdea delakoarekin bat etorriz.

Ceitek garatutako soluzioak arrakastaz inplementatu dira nekazaritza-produktibitate handia duten bi eskualdetan kokatutako egiazko bi araztegitan: Fregenal de la Sierrako (Badajoz, Espainia) hondakin-uren araztegian eta Charnecako (Lisboa, Portugal) hondakin-uren araztegian.

Kontrol adimenduneko teknologiak landa-eremuko hondakin-uren araztegietarako

Hirietako araztegi handiek tratamendurako teknologia berriak erabiltzen dituzte baliabideak berreskuratu eta energia-eraginkortasuna sustatzeko, baina horien aldean, oraingo proiektuak lehendik dagoen azpiegituran berehala instala daitekeen soluzio berritzailea proposatu du landa-ingurunerako, kostuak murriztuz, hondakin-uren araztegien energia-eraginkortasuna hobetuz eta baliabideen berreskurapena erraztuz.

Ildo horretan, Ceiteko Datuak Aztertu eta Informazioa Kudeatzeko taldea arduratu da kontrol adimenduneko soluzioa garatzeaz, araztegi txikietako fosforoa biologikoki ezabatu ahal izateko.

“Denbora errealeko kontrol adimenduneko algoritmoa garatu dugu, eta honi esker, amonioaren, nitratoen eta solidoen online neuketetatik abiatuta, modu automatikoan erregula daitezke lohien aireztapena eta ekoizpena, energiaren kontsumoa murriztu eta fosforoaren deuseztatze biologikoa sustatzeko”, azaldu du Ion Irizar Ceiteko taldeko zuzendarikideak.

Charnecako hondakin-uren araztegian lortutako emaitzen arabera, Ceitek garatu duen kontrol-soluzioen bitartez, % 25etik gorako murrizketak lor litezke energia-kontsumoan, baita % 75 inguruko errendimenduak ere, fosforoaren berreskurapen biologikoari dagokionez.

Hondakinei bigarren bizitza ematea

Ceiteko Uraren eta Hondakinen Taldea lohien tratamendu zentralizatuko teknologia berri baten prototipo pilotua eraikitzeaz arduratu da biogasa eta ongarriak ekoizteko. Prototipo hori Fregenal de la Sierrako (Badajoz) Hondakin Uren Araztegian instalatu da, eta urak arazteko prozesuetan sortzen diren hondakinei (fosforoa edo nitrogenoa, kasu) bigarren bizitza ematea lortu du.

Instalazio honen garapenerako, digestio lehorreko tratamendu anaerobikoa proposatu da, eta honen bitartez, landa-eremuko araztegietako lohiak tratatzeaz gain, nekazaritzako elikagaien industrietako hondakinak ere aprobetxatzen dira baliabideen berreskuratze-tasak handitzeko eta instalazioaren errentagarritasun ekonomikoa hobetzeko.

“Prozesu honek abantaila handia dakarkie landa-eremuko instalazioei, sortutako lohiak deshidratatzen baitira garraiatu baino lehen. Digestio lehorreko tratamendu honetatik, tratatutako lohiaren zati likidoa edo ‘digestatoa’ atera daiteke, honetan bildutako fosforoa eta nitrogenoa berreskuratzeko aukera erraztuz. Gainera, zati solidoa ongarri organikotzat erabil daiteke, laborantza-lurren ezaugarri kimiko, fisiko eta biologikoak hobetzeko”, azaldu du Irizarrek.

Interreg Sudoe europar programak finantzatuta, CircRural 4.0 ekimena aurrera atera duen partzuergoa Espainia, Frantzia eta Portugalgo unibertsitateek, zentro teknologikoek eta uraren arloko erakundeek osatu dute: Tolosa Okzitaniako Unibertsitatea, Lisboako Unibertsitate Berria, CTAEX (Badajoz), ITG (A Coruña), Ceit (Donostia), Promedio (Badajoz), Tajo Atlantikoko Urak (Lisboa) eta Reseau31 (Tolosa Okzitania). Gainera, EFE agentziak proiektuaren komunikazio-lanetan lagundu du.