Norberaren autonomia hobetzeko enpresa-lankidetzan oinarritzen den jardunaldia hartu du Gipuzkoako Parkeak
“Norberaren autonomia hobetzeko enpresa-lankidetza IKTen sektorean” tailerra egin da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, ASPAYM Madrid (Madrilgo Erkidegoko Paraplegiko eta Ezintasun Fisiko Handiko Pertsonen Elkartea) erreferentziatzat hartuta
Jardunaldi praktiko baten bidez, egungo IKTen eskaintza eta eskaria hurbilarazi zaie parte-hartzaileei. Diseinu-, fabrikazio- edota merkaturatze-prozesuen osagai berritzailea dira IKTak, norberaren autonomiarako baliagarriak, eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonei bizi-kalitatea hobetzen diete. Hortaz, alderdien arteko lankidetza sustatzeko eta proiektu edo lankidetza-hitzarmenak lortzeko erabil daitezke. Win-win (euskaraz, irabazi-irabazi) motako egitura litzateke hori, non alderdi guztiek irabazten duten.
Bestalde, osasun eta bizitza aktibo eta independentea sustatzen duten teknologien plataforma ere aurkeztu da: eVia. Kooperazio zientifiko-teknologikorako sareez osatuta dago, eta sektore jakin batean interesa duten erakundeak biltzen ditu. Alegia, industria buru dutela, zenbait alorretan –ikerketa, garapena eta ahalegin berritzailea– masa kritiko garrantzitsua mugiarazteko gai diren erakundeak.
Oraingoan, ASPAYM Madrid erreferentziazko elkarteko ordezkariak etorri dira geurera. Besteak beste, IKTen sektorearen barruan, enpresa-lankidetzak pertsonen autonomiarako zer-nolako garrantzia duen erakutsi dute kasu praktikoen bidez.