Elkarrizketa: Javier Fernández de Retana, AERNNOVA enpresako Erakunde Harremanetarako zuzendaria

Araba

Aernnova enpresa, egoitza Arabako Parke Teknologikoan duena, aeroegituren eta OEM nagusientzako osagaien diseinuan eta fabrikazioan espezializatutako enpresa aitzindaria da.

700 milioi eurotik gorako fakturazioa eta 4.700 langile baino gehiago dituen enpresa hau Espainiako Tier-1 nagusia da, eta hamargarrena mundu osoan.

1.- Ingeniaritza, osagai metalikoak, konpositeak… Nola laburbil dezakegu Aernnovan egiten duzuen lana?

Javier Fz de Retana IMG_6123 QUINTASAernnova lehen mailako hornitzailea da, aeroegituren kudeaketa integrala ingeniaritzan, konpositeetan, osagai metalikoetan eta produktu-euskarrietan espezializatutako negozio-unitateekin konbinatzen duena.

Gure trebetasunei esker, programa aeronautikoen erantzukizun osoa har dezakegu gure gain, honako hauena, besteak beste: kontzeptu- eta xehetasun-diseinuaren fasea, prototipoen fabrikazioa, entseguak eta ziurtapen-prozesuak, seriean egindako produkzioa eta, azkenik, salmenta-ondoko zerbitzua. Gainera, jarduera bakoitza modu partzialean ere landu dezakegu, gure bezeroen beharretara egokituta.

2.- Estatuan aitzindari izatea lortu duzue, eta zuen sektoreko munduko 10 enpresa garrantzitsuenetako bat zarete…

Hala da, bai. Izan ere, ia programa aeronautiko komertzial guztietan lan egiten dugu fabrikatzaile nagusiekin batera (Airbus, Boeing, Embraer, Bombardier, Sikorsky eta Bell Helicopter, beste batzuen artean), eta lehen mailako eta produkzio-gaitasun handiko ingeniaritza ere gauzatzen dugu Espainian eta merkatu nagusietan.

Aernnova, gainera, aitzindaria da karbono-zuntzezko teknologien eta materialen alorrean, eta hori funtsezkoa da sektoreak berriki bizi izan duen bilakaera eta etorkizunerako aukerak ulertzeko.

Horri guztiari esker, Aernnovak aitorpen ugari jaso ditu bezeroen aldetik, eta horixe da gure bermerik onena. Aitorpen horien artetik, azpimarratzekoa dira Airbus taldeak hornitzaile onenari emandako saria (Best Performer Award 2016) edo Enbraerrek Aeroegituren hornitzaile onenari ematen diona, zenbait aldiz eskuratu duguna, besteak beste joan den 2017 urtean.

3.- Zer rol betetzen du Aernnovan erantzukizun sozialak?

Aernnovak konpromiso handia du gizarte-garapenarekiko eta lan egiten duen komunitateen garapenarekiko. Gizarte Erantzukizun Korporatiboa (GEK) gure negozio-ereduaren oinarrietako bat da. Gure jokabidearen eta portaeraren gida den kode etiko bat dugu, zintzotasun- eta zuzentasun-estandar onenei eusteko, eta gure langileek eta familiek zuzenean parte hartzen dute gure GEK proiektuetan.

Adibidez, beste jarduera batzuen artean, “Alianza por la solidaridad” GKEri laguntzen diogu Senegalen gauzatzen ari den proiektuarekin lotuta. Gainera, odol-emaileen elkarteekin ere lan egiten dugu, eta 5+11 fundazioari ere laguntzen diogu. Azken hori Baskonia eta Deportivo Alavés kirol-elkarteen ekintza soziala eta elkartasun-konpromisoa ordezkatzen dituen erakundea da.

4.- Arabako Parke Teknologikoan duzue egoitza. Ingurune egokia al da zuenaren antzeko enpresa batentzat?

Bai, zalantzarik gabe; Arabako Parke Teknologikoak azpiegitura eta zerbitzu ugari eskaintzeaz gainera, harrotasunez esan dezakegu gure erabaki-gunea toki pribilegiatuan dagoela. Aireontzien munduko fabrikatzaile nagusiekin lan egiten dugunez, gure egoitza korporatiboak kalitatezko ingurunean egon behar du, eta horixe eskaintzen digu hain zuzen ere APTak.

Gainera, 600dik gora pertsonaz osatutako gure langile-taldeak Parke Teknologikoak antolatzen dituen hainbat jardueraz goza dezake (running, pilates, irakurketa-aretoa, hitzaldiak…).

 

Partekatu

Beste berri batzuk