Elkarrizketa: Saioa Mujika Errazkin, MERCANZAk iparraldeko eremuan duen ordezkaritzako zuzendaria

Gipuzkoa

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatuta dago Mercanza, eta erakundeen kudeaketa hobetzeko eta haien baliabideen produktibitatea areagotzeko soluzioak jartzen ditu bezeroen eskura; alegia, balio handiko zerbitzu sorta, bezeroen giza eta teknologia-baliabideak optimizatzeko.

1.- Zer nolako soluzioak eskaintzen dizkie Mercanzak enpresei?

IMG_20171123_114845Hiru motatako soluzioak eskaintzen ditugu. Lehenik eta behin, negozio adimendunak lortzeko soluzioak daude; hau da, enpresek informazio-sistemetan dituzten datuak aztertuta, beren negozioa hobeto ezagutzeko soluzioak. Gaur egun datu ugari daude, informazio ugari, baina kasu askotan ez dakigu informazio horri nola atera diezaiokegun etekina; ez dugu horretarako egokia den tresnarik. Qlik teknologia erabilita garatzen ditugu horrelako soluzioak. Esan beharra dago Qlik hornitzailearen partner garela 2002. urtetik, eta haren partner elite bilakatu ginela 2012an.

Erakunde bat aztertzerako orduan, negozioaren alderdi guztiak informazio-puntu bakarrean biltzeko aukera da Qlikek eskaintzen duen balio nagusietako bat. Ohiko kudeaketa-sistemek (CRM, ERPak…) ematen diguten informazioa haien bidez exekutatzen diren datuei eta prozesuei buruzkoa izan ohi da. Baina, normalean, enpresa baten informazio-beharra zeharkakoa da. Izan ere, ondorio zuzenagoak ateratzeko, jatorri ezberdinetako datuak aztertu behar dira.

Enpresa-kudeaketarako soluzioek (ERP, biltegiaren kudeaketa, mantentzea, inbentarioa, laneko arriskuen prebentzioa, etab.) osatzen dute Mercanzaren bigarren negozio-lerroa, eta erakundeen kudeaketa zein prozesuak optimizatzea dute helburu.

Azkenik, dokumentazioa kudeatzeko eta zereginak kontrolatzeko soluzioak eskaintzen ditugu. Horiei guztiei esker, enpresek etengabe hobe ditzakete kudeaketa, prozesuak eta haien baliabideen produktibitatea. Negozio-lerro horrek, besteak beste, Intranet eta dokumentuak zein edukiak kudeatzeko soluzioak hartzen ditu barnean.

2.- Zuen zerbitzu sortak sektore oso zehatza al du helburu, edo askotariko aplikazioetarako aukera ematen du?

Askotariko enpresetan ezar daitezke gure zerbitzuak: enpresa txiki eta ertainetan, enpresa handiagoetan, sektore publikoan zein pribatuan. Enpresa bakoitzaren tamainan eta beharretan oinarrituta, bikain egokitzen diren lizentziamendu moduak eskaintzen ditugu.

Ez dugu garapen-arlo espezifikorik, informazioa aztertzeko beharra dagoen edozein arlotan ezarri daitezkeelako gure soluzioak.

Egia da, baina, adibiderik ohikoenak hauek izan daitezkeela: aginte-koadro finantzarioak, komertzialak, analisi logistikoarekin loturikoak, GGBB eta beste. Betiere enpresen eraginkortasuna areagotzeko eta erabakiak hartzeko prozesua erraztea da gure asmoa.  Hala ere, aginte-koadro anitzagoak ere baditugu, hala nola kirolaren alorreko analisiak edo epidemiologia-analisiak.

3.- Mercanzaren beste indargune bat prestakuntza da. Qlik Prestakuntza Zentro Ofiziala zarete…

Bai, hala da. Qlik enpresak Espainian duen prestakuntza-zentro ofizial bakarra gara. Qlik teknologiak garatzeko eta diseinatzeko prestakuntza praktikoa eskaintzen dugu, gure bezeroek ahalik eta etekinik handiena atera diezaieten beren tresnei. Profil guztietako jendeak –negozio-analistetatik hasita profil teknikoagoa duten pertsonetara– egin ditzake ikastaroak.

Qliken ziurtapena duten prestatzaileek gidatzen eta ematen dituzte ikastaroak. Prestatzaile guztiek, gainera, eskarmentu zabala dute benetako proiektuak garatzen eta ezartzen.

4.- Gipuzkoako Parkean kokatzen da zuen enpresa, zalantzarik gabe, zientziarekin eta teknologiarekin loturiko inguru batean. Zer abantaila dakar horrek zuen enpresarentzat?

Mercanzak iparraldeko eremuan duen ordezkaritza Gipuzkoako Teknologia Parkean dago, toki estrategikoa baita enpresen eta ikerketa-zentroen arteko elkarlanerako.

Bestalde, oso inguru atsegina da lanerako, eta instalazioak oso zainduta daude.

5.- Zein dira Mercanzak dituen gainerako ordezkaritzak?

Donostiako ordezkaritzaz gain, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Alacanten, Las Palmasen, Ponferradan eta Bogotan ditugu egoitzak. Gaur egun, guztira 105 pertsonok osatzen dugu Mercanza, gehienak ingeniariak nahiz datuak kudeatzeko eta aztertzeko soluzioen garapenean adituak.

Partekatu

Beste berri batzuk