Osasunerako konposatu aktiboak ekoiztea eta ateratzea elorri beltzetik abiatuta

Bizkaia

Helburua da gaixotasun kardiobaskularrak, tumoralak eta neurodegeneratiboak prebenitzea Euskal Autonomia Erkidegoko lehengaiak erabiliz

0202830.jpgNEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko eta TECNALIA Research & Innovationeko ikertzaileak osasunerako konposatu aktiboak ekoiztea eta ateratzea aztertzen ari dira elorri beltzetik abiatuta. Proiektuaren helburua da gaixotasun kardiobaskularrak, tumoralak eta neurodegeneratiboak prebenitzea, elorri beltzaren fruituaren eta hostoen konposatu antioxidatzaileak aprobetxatuz.

Ikerketa bi erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko landare autoktonoetatik abiatuta osagai eta elikagai funtzionalak lortzeko egingo duten lanaren baitan kokatzen da. Proiektuaren lehen fasea zentro teknologikoak landatuko dituen EAEko elorri beltz autoktonoen prospekzioa egitea izango da. Hainbat saiakuntza egingo dira konposatu aktibo interesgarriak ekoizten dituzten anduiak detektatzeko, hostoan aipatu osagai mesedegarriak ugaritzeko laborantzako tekniken bitartez. Horik aurrera konposatu interesgarriak ekoizteko baldintzak ezarriko dira, suspentsio zelularrak erabiliz.

Helburua da konposatu aktibo antioxidatzaileak ekoizteko eta metatzeko gaitasunik handiena duten ekotipoak hautatzea, osagai edo elikagai funtzionalak garatzeko. Jarduera funtzionalaren arabera konposatu interesgarrien estraktuak lortuko dira, eta oinarriak jarriko dira labore autoktonoak ekoizteko bioekonomia bat garatzeko. Halaber, prozesu bioteknologiko aurreratuak ezarriko dira, balio handiko konposatuak sortzera zuzenduta, osasunaren arlorako. Ikerketa horiek guztiek lagundu egingo dute EAEko nekazaritza eta biozientzien sektoreak indartzen.

Azterketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak finantzatzen du, Berriker 2015 programaren bitartez.

Partekatu

Beste berri batzuk