“Parkea Musik Fest”, Parke enpresetako profesionalak biltzen dituen musika ekitaldia, Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio Campusera itzuliko da

Jaialdia ostegun honetan izango da 17:00etatik aurrera, Zamudio/Derio Campuseko Baserri Antzokian, eta jende guztiarentzat zabalik egongo da
“Calentando la banda”, “Stereorize” eta “Enne” DJ-ak hartuko dute parte Campusak talentua erakartzen eta fidelizatzen lagunduko duten sozializazio eta dibertimendu espazio bihurtzeko “BeParke Klubaren” parte den ekimenean
Datorren ostegunean, maiatzak 29, Euskadiko Parke Teknologikoaren Zamudio/Derio Campusak “Parkea Musik Fest” ekimenaren beste edizio bat hartuko du. Ekimenak, Parke ekosisteman lan egiten duten pertsonen talentu musikala ikusaraztea eta laneko ingurunetik harago topaketa gune bat sortzea du helburu.
BeParke Klubaren parte den ekitaldia “Erronka bat Parkearentzat” proiektutik sortu da. Euskadiko Parke Teknologikoa zein bertako profesionalen bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten ideiak eta proiektuak biltzera bideratuta dagoen berrikuntzarako ekimen irekia da. Lehen ediziotik, jaialdia Parkeko ekosistema kulturaren eta musikaren bidez indartzeko eta aberasteko funtsezko hitzordu gisa finkatu da.
Jardunaldia zuzeneko emanaldietan zentratuko da, hiru musika proposamenekin: “Calentando la Banda”, “Stereorize eta “Enne” DJ-a saioa ixteko.
Gainera, jaialdian zehar oso sari bereziak izango dituzten hainbat zozketa egingo dira, besteak beste, kirol-ekitaldietarako sarrerak, merchandisinga, sari gastronomikoak, Guggenheim Bilbao Museorako sarrerak eta jaialdi garrantzitsuenetarako bonuak, hala nola BBK Live eta Azkena Rock Festival.
Ekitaldia Zamudio/Derio Campuseko Baserri Antzokian egingo da, eta sarrera librea izango da interesatuta dauden guztientzat, Parke enpresetako langile izan edo ez. Talde bakoitzeko kide bat, gutxienez, Campusetako enpresaren bateko langilea da, eta banda bakoitzak ordu erdi inguruz joko du, baina musikaz gain zozketez, pintxoen eta edarien kontsumizioaz, jaialdietarako deskontu esklusiboak lortzeaz eta doako 150 kontsumizioz gozatu ahal izango da.
Saioa, pop/rock estiloko cover-errepertorioa duen “Calentando la banda” taldearekin hasiko da (17:30); ondoren “Stereorize” taldeak (18:15) rock melodikoa joko du, eta, azkenik, “Enne-rekin” DJ saio bat egongo da (19:00).
“Calentando la banda” taldeak, azpiegitura elektrikoak eta energetikoak monitorizatzeko, kontrolatzeko eta kudeatzeko soluzio teknologikoen garapenean eta fabrikazioan espezializatutako ZIV enpresan lan egiten duen partaide bat du. “Stereorize” taldeko abeslariak, berriz, berrikuntzan, eraldaketa digitalean, enpresa estrategian eta teknologian aholkularitza zerbitzuak ematen dituen LKS Next enpresan egiten du lan.
Parkea Musik Fest duela zortzi urte abian jarritako “Erronka bat Parkearentzat” programatik sortutako ekimena da. Dagoeneko hamabi edizio egin dira Donostia, Zamudio, Gasteiz eta Leioa Campusetan. Ekimenak Parke osatzen duten pertsonen talentua nabarmendu nahi du, eta lan giroa aisialdi, ongizate eta denbora libreko gune bihurtzea du helburu.
Ostegun honetan Zamudio/Derio Campusean izango dugun hitzorduari datorren irailaren 18an Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusean egingo den ekitaldiak jarraituko dio.
