Patxi Lopez Lehendakariak eta Cristina Garmendia Ministroak Europako Espalazio bidezko Neutroien Iturriaren Espainiako egoitza aurkeztu dute

Bizkaia

Patxi López lehendakariak eta Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroak gaur arratsaldean aurkeztu dute Leioa-Erandion Europako espalazio bidezko neutroien iturriaren Espainiako egoitza, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen baitan dagoen UPV/EHUko campuseko Zientzia Parkean kokatuko dena. Instalazioak partikula-azeleragailuen zientzia eta teknologiarako nazioarteko erreferentziazko laborategi bihurtzea du xede.

Horretarako jarritako karpa batean egin da ekitaldia, obrei ekingo zaien leku berean. Lehendakaria eta ministroa ez ezik, ESS-Bilbao zentroko zuzendari zientifiko eta CSICeko ikerketa-irakasle Javier Bermejo eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaia ere bertaratu dira.

Gaur aurkeztutako instalazio zientifikoaren guztizko inbertsio metatua 180 milioi eurokoa da eta 6 urteko epean gauzatuko da. Kopuru hori %50ean finantzatuko dute Estatuko Administrazio Orokorra-Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak. Zentroak 60 zuzeneko lanpostu sortuko ditu eta horietako asko goi-mailako prestakuntza duten langileentzat izango dira. Javier Bermejo irakasleak adierazi duenez, ESS-Bilbao potentzia-azeleragailuen zientzia eta teknologiarako erreferentziazko zentroa izango da. Hainbat aplikazio izango ditu, hala nola, industria aeroespaziala, nanoteknologia, bioteknologia, fusio nuklearra eta erradiofarmazia.

Berebiziko instalazio zientifiko-tekniko hau 175×50 metroko oina duen eraikin batean kokatuko da, non protoi-azeleragailu lineala —osagai nagusia— diseinatu eta fabrikatuko den. Makina konplexu honetan gailu, egitura eta barrunbe azeleratzaileez osatutako multzo batek partikulak azeleratzen ditu eremu elektromagnetikoak aplikatuz.

Jarduera hori gauzatzeko teknologiarik aurreratuena behar da eta baita alor horri dagokionez munduko zentro zientifikorik entzutetsuenetako batzuekin euskal laborategiak jada ezarritako lankidetza ere; zentro horien artean ISIS (Erresuma Batua), SNS (AEB), CERN (Suitza) eta IPN-Orsay (Frantzia) nabarmentzen dira. Halaber, ESSren osagaiak ikertu, garatu eta horiekin prototipoak eta probak egiteko zentro nagusia izango da egoitza, bai diseinu kontzeptualaren aurreneko berrikuntza-faseetan, bai xehetasun mailako diseinuaren eta eraikuntzaren garapenean eta ESS hobetu edo handitzeko etorkizuneko garapenetan.

Modu berean, komunitate zientifikoa urrutiko sarbide-estazio batez hornituko du ESSn saiakuntzak egiteko; adimen, hezkuntza eta hedapen-zentro gisa funtzionatuko luke Europako erdialderako eta hegoalderako. Ikertzaileek egoitzaren gaitasun eta instalazioei ere probetxu atera liezaiekete tresneria zientifikoa garatzeko, bai ESSrentzat bai beste instalazio zientifikoentzat.

Azpiegitura garrantzitsu hau eraiki eta abiaraztearekin batera, inguruko ekonomia dinamizatu ez ezik, eraikuntzan nahiz eragiketa-faseetan parte hartzen duten enpresen bikaintasun teknologikoa areagotuko da, oinarrizko zientzia eta benetako ekonomia uztartzeko asmoz zientzia eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa eginez.

Partekatu

Beste berri batzuk