PROIEKTUAK ETA BERRIKUNTZA SAREAN: Hondakinak erabiltzea kosmetikoak lortzeko
Ceit-IK4 zentroko hainbat ikertzaile lanean ari dira hiri-hondakin solidoak eta araztegietako lokatzak eraldatu eta kosmetikan, elikaduran edo bioplastikoetan erabiltzen den oinarrizko osagaian bilakatzeko
Ceit-IK4 zentroko Ura eta Hondakinak arloko ikertzaile-taldeko kideak bi proiektu garatzen ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta bi proiektuok xede bera dute: Gipuzkoan iraunkortasunaren aldeko estrategian aurrera egitea eta ekonomia zirkularrarekin bat datozen soluzioak eskaintzea.
Proiektu horietako batek, Proazetik izenekoak, hiri-hondakin solidoetako eta araztegietako lokatzetako zati organikoa kudeatzeko soluzio berritzailea eskaintzen du. Proiektu horri esker substantzia horiek azido azetikoan eta bestelako bioproduktu asimilagarrietan bilakatzen dira. Hondakinak azido azetikoan eraldatzen dituen biofindegi antzeko batean gauzatuko da. Osagai hori elikagaien industrian (kontserbagarriak eta pentsuak) nahiz kimikan (bioplastikoak, kosmetikoak, etab.) erabiltzen da. Hondakinak azido azetikoan bilakatzea fermentazio biologiko bidez egiten da, eta ondorengo etapan azido azetikoa kontzentratzen da.
Soluzio berritzailea da Gipuzkoarentzat, eta EBko ekonomia zirkularraren politikarekin sintonian dago.