Qatar Foundation-ek BCBL finantzatu du, eskola-umeen artean arabiera-ingelesa elebitasuna ikertzeko
Hezkuntza-sistema hobetzeko tresnak garatzen ari da Qatar emirerria, non bi hizkuntza erabiltzen baitira ikaskuntzan.
Ikerketaren diseinua eta datuen analisia Donostian egingo dira, eta aldi esperimentala, berriz, Qatarren gauzatuko da, Qatarreko Unibertsitatearekin lankidetzan.
Qatar Foundationek finantzaketa eman dio zentro donostiarrari, irakurtzen ikastearen eta hainbat desoreken –dislexia, kasu– gainean abangoardiako ikerketak egin ditu-eta.
Biztanleko errentari erreparatuta, Qatar da munduko herrialderik aberatsena. Berriki, nazioarteko bultzada eman du emirerriak, eta, ondorioz, bere zeregina geroz eta garrantzitsuagoa da, dela nazioarteko harremanetan dela kultur garaikidean, Qatar Foundationi esker, hein handi batean.
Erregai fosilen erreserbek betirako iraungo ez dutenez, aurrendari qatartarrak etorkizuneko sistema ekonomikoaren funtsak eraikitzen hasiak dira, hezkuntza oinarritzat hartuta. Bultzada horren parte izaki, Qatar Foundationek –Persiar golkoko herrialde horretako zientzia, arteak eta garapena sustatzeaz arduratzen den fundazioa– hitzarmena adostu du Basque Center for Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroarekin. Akordioaren bidez, milioi bat euroko finantzaketa bideratuko da arabierazko eta ingelesezko irakurketaren garapen elebiduna ikertzera. Halaber, kopuru horren herena Donostian erabiliko da, zuzenean.
Hezkuntza-erreforma berriaren ondoren, agintariak konturatu ziren Qatarreko ikasleak ez zirela emaitza akademiko desiratuak lortzen ari, nazioarteko estandarrarekin bat etorriz egindako azterketen arabera, hala nola, TIMSS edo PISA. Hezkuntza-sistema, mailaz maila, eraldatzea erabaki zuen Estatu qatartarrak, eta, aldaketa horien artean, hain ezberdinak diren bi hizkuntza, alegia, arabiera eta ingelesa, eskolan aldi berean ikastea jasotzen da. Horrek, beraz, erronka garrantzitsua islatzen du, kontuan hartuta hizkuntza biek oso desberdinak diren alfabetoak erabiltzen dituztela (arabiarra eta latindarra).
Abangoardiako ezagutza
Neurozientzia kognitibori dagokionez, nazioarteko abangoardiako ezagutza aplikatzean datza BCBLren zeregina. Hala, hainbat alderdi aztertuko dira, besteak beste, bi alfabetoekin irakurtzen ikasterakoan burmuinean ematen diren aldaketak, edo irakurtzen ikasterakoan dislexia zelan adierazten den. Hezkuntza-metodoak ez ezik, hezkuntza-programen kalitatea ere hobetzea da xedea.
Irakurtzen ikasteak burmuinaren egituran duen eraginari buruzko literatura zientifiko gehiena, batik bat, jatorri europarra duten hizkuntzekin –ingelesa edo gaztelania, esaterako– egindako ikerketen ondorio da. Izan ere, dislexia ez dago onartuta mundu arabiarrean, oro har, eta eskasak dira desoreka horri buruzko ikerketak, arabiera aztergaitzat hartuta.
Gainera, hizkuntza horrek hainbat berezitasun dituenez, besteren artean, ezkerretik eskuinera idazten dela, edo letra bakoitzaren forma ezberdina izan daitekeela hitzean duen kokapenaren arabera, BCBLren helburua ondoko alderdiak aztertzea da: batetik, ikaskuntza arabieraz eta ingelesez, aldi berean, ematen denean, burmuina nola egokitzen den; eta, bestetik, horrek hezkuntzan dituen ondorioak.
Dislexia
Interes berezia eskaintzen zaio ingelesez eta arabieraz irakurtzerakoan dauden zailtasunen arteko erlazioa aztertzeari. Dislexia ikertzeari dagokionez, BCBL da nazioarteko zentrorik garrantzitsuena ezagutzari erreparatuta. Berriki, zentro donostiarrean, gaztelaniazko dislexiari buruzko ikerketarik garrantzitsuena gauzatu zen, hots, COEDUCA. Bertan, 6 eta 12 urte bitarteko 5.000 neska-mutil espainiarrek parte hartu zuten, eta laster argitaratuko dira ondorio zientifikoak.
Datozen hiru urteotan gauzatuko da Qatar Foundationek finantzatutako eta BCBL zentroan diseinatuko den ikerketa. Zentroko zuzendari Manuel Carreirasek –ikerketa arlo horretako nazioarteko aditua– pertsonalki parte hartu du, beste ikertzaile batzuekin batera. Aldi esperimentala ikastetxe qatartarretan jarriko da praktikan, Qatarreko Unibertsitatearen laguntzarekin. Ondoren, lortutako datuak Donostian aztertuko dira, baita arabieraz eta ingelesez, aldi berean, ikasten duten neska-mutilei dislexia diagnostikatzeko tresnak diseinatuko ere.
Carreirasen arabera, “Hitzarmen horren bidez, beste behin ere, nola BCBL bera hala nazioartean duen jardun ona aitortzen dira, proiektua deialdi lehiakorrean eskuratu da-eta. Qatarrekin gauzatutako proiektuak finantzaketa- eta ikerketa-bide berriak irekitzen ditu hizkuntzaren batean irakurtzen ikasteari dagokionez –kasu honetan, arabiera–, oso gutxi ikertzen baita ikuspuntu horretatik”.
Ingelesak letra larriak eta xeheak ditu, arabierak, aldiz, ez du bereizketa hori egiten. Bestalde, azken hizkuntza horretan, letren forma aldatu egiten da kokapenaren arabera. Letra batek zenbait forma izan ditzake, zein kokapena duen: isolatuta agertzen bada, aurreneko posizioan, erdian edo amaieran. Ezberdintasun horiek guztiak garrantzitsuak dira jakiteko, adibidez, gure burmuinak nola prozesatzen duen letren irudikapen abstraktua, letren arteko alde bisualek zein eginkizun duten, zer nolako garrantzia duen letrek hitzetan duten kokapenak, eta nola prozesatzen ditugun letren kokapena eta identitatea hainbat alfabetotan. Morfologia da beste ezberdintasun garrantzitsuetako bat, arabiera –beste hizkuntza semitiko batzuen atzera, hebreera, kasu– hiru kontsonanteko erroez osatzen delako.
BCBLri buruz
Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) diziplinarteko ikerketa-zentro internazionala da, Donostian egoitza duena. Kognizioa, burmuina eta hizkuntza aztertzen dira bertan, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia zein ikerketa sustatzeko asmoarekin. BERC (Basque Excellence Research Center) zentroa da, eta hainbat bazkide ditu, besteak beste, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
Qatar Foundationi buruz
Irabazi asmorik gabeko erakundea da Qatar Foundation, 1995ean sortu zen, eta Mozah bint Nasser Al Missned xekesa da presidentea. Fundazioaren helburua da Qatar laguntzea, ezagutzaren ekonomiarako trantsizioaren bidean, giza-ahalmenaz baliatuz. Erakundeak ondoko alorretan metatzen ditu indarrak: hezkuntzan, zientzian, ikerketan, eta komunitate-garapenean.