SPRIren ahaleginari esker, InvEXPOrt azokan egin diren enpresa arteko bileren erdiak bere Kanpo Sareko kideekin egin dira

Bizkaia

–       Iazko edizioarekin alderatuta bikoiztu egin dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bitartez ematen dituen Nazioartekotze zerbitzuei buruzko bilerak.

–       Guztira 524 saio egin dira 70etik gora herrialdetan hedatuta dagoen SPRIko Kanpo Sarearen parte-hartzearekin.

–       Enpresak gehienbat Afrikan eta Ekialde Ertainean interesatu dira, eta zonalde horretako ordezkariekin eginiko bilerak hirukoiztu egin dira iazko kopuruarekin alderatuta.

IMG_3002Aste honetan InvEXPOrt nazioartekotze azoka egin da Bilbao Exhibition Centre-n (BEC), eta hara hurbildu diren euskal enpresak oso interesaturik agertu dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIko Kanpo Sarearen bitartez eskaintzen dituen zerbitzuetan. Guztira 524 lan bilera eskatu dituzte kanpo bulegoetako ordezkariekin, aurreko edizioko saio kopuruaren bikoitza eta asteazkenean eta ostegunean izandakoen ia erdia.

Guztira 165 enpresak bilatu dute SPRIk nazioartekotze arloan ematen duen laguntza eta aholkularitza. Gehienak Afrikan eta Ekialde Ertainean zeuden interesatuta, zonalde horri buruzko 129 bilera egin direlarik. Atzetik jarraitzen diote Europak (127) eta Latinoamerikak (111). Afrika eta Ekialde Ertainari buruzko bilera kopurua iazkoa baino hiru eta erdi aldiz handiagoa izan da. Herrialdeka, topaketa gehienak Mexikori buruzkoak izan dira (27), baita ere Aramiar Emirerriei buruzkoak (27) eta ondoren Txile eta Estatu Batuei buruzkoak, hogeita bosna bilerarekin. Edukiari dagokionez, gehienak herrialdeetan komertzialki sartzeari edo merkatu azterlanei buruzkoak izan dira.

SPRIko nazioartekotze sailak, 70 herrialdetara hedatzen den Kanpo Sare osoaren laguntzarekin, enpresa bakoitzaren neurrira eginiko zerbitzuak eskaintzen ditu atzerrira irteteko prozesu osoan. Hona hemen zer eskaintzen duen:

–       Xede diren merkatuen informazio eta analisia.

–       Merkatuan sartzeko laguntza: bazkide potentzialak, eragileak, banatzaileak eta bezeroak identifikatzea.

–       Merkatuan sartzeko laguntza: Agendak eta laguntzak “in situ”.

–       Produkzio-ezarpenerako laguntza: bazkideak identifikatzea, lurrak eta lokalak identifikatzea, legeriari buruzko oinarrizko informazioa, sozietateen eraketa, laguntza publikoak, zuzendaritza-karguen aurretiko aukeraketa.

–       Hornitzaileak identifikatzea.

–       Produkzio ezarpenetarako finantza-laguntza (Gauzatu Kanpo Ezarpenak)

–       Aldi baterako negozio-zentro bat aurkitzea.

–       Enpresen arteko lankidetza bultzatzea.

2013an SPRIren kanpo sareak 445 zerbitzu pertsonalizatu eman zizkien 244 enpresari eta 1.980 kontsulta puntual erantzun zituen. 2014ko abuztura arte 265 proiektu egin dira 140 enpresarentzat, eta 1.520 kontsulta puntual erantzun dira.

InvEXPOrt Espainiako enpresen nazioartekotzearen azoka handia da. Areto handi honen helburua da ideien, tresnen eta zerbitzuen katalizatzaile izatea Espainiako enpresak nazioartekotu daitezen, horretarako hobeto ezagutu behar baitute merkatuan dauden zerbitzuen eskaintza osoa (finantzaketa, prestakuntza, aholkularitza, bidaiak, laguntza publikoak, logistika…). Baita ere bilatzen da atzerriko sustapenarekin lotutako enpresa, antolakunde eta erakundeek aukera izan dezatela beren balio proposamenak ezagutarazteko.

 

Partekatu

Beste berri batzuk