Ramiro Gonzalezek arabarrei gonbita egin die “mundu oparoagoa eta solidarioagoa, atzean inor geratzen ez dena” eraikitzeko lan egitera
Hainbat arlotako 40 bat erakunde publiko eta pribatuk eratu dute Garapen Jasangarrirako Arabako Aliantza 2030
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak arabar guztiei eskatu die 2030 Agenda eta Nazio Batuen garapen jasangarriaren 17 helburuekin duen konpromisoa sendotzeko, eta, halaber, “inor atzean geratuko ez den mundu oparoago eta solidario baten alde lan egiteko”.
Horixe izan da gaur arratsaldean Artium Museoan Garapen Jasangarrirako Arabako Aliantza 2030 aurkezteko izan den ekitaldian Arabako diputatu nagusiak eman duen mezuetako bat. Ekitaldian, gizarte, kultura, enpresa, kirol eta hezkuntza arloko 40 bat erakunde arabarrek eta zenbait erakunde publikok Garapen Jasangarrirako Arabako Aliantza 2030 eratu dute eta, era berean, 2030 Agendarekin eta Garapen Jasagarriaren 17 helburuekin duten konpromisoa adierazi.
Arabako aliantzaren helburua da indarrak batzea eta nork bere jarduera eremutik laguntzea, Araban 2030 Agenda lortzeko, eta aitortzeko erakunde horiek guztiek azken urte hauetan egindako lana lurralde jasangarriagoaren alde eta pertsona ardatz duen garapenaren alde.
Aliantzaren aurkezpen ekitaldiak 40 bat erakunde arabarren babesa izan du, eta horien ordezkariek jendaurrean sinatu dute Agendarekin konpromisoa hartzeko adierazpena.
Hezkuntza alorrean honakoak nabarmentzen dira, besteak beste: UPV/EHU, Arabako Ikastolen Elkartea, Egibide, Ikaslan eta Kristau Eskola. Ekonomi eta enpresaren mundua ordezkatuz, SEA Arabako Anpresariak, Arabako Merkataritza Ganbera, ABRA, A&B Laboratorios, BIC Araba, Eroski, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kooperatiben Federazioa, Arabako Teknologia Parkea eta RPK izan dira. Kirol mundutik, honakoek sinatu dute adierazpena: Deportivo Alavés, Baskonia, Araberri Basket Club, Araski, Gaztedi Rubgy eta Zuzenak.
Gizarte erakundeen artean honakoak nabarmentzen dira: Unicef, Cáritas, Arabako Gurutze Gorria, CEAR Euskadi, Vital Fundazioa, Fernando Buesa Fundazioa, Unesco Etxea, Asociación de Derecho Colaborativo, Cocina de Guerrilla, Arabako SEADen Lagunen Elkartea, Munduko Landagunea eta Landako Emakumeen Sarea. Kultura arloan, Azalak, Kulturbidek, Teatro Paraísok eta Zinhebak egin dute bat adierazpenarekin.
Azkenik, erakunde publikoen artetik honakoek emandako atxikipena nabarmentzen da: Vitoria-Gasteiz, Agurain, Amurrio, Arratzua-Ubarrundia, Burgelu, Bastida, Legutio, Maeztu, Urizaharra eta Kuartangoko udalak eta Arabako Foru Aldundia.
Bederatzi konpromiso
Entitateen atxikipena izan duen adierazpenaren bederatzi konpromisoetatik lehena da indarrak biltzea eta jardun eremu desberdinetatik elkarlanean aritzea Garapen Jasagarriaren 17 helburuak lortzeko Araban. Horrez gain, konpromisoa hartzen dute Giza Eskubideak errespetatu, babestu eta sustatzeko pertsona guztientzat, inolako diskriminaziorik gabe. Era berean adostu dute beren erabakiek eta ekintzek lurralde seguruago, oparoago, inklusiboago, berdinzaleago, erresilienteago eta jasangarriago baterantz aurrera egiten lagunduko dutela.
Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna eta kultur aniztasuna sustatzea da, pertsona eta talde ahulenetan arreta berezia jarrita, beste konpromisoetako bat.
Entitateek konpromisoa hartzen dute, baita ere, eraginkortasunez eta jasangarritasunez baliatzeko natur baliabideak eta eraginkortasunez eta jasangarritasunez kudeatzeko produkzio prozesuak, betiere pertsonen ongizatea hobetzea edukiz jomugatzat. Konpromisoa hartzen dute, era berean, natur eta kultur ondarea kontserbatzen eta sustatzen laguntzeko, bereziki eraginez euskararen sustapenean eta erabileran.
Beste konpromiso bat da entitateen jarduna gidatzen duten printzipiotzat hartzeko elkarlana, lankidetza eta guztien onura, Arabako herrien eta lurralde osoaren nortasun-balio berezkoak berreskuratuz eta sendotuz. Azkenik, erakundeek konpromisoa hartzen dute 2030 Agenda eta Garapen Jasangarriaren Helburuak abiarazteko eta hedatzeko ekimenen alde egiteko eta aliantzan edo elkarrekin batera lan egiteko inor atzean geratzen ez den Araba bat eraikitze aldera.