Robot gidaria Donostiako Eureka! Zientzia Museoarentzat

Gipuzkoa

  • IK4-TEKNIKERrek diseinatu eta Kutxa Gizarte Ekintzak finantzatu duen kTBot robota da Eureka! Zientzia Museoko langilea gaur goizetik aurrera.
  • Autonomoki nabigatzeko gai da, bisitariak gidatzen ditu, hainbat gelatan edukiak aurkezten eta ekitaldietako ekintzetan laguntzen du.

Badira urte batzuk industriako sektore askotan dagoela robotika, baina diziplina hori orain ari da ustiatzen zerbitzuen sektorean irekitzen zaizkion aukera anitzak. Robotak fabriketatik irteten hasiak dira ospitale, egoitza eta baita etxeetan ere sartzeko. Robotikaren aplikazioak zabalduz doaz robot laguntzaile berriekin, zeinek langileei laguntzen dieten industriako nahiz zerbitzuen sektoreko hainbat eremutan edo kontzeptu berritzaileekin. Hala, zeregin espezializatuetarako robotak daude: mantentze-lanetarako, garbiketarako, zaintza eta segurtasunerako, garraiorako, etab.

Testuinguru horretan, euskal robotikak aurrerapauso handia eman berri du eta gaur goizean kTBot robota aurkeztu da Donostiako Eureka! Zientzia Museoan. IK4-TEKNIKERrek fabrikatu eta Kutxa Gizarte Ekintzak finantzatu du museoan gidari lanak egingo dituen kTBot robota.

Bere eginbeharren artean museoan antolatzen diren ekintzetan laguntza ematea dago, hainbat lan gauzatuz. Lehenik eta behin bisitarien gidari izango da: kTBot-ek taldeei lagunduko die bisitatu nahi dituzten geletaraino. Ibilbidean robota bisitariei zuzenduko zaie eta euren gidaria izango da modu atsegingarrian bitxikeri zientifikoak eta museoaren edukiekin loturiko mezuak adieraziz. Jendez gainezka dauden lekuetan oztopoak gaindituz nabigatzeko prestatuta dago kTBot.

Eureka! museoko gelen edukia bisitariei aurkeztea da bigarren egitekoa, aldez aurretik ezarritako bidea jarraituz. Bisitariek aurki dezaketenari buruzko azalpen txikia eskainiko du robotak gela bakoitzean. Jarraian, kTBot-ek bidearen hurrengo gelara eramango ditu bisitariak.

Museoan aldian behin hitzaldi, tailer, kongresu edo aurkezpenak ere egiten direnez, robotak laguntzaile-lanak egingo ditu ekitaldiotan. Hau da, bisitariei harrera egingo die eta lagunduko ditu, aurreikusitako ekintzak iragarriko, etab.

Robotikaren abangoardian

IK4-TEKNIKERreko taldeari erronka bat planteatu zitzaion, alegia, bereziki egokituta ez dauden, etengabe aldatzen diren eta pertsona asko dauden inguruetan integratzeko gai den robota egitea. Gainera, hainbat sistema sentsoriali esker, sortutako robota elkarreraginean aritu daiteke pertsonekin.

Hori lortzeko, kTBot autonomoki nabigatzeko kapaza da. Hau da, ibilbideak planifikatu eta gauzatu egin ditzake, oztopoak saihestu eta inguruan dituen pertsonak detektatu. Sentsore anitz ditu, forma leun eta atseginekoa da eta LED bidezko argiztapenaren bidez ulerterrazak diren mezuak erakusten ditu.

Gaur egun robotikak aurkezten dituen erronken aurrean, IK4-TEKNIKER aktiboki lanean dihardu teknologia garatzen eta esperientzia handia du soluzio robotizatuetan bai robotika industrialaren bai zerbitzu-robotikaren alorrean. Zentroa 5 proiektu-europarretan engaiatuta dago eta, IK4 Aliantzaren ordezkari izaki, euRobotics aisbl erakundearen –Europako Batzordeari aholkularitza ematen dio robotika ikertzeko– zuzendaritza-batzordearen kide sortzailea da.

Enpresen lehiakortasuna hobe dezakeen teknologia garatzea eta eskualdatzea da IK4-TEKNIKERren misioa. Zentroak egindako apustu estrategikoetako bat teknologia robotikoekin loturik dago. Modu argian lagun dezaketen teknologiak dira zentzu horretan eta horiei esker robotikaren hurrengo belaunaldiaren abangoardian dago IK4-TEKNIKER. Izan ere, zenbait alorretan gutxi barneratuta dauden aplikazio nahiz zerbitzu berriak ditu ezaugarri aipatu robot-belaunaldi berriak. Hainbat alderdik berebiziko garrantzia izango dute, besteren artean, segurtasuna, pertsona eta roboten arteko elkarlan estua eta garapen mekatroniko berritzaileak barneratzea.

Partekatu

Beste berri batzuk