Salgai sarrerak ‘Elkarrekin sortu’-rako, Euskadiko Orkestraren Denboraldiko lehen Musika Familian kontzertua
Gaurtik aurrera salgai daude ‘Elkarrekin sortu’-rako sarrerak; ikuskizun horretan publikoak eta musikariek elkarrekin musika-konposizioaren sekretuak ezagutuko dituzte. Urriaren 21ean Euskadiko Parke Teknologikoa, Donostia Canpusan Miramonen (12:00) eskainiko den kontzertu hau Musika Gela zikloaren 23/24 Denboraldiko familiei zuzendutako lehena izango da
Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloaren Denboraldi berria urriaren 21ean, larunbata, hasiko da, lehen Musika Familian kontzertu batekin. Elkarrekin sortu izeneko programa batean orkestraren Miramongo egoitzak kontzertu bat hartuko du 6 urtetik aurrerako haurrentzat, 12:00etan.
Kontzertuak premisa hau du oinarri: “Zein soinu du sentimendu edo animalia batek? Eta suak edo euriak? Gure sormena eta musika-teknologia erabiliz, publikoa eta musikariak elkarrekin jolastuko gara musika-konposizioaren sekretuak ezagutzeko”. Mikel Cañadaren —Musika Gelaren koordinatzailearen— gidoia duen eta Ana Hernandez Sanchiz aktoreak gidatuko duen ikuskizun honetan, ganbera-talde batek Ligeti, Saint-Saens, Grovlez edo Xostakovitx bezalako musikagileen lanak interpretatuko ditu. Hala ere, Suitzan bizi den Helga Arias bilbotarrak izango du protagonismorik handiena, bi obra idatzi baititu ikuskizun honetarako: Improvisación sobre obstinato eta Egunsentia-Ilunabarra (ensemble eta bideorako). Ganbera-taldea sei musikariz osatuta dago, eta horietatik bost Euskadiko Orkestraren kideak dira: Ortzi Oihartzabal (biolina), Marc Sirera (kontrabaxua), Sara Zufiaurre (klarinetea), Yuan Dai (fagota) eta Anthony Lafargue (perkusioa). Nacho Sotok osatuko du seikotea pianoan eta biolinean.
Kontzertu hauetarako sarrerak salgai daude 5 euroko prezioan 12 urtetik beherakoentzat, eta 8 eurotan publiko orokorrarentzat, euskadikoorkestra.eus webgunean edo Kursaaleko leihatilan. Kontzertuaren egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira Euskadiko Parke Teknologikoa, Donostia Canpusan, beti ere leku libreak geratzen badira.
Sentsibilizazio-tailerra kontzertuaren aurretik
Kontzertuaren aurretik, 10:45ean sentsibilizazio-tailer bat egingo da, osagarria, aukerakoa eta doakoa (kontzerturako sarrera duenarentzat), prestatzeko, elkarreragiteko eta esperimentatzeko. Tailer hauetan ikusleen eta musikarien arteko hurbiltasuna lantzen da eta gero kontzertuan gertatuko denaz gehiago gozatzeko aukera ematen dute. Tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea (edukiera mugatua: 30 pertsona) eta, horretarako, email bat idatzi behar da mcanada@euskadikoorkestra.eus helbidera.
Tailer zehatz honetan haurrek itsasoaren, suaren, haizearen, etab.-en soinuak sortzera jolastuko dute eta, ondoren, kontzertuan eszenatokira atera ahal izango dute, musikarien taldeari euren soinu-ekarpena egiteko. Haurrek egingo duten lana Helga Ariasen Egunsentia-Ilunabarra obran islatuko da. Aldez aurretik pentsatutako partitura badu ere, musikarien eta haurren arteko inprobisazio parte-hartzaileaz elikatuko da. Gainera, lan honen interpretazioarekin batera, pantailan bideo batzuk proiektatuko dira.
Askotariko proposamenez jositako denboraldia
Musika Gela zikloaren Denboraldi berria adin ugaritako publikoari zuzendutako askotariko proposamenez beteta dator. Zikloaren programazio osoari buruzko xehetasunak urri erdialdera emango dira ezagutzera.