Segurtasun sailburuak, Euskadin larrialdiei aurre egiteko kudeaketan Euskalmetek izandako garrantzia nabarmendu du
- Urteko lehen sei hilabeteetan, Euskal Meteorologia Agentziak 8 alerta laranja igorri ditu, 2012an igorritako 9 alerten aldean
- Sailburuak Euskalmeten egoitza bisitatu du, Arabako Teknologi Parkean.
Estefanía Beltrán de Hederia Segurtasun sailburua, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordearekin eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariarekin batera gaur goizean Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak Arabako Parke Teknologikoan duen egoitzan izan da.
Instalazioei egindako bisitan, Segurtasun sailburuak Euskalmetek larrialdien prebentziorako eta herritarren segurtasun eta babesa bermatzeko egindako funtsezko lana azpimarratu du. Segurtasun sailburuaren hitzetan “Euskalmetek iragarpen meteorologikoak emateaz gain, oso zerbitzu zabala eskaintzen du. Euskalmetek denbora errealean konektaturiko 110 bat estazio meteorologiko, ozeanografiko eta hidrologiko ditu. Administrazio guztien ahaleginak biltzen ditu sareak, izan ere hainbat instituzio dira beraren jabe (Udalak, Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sail…)“.
Era berean, Kapilduiko radar meteorologikoa, kostaldeko radarrak, profilagailua, irrati-zundaketa automatikoa, disdrometroak, erreka-aforoak, berauen ur-kalitatea, tximista detektagailua eta abarrekin batera sare horrek egunean 24 ordu eta 365 egun urtean egiten den zaintzarako duen garrantzia gogora arazi du. “Zaintza meteorologiko hori beste helburu batzuetara ere bideratua dago, hala nola, herri-babesa, ozeanografia, hidrologia, trafikoa eta neguko bide-zaintzara” gaineratu du Estefanía Beltrán de Herediak.
Ez-ohiko urtea
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 8 alerta laranja (pertsonen segurtasuna arriskuan jarri eta kalte material garrantzitsuak sor dezaketen arrisku meteorologiko garrantzitsuen adierazle) igorri ditu aurten, 2013ko lehen sei hilabeteetan Euskal Autonomi Erkidegoan izandako egoera meteorologiko latz eta ez-ohikoen seinale. 2012an, aldiz, urte osoan soilik 9 alerta laranja igorri behar izan ziren.
“Baldintza meteorologikoak kontutan hartuta, 2013 urtea oso modu ez-ohikoan jokatzen ari dela adierazten du informazio horrek. Urtarrila eta otsaila bitartean deitu genituen 4 krisi-mahaiak dira horren adierazle, zeinetan Uholde Arriskuari dagokion Larrialdi Plana aktibatu behar izan genuen,” adierazi du Beltrán de Herediak.
Zentzu horretan, Segurtasun Sailburuak 8 alerta laranja horiek prezipitazio iraunkor, handi eta oso ugariengatik, olatu altuengatik, uholdeengatik, elur asko pilatzeagatik edo elurra maila baxuetan egiteagatik eman zirela gogora arazi du.
“Ez da harritzekoa, hortaz, aurten jendeak udaberria lapurtu digutela esaten aritu izana eta horren inguruan hainbat txiste sortu izana, sare sozialetan bereziki” adierazi du Segurtasun Saileko buruak.
Abisu-, alerta- eta alarma-sisteman Twitterrek daukan garrantzia
Era berean, Euskalmetek @Euskalmet Twitter kontuaren erabilerarekin egindako lana nabarmendu nahi izan du Beltrán de Herediak. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako abisu-, alerta- eta alarma-sistemaren garapenerako erreminta hori “funtsezkotzat” jo du.
Euskalmetek Twitterren duen kontuak duela gutxi bi urte bete ditu eta dagoeneko 16.000 jarraitzaile baino gehiago lortu ditu, Eusko Jaurlaritzako konturik jarraituena bilakatuz. Beltrán de Herediaren esanetan “Twitterri esker, Euskalmetek denbora errealean instituzioei eta herritarrei muturreko egoera meteorologiko baten sorreraz eta bilakaeraz ohartarazi diezaieke, eta horrek, larrialdiei aurre egiteko dugun ahalmena handitu egiten du.”
Segurtasun sailburuaren ustetan “twitterri esker, hainbat fenomeno meteorologikok suposatu dezaketen arriskuaz ohartarazi dezake Euskalmetek, bai gertatu aurretik bai gertatzen ari den bitartean ere. Aldi berean, fenomeno horrek eragina izan duen leku edo pertsonengandik datorren informazio zuzena jaso dezake.”
Sortu zenetik ohiko eguraldi-iragarpenen iturri meteorologikoa izateaz gain, @Euskalmet-ek muturreko hainbat gertaera “zuzenean” jarraitu ditu, hala nola, elurteak, enbatak, uholdeak, eta abar, horien eragina jasan zezaketenei balio handiko informazioa emanez.
“Kasu guzti horietan, azpimarratu du Beltrán de Herediak, Euskalmetek Twitterren egindako lana ezinbesteko alternatiba fidagarria da. Haren berehalako eragina informazio tradizionala iristen ez den premiazko esparruak betetzea da.”