Severo Ochoa Bikaintasun Zentro gisa aitortzen dion egiaztagiria jaso du bioGUNE IKZk

Bizkaia

Lau urteko iraupena duen egiaztagiria da, irizpide zientifikoetan oinarritutako ebaluazio- eta hautaketa-prozesu baten bidez lortzen dena, betiere nazioarteko araurik zorrotzenekin bat etorriz 

Celebración CICbioGune 009bioGUNE IKZk jaso du Severo Ochoa Bikaintasun Zentro gisa aitortzen dion egiaztagiria, alegia, Estatuko bikaintasun-zentroei egiten zaien aitortzarik handiena. Horrenbestez, babestu egin da ikerketa-zentroaren ibilbide ikertzailea.

Lau urterako balio duen egiaztagiriari esker –berritu daiteke–, 1 milioi euroko diru-laguntza jasoko du zentroak epealdi horretan. Ikerketa aplikatua sendotzera bideratuko du bioGUNE IKZk inbertsio hori, baina baita bizitzaren zientzietan oinarritzen den funtsezko ezagutza sortzeko, talentua prestatzeko eta zentroaren ikusgaitasun publikoa eta soziala hobetzeko ere.

bioGUNE IKZko zientzia-zuzendari Jesús Jiménez Barberoren hitzetan: “zentroa duela hamabi urte sortu zenetik bertan lan egin duten eta gaur egun lan egiten duten pertsonen lana eta ahalegina aitortzen du egiaztagiriak”.

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak, Estatu Idazkaritzaren bidez, nazioartean eragina eta lidergo zientifikoa erakusten duten eta haien inguru sozial eta enpresa-inguruan aktiboki lankidetzan diharduten ikerketa-zentroak aitortzen ditu.

Izen eta entzute handiko ikertzaileez osatutako nazioarteko batzorde zientifiko independente batek gauzatu du ebaluazio- eta hautaketa prozesua.

Hauek dira, besteak beste, Severo Ochoa bikaintasun-zentroek dituzten ezaugarriak: ikerketa-programa guztiz lehiakorrak dituzten antolamendu-erakundeak dira, eta munduko onenen artean daude dagozkien alor zientifikoetan.

bioGUNE IKZk, beraz, bikaintasun-baldintzak bete ditu, hau da, bere jarduera-eremuak eragin eta lehiakortasun maila handia du nazioarteko agertoki zientifikoan. Era berean, kanpoko batzorde zientifiko independenteek, aldian-aldian, ebaluazio zientifikoko prozesuak gauzatzen dituzte zentroaren ikerketa-jarduerei dagokienez; mugako ezagutza sortzera bideratutako programa estrategikoarekin bat etorriz gauzatzen dira zentroaren ikerketa-jarduerak; prestakuntzako ekintzak eta nazioarteko giza baliabideak hautatzeko eta erakartzeko ekintzak egiten dira; lankidetza-hitzarmen aktiboak ez ezik, instituzio mailako hartu-emana ere badu zentroak maila altuko ikerketa-zentroekin; eta gizarteari ezagutza eskualdatzeko eta ezagutza hori hedatzeko ekintzak sustatzen ditu.

 

Partekatu

Beste berri batzuk