SPRIk “Interneteko nire informazio pertsonalaren kontrola” eta “Mugikorrentzako aplikazioen garapena” ikastaroak eskainiko ditu Euskal Encounter ekitaldian

Bizkaia

–      Ikastaroak publikoarentzako gune irekian emango dira uztailaren 24an eta 27an, baina izena eman behar da aurrez www.euskadinnova.net webgunean.

–      Ikastaroak hainbat gariri buruz izango dira: Infografien diseinua doako baliabideekin, Erabili al ditzaket inoren argazkiak?, Nola sortu web bat 4 ordutan, e.a.

 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak urtero egiten den Euskal Encounter ekitaldiaren aurtengo edizioan parte hartuko du SPRIren bitartez eta “prestakuntza digitaleko” eremu ireki bat antolatuko du; bertan, hainbat ikastaro eta jardunaldi egingo dituzte Interneten inguruan sortu diren gai zenbaiti buruz gogoeta egiteko eta sareen potentziala aztertzeko: “Zer informazio dago Interneten niri buruz? Nola ezabatu dezaket?” eta “Mugikorrentzako aplikazioen garapena Cordova/Phonegap plataforman”, besteak beste.

SPRIk antolatutako Ikastaro eta jardunaldi horiek uztailaren 24tik 27ra egingo dira Euskal Encounter ekitaldiaren 22. edizioan, hots, Estatuko informatikako zaletu eta profesionalen topagune handi eta beteranoenean. SPRIren eskaintzaren barruan bi ikastaro emango dira uztailaren 24an: lehenak (goizeko 11:00etan) “Nola migratu web bat arrakastaz” du izena  eta besteak  “Erabil ditzaket inoren argazkiak? Nork hartu ditu nire argazkiak?”. Egun berean beste bi ikastaro egingo dira, bata “Egizu zeure weba lau ordutan WPrekin”, eta bestea “Zer informazio dago Interneten niri buruz? Nola ezabatu dezaket?” Hilaren 25ean, ostirala, beste bi ikastaro eskainiko dira: “Mugikorrentzako aplikazioen garapena Cordova/Phonegap plataforman” eta “GIMP: Photoshop-en doako alternatiba”. Hilaren 26an, larunbata: “Infografien diseinua diseinatzaile ez direnentzako doako baliabideekin” eta “MongoDB: Merkatuko BBDD NoSQL salduena”. SPRIren prestakuntza eskaintza uztailaren 27an  amaituko da, igandean, “MailChimp: e-mail marketing sozialagoa, irekiagoa eta kolaboratiboagoa” ikastaroarekin.

SPRIk antolatutako ikastaroetan parte hartzeko izena eman behar da euskadinnova.net webgunean. Jarduera horiek dohainik dira eta Euskal Encounter ekitaldian parte hartzen dutenei nahiz bisitariei zuzenduta daude. Iaz 20.000 lagun bildu ziren guztira.

SPRIren prestakuntza esperientziak Euskal Encounter ekitaldiaren iazko edizioan eskaini ziren lehen aldiz eta 300 parte-hartzaile izan zituzten. Parte-hartzaile horiek eginiko ekarpen eta iradokizunekin eta SPRI-Enpresa Digitala programazioan erantzun onena izan duten gaiak kontuan harturik aukeratu dituzte edizio honetan landuko diren gaiak.

Badira 22 urte Ekonomiaren Garapen Sailak nazioarteko proiekzioa duen topaketa digital handi honetan parte hartzen duela eta hartara Jaurlaritzak helburu bikoitza betetzen du. Lehenengo eta behin, IKTak eta Euskadin teknologia horiek sendotzeko prozesua babesten du, teknologiaren erabilpenari buruzko ezagutza partekatzen eta teknologian oinarritutako negozioak eskaintzen dituzten parte-hartzaileentzako foro honetan.  Lau egunez Euskadin elkartzen den komunitate digital hori benetako laborategia da enpresentzat, mundu digitala aitzinarazten duten teknologiak sortzeko potentziala dauka eta baita ere enpresa, produktu nahiz zerbitzu berriak sortzekoa. Euskal Encounter-a uztailaren 24tik 27ra egingo da BECen, non 4.096 parte-hartzaile bilduko diren 6.000 ordenagailurekin eta segundoko 20Gb-eko abiaduran nabigatuko duten.

Partekatu

Beste berri batzuk