NEIKER klima aldaketari ondoen egokitzen zaizkion patata geneak ikertzen ari da

Araba

Zentro teknologikoak hainbat aldaera aztertu ditu lehorte zein muturreko hotz eta bero egoeretan generik erresistenteenak identifikatzeko

Ikerketak aldaera berriak lortzeko bidea irekitzen du, etorkizuneko giro baldintzetara ezin hobeto egokitzeko

 

PapaclimaNEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua klima aldaketari dagokionez aurreikusten diren baldintzetara ondoen egokituko diren patata geneak ikertzen ari da gaur egun; zehazki, euri gutxiago eta muturreko tenperatura hotzak eta beroak espero dira. Helburua generik erresistenteenak identifikatzea da, etorkizuneko klima baldintzetan ezin hobeto moldatuko diren patata aldaera berriak sortzeko. Horrez gain, ikerketak gaur egungo patata aldaerek lehorte handiago eta tenperatura altuago eta baxuagoetan zer portaera izango duten jakitea lortu nahi du.

Ikerketa Papaclima proiektuaren parte da, eta nazioarteko partzuergo bat bultzatzen ari da; bertako kideak dira, NEIKER-Tecnaliaz gain, Argentina, Uruguai, Bolivia, Peru, Ekuador eta Costa Ricako I+Gko hainbat zentro eta unibertsitate. Taldeak patata sendoagoak bilatzen ditu, labore hori oso sentibera baita klima aldaketarekiko, mundu osoko milioika pertsonarentzat oinarrizko elikagaia izateaz gain.

Papaclima proiektuan aldaera komertzialak ikertzen dira, Hego Amerikako bertako patatak, Kanariar Uharteetatik datozen antzinako aldaerak eta berez sortzen diren aldaerak. NEIKER-Tecnaliako ikertzaileek aldaera horiek guztiek lehortearen eta tenperatura altuen eta baxuen aurrean duten portaera ebaluatu dute, berotegian eta baldintza kontrolatuetan saiakuntzak eginez, baita tokian bertako saiakuntzak eginez ere, Araban eta Salamancan. Proba guztietan patata berdin-berdinak erein ziren, inguruneko baldintza desberdinetan produkzioak alderatu ahal izateko. Analizatutako parametroak izan dira, besteak beste, errendimendua eta klorofila eta ur edukia.

NEIKER-Tecnaliako teknikariek aldaera bakoitzaren informazio genetikoa jaso dute landarea estresatuta dagoenean, hau da, lehorte, hotz edo beroko baldintza zailetan dagoenean. Horrenbestez, landarea estres jakin baten menpe dagoenean zein gene espresatzen ari den ikusi daiteke. Teknika hori esker, lehorteari eta hotzari eta beroari erantzuteko mekanismoan parte hartzen duten genomaren geneak identifikatu daitezke.

Landarea lehorte, hotz edo beroarekiko erresistenteago bihurtzen duten geneak identifikatzea funtsezkoa da, etorkizuneko klima aldaketari egokituko zaizkion aldaera berriak garatu ahal izateko. Halaber, ezinbesteko informazioa da gaur egungo aldaerek klima aldaketaren eraginaren aurrean zer portaera izango duten ezagutzeko.

Papaclima/Clipapa proiektuetan erabilitako landare materialean 74 aldaera komertzial sartu ziren, S. tuberosum, S. andigena eta S. chaucha espezieetakoak (horien artean Espainiako eta Kanariar Uharteetako bertako aldaerak), 32 basa espezie NEIKER-Tecnaliaren germoplasma bankukoak, Hego Amerikako bertako 14 aldaera, NEIKER-Tecnaliaren gurutzaketa programetatik lortutako 10 klon aurreratu, eta Costa Rican jasotako basa pataten 45 sarrera.

Patataren erreferentziazko ikerketa zentroa

NEIKER-Tecnalia mundu mailako erreferentziazko zentroa da patataren ikerketari dagokionez eta ereiteko patataren ekoizpenari dagokionez. Errekonozimendu hori orain dela 150 urte baino gehiagotik Arabako Arkautin eta Iturrietan egiten den puntako ikerketari esker lortu da. Zentro teknologikoa, 1993az geroztik, hobekuntza genetikorako programa bat garatzen ari da, espainiar lurraldeko baldintza agroklimatikoetara egokitzen diren patata aldaera berriak lortzeko helburuarekin.

 

Partekatu

Beste berri batzuk