Talentuak gehitu egiten du beti

Araba

Arabako Parke Teknologikoak ikasle, enpresa munduko ordezkari eta erakundeetako ordezkari talde handia bildu du Gasteizko Europa Jauregian Emakunderen Berdintasunerako Foroaren barruan egindako “Zientzia eta Teknologia Berdintasunean” jardunaldian

 

IMG_2085“Zientzia eta Teknologia Berdintasunean” lelopean, Arabako Parke Teknologikoak Gasteizko Europa Jauregian egin du Emakunderen Berdintasunerako Foroaren barruan Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak antolatutako bigarren jardunaldia.

Itziar Epalza, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia, eta Zuriñe Elordi, Emakundeko idazkari nagusia, arduratu dira jardunaldia inauguratzeaz eta bertaratutakoei ongietorria egiteaz. Sareko zuzendari nagusiak egindako hitzaldian emakumeek historian zehar zientziari egindako ekarpena gogoratu du, eta duela mendeetatik emakumeek jasaten duten “ostrazismotik” ateratzen ari garela dioten arren, ez “erlaxatzearen” garrantzia nabarmendu du. Bestalde, Emakundeko idazkari nagusiak, Parkeen Sareari eskerrak eman dizkio Foroan izan duen inplikazioagatik eta berdintasunaren alde egindako eguneroko lanagatik, Euskal Parkeak lan zientifikorako gune garrantzitsuak baitira.

Jardunaldian Marta Macho, 2016ko Emakunde sariduna eta EHUko irakaslea, eta Deustuko Unibertsitateko M. Luz Guenaga izan dira hitzaldia ematen. Horrez gain, Arabako emakumeen “esperientzia-mahaia” egin dute, eta bertan izan dira Nuria Gisbert, CIC ENergigunekoa; Eva Larra, AJL Ophthalmic-ekoa, eta Noemí Gómez, Espainiako Mercedes-Benz-ekoa.

Marta Machok egindako hitzaldian, emakume zientzialariek aurre egin behar dizkieten arazo ugarietako bat aipatu du: “gizona-zientzia” estereotipoa, gizartean hain errotua dagoena, batez ere gizarte “aurreratuenetan”, eta nabarmendu du “emakumeok zorrotzago epaitzen gaituztela” eta “politika positiboak” behar direla.

Bestalde, M. Luz Guenagak Deustuko Unibertsitateko “Inspira” proiektua aurkeztu du. Neskatilen artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzeko proiektua da. Euskadin aitzindaria da proiektu hau, eta ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakumezko profesionalek ematen dituzten sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzak dira proiektuaren oinarria.

“Arabako emakumeen esperientzia-mahaiak” agerian utzi ditu egunerokotasunean emakumezko profesionalek eremu zientifiko-teknologikoan dituzten zailtasunak, baina lor daitekeela, emakumeek arlo horretan orainaldi eta etorkizun handia dutela, eta beti, “talentuak gehitu egiten duela” gogoratzearen garrantzia nabarmendu dute.

Partekatu

Beste berri batzuk