Tecnaliak antzutasunari eta laguntza bidezko ugalketari buruzko azken aurrerapenak aurkeztu ditu konferentzia batean

Albisteak, Araba

Hitzordua martxoaren 5ean izango da ICOMAn, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialean (Gasteizko Done Jakue hiribideko 7an), 18:30ean, eta nahi dutenentzat irekita egongo da

Sei bikotetik batek izaten ditu ugalkortasun-arazoak ugalketa-bizitzako uneren batean, Europako ugalkortasunaren sozietate medikoak (ESHRE) emandako datuen arabera

TECNALIAren genetika-laborategiak eta ART Klinikak laguntza bidezko ugalketari buruzko jardunaldia antolatu dute ugalkortasuneko teknikak eta tratamenduak sakonago ezagutzeko interesa duten pertsona guztiei zuzenduta. Helburu nagusia ugalkortasun-tratamenduei buruzko zalantzak eta ziurgabetasunak argitzea eta horiei buruzko informazioa ematea da

Martxoaren 5ean, Javier Margareto doktoreak (Tecnaliako genetika-laborategia), ART Klinikako ordezkariekin batera, denei irekita egongo den hitzaldia eskainiko du laguntza bidezko ugalketaren alderdi ugariak jorratzeko. Bertan, Tecnaliako genetika-laborategiko taldea aspalditik lantzen ari den azken aurrerapenak azalduko dituzte.

Gero eta gehiago dira guraso bihurtzeko unea atzeratzea erabakitzen duten bikoteak. Horri guztiari, gainera, ugalketa-adinean dauden bikoteen % 15-% 17k hainbat faktoretatik eratorritako antzutasun-arazoak dituela gehitu behar diogu. Horren ondorioz, azken urteotan, eskuragarri dauden laguntza bidezko ugalketa-tratamenduen inguruko informazioa jaso ahal izateko laguntza bidezko ugalketako kliniketara joaten den paziente kopurua handitu egin da. Hori guztia kontuan hartuta, beraz, dibulgazioko hitzaldi horiek oso erabilgarriak izaten dira haien zalantzak argitzeko eta antzutasuneko tratamenduarekin lotutako alderdi guztiak ezagutarazteko.

Margareto doktorearen hitzetan, “Ezarpen aurreko Diagnostiko Genetikoa (DGP, gaztelaniaz) sortu aurreko diagnostikoko teknika berritzailea da eta In Vitro Ernalketako (FIV) prozesu garaian sortzen diren enbrioietan egiten da. Horren helburua da ondorengoei gaixotasun genetikoak eta hereditarioak transmititzea ekiditea eta, ezarpen-fasean eta haurdunaldiko lehen faseetan, enbrioiaren bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen kromosoma-asaldurak identifikatzea”.

Azken urteotan, TECNALIAko genetika-laborategiak Ezarpen aurreko Diagnostiko Genetikoko (PGT) zerbitzua jarri du abian genoma aztertzeko teknologia aurreratuena, Sekuentziazio Masiboa, erabilita.

Hitzaldian, gainera, honako hauek hartuko dute parte: Jon Ander Aguirregoikoa doktoreak, ginekologoak; eta Jose Luis De Pablok, enbriologoak. Laguntza bidezko ugalketako tratamenduak izango dituzte hizpide: zer diren, noiz jo dezakegun horietara, arrakasta-tasak eta abar. Bestalde, Maria Barahonak, psikologoak, tratamendu garaian bikote batek aurre egin behar dien prozesu horietan laguntza emozionala jasotzeak duen garrantziaz hitz egingo du.

Informazioa eta izen ematea

Partekatu

Beste berri batzuk