TECNALIAk biki digitala duen Europako lehen eraikina garatu du
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago KUBIK eraikina, eta irudikapen birtual bat du, non denbora errealean islatzen baita eraikinean egiten den jarduera oro, eraikina monitorizatzen duten 3.400 sentsore baino gehiagoren bidez
Instalazioetako hutsegiteak iragarriz eta eraikineko jarduerak simulatuz, % 40 ere aurreztu daiteke energia-kontsumoan, eta % 20 mantentze-lanetan
Eraikin baten biki digitala irudikapen birtual bat da, eta eraikin horretan egiten den jarduera oro islatzen du denbora errealean; hala, edozer gorabehera gertatzen dela ere, esku hartzeko aukera ematen du. Eraikinen kudeaketa goitik behera irauli du. Izan ere, eraikinetako instalazioetako hutsegiteak iragarriz eta eraikineko jarduerak simulatuz, % 40 ere aurreztu daiteke energia-kontsumoan, eta % 20 mantentze-lanetan.
TECNALIA espezializatua dago eraikinen eta hirien erronka nagusietara bideratutako produktuak, teknologiak eta zerbitzuak garatzen, eta biki digitalaren ideia industriatik eraikin-kudeaketara eraman du, errealitate hori gauzatzeko eta etorkizuneko bizitoki adimendunetara hurbiltzeko. Hala, benetako eraikin baten lehen biki digitala sortu du.
Instalazioa Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dago, KUBIK eraikinean. Instalazio esperimental bat da, eta eraikinen kudeaketa eta mantentze-lanetako kontzeptu berriak garatzeko aukera ematen du; hain zuzen, efizientzia energetikoa, eraikin bati loturiko zerbitzuak, segurtasuna eta, funtsean, bizi-kalitatea hobetzeko produktuak garatzeko aukera.
Biki digitalak eraikineko jarduerak ikusteko, simulatzeko, analizatzeko eta planifikatzeko plataforma bat ematen du, eraikinaren “pultsua” hartzen duten 3.400 sentsoreei esker. Hala, optimizatu egin daitezke, besteak beste, behar termikoak eta elektrikoak, tokian bertan iturri berriztagarrietatik sortutako baliabideak (eguzki-energia, energia eolikoa, etab.), erabiltzaileen konforta, mantentze-lanak eta eraberritzeen simulazioak.
BIZITOKI ADIMENDUNA
Etorkizuneko bizitokiak adimendunak izango dira —egitate bat da hori—, eta, hori lortzeko, funtsezko tresna da biki digitala. Izan ere, aurreikuspenen arabera, etxe adimendunen negozio globala 50.000 milioi euro izango da 2022n. PwCren Global Construction 2030en arabera, eraikuntzaren bolumen globala % 85 haziko da 2030erako; BBVA Researchen 2019ko 4. hiruhilekoko ‘Situación España’ [https://www.bbva.com/wp-content/uploads/2019/10/Situacion_Espana_4T19.pdf] lanaren arabera, berriz, Espainian eutsi egiten zaio etxeen eraikuntzari, eta aurreikusten da hala jarraitzea, hau da, epe laburrean urteen arteko % 3 baino gehiagoko hazkundea izatea.
Bestalde, Eraikuntzako Efizientzia Energetikoko Direktibaren[1] arabera, 2040an eraikinak gaur egun baino ia % 40 efizienteagoak izango dira energiari dagokionez. Honela dio, zehazki: “berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten jarraituko dugu (gutxienez % 40 hemendik 2030era, 1990eko datuekin alderatuta)”
Kontuan izan behar da konplexuak direla eraikinek gaur egun gainditu behar dituzten zailtasunak. Eraikineko erabiltzaileen beharrak etengabe aldatzen dira, eta ingurunea egokitzeko sistema malgu eta bizkor bat behar da. Erabiltzaileek eraikin berdeagoak, merkeagoak eta konfort-maila handiagokoak eskatzen dituzte, eta, aldi berean, legedia zorrotzagoa da, bai emisioekiko, bai energia-kontsumoarekiko.
Testuinguru horretan, galdera hauei eta antzekoei erantzuten laguntzen du eraikin baten biki digitalak:
- Berogailua kontrolatzeko zer estrategia da egokiena datorren hilerako?
- Zer potentzia erabiltzen da solairu jakin batean? Badu erlaziorik azken orduan okupazioak izandako gehikuntzarekin?
- Non daude berotze- eta hozte-galerak eragiten dituzten ihesak?
- Igogailuen zer zati ari dira higatzen eta aldatu behar dira hurrengo hilabetean?
- Kafea ahitu da hamargarren solairuko kafe-makinan?
- Eraikineko zer gune erabiltzen dira gehien?
TECNALIAri buruz
Ikerketa eta garapen teknologikoko zentro bat da TECNALIA, erreferentziakoa Europa osoan. Hogeita hamar herrialdetako 1.400 aditu ditu, guztiak ere teknologia BPG bihurtu eta gizakion bizi-kalitatea hobetzen biziki saiatzen direnak, enpresentzat negozio-aukerak sortuz. www.tecnalia.com
[1]Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/844 Direktiba (EB), 2018ko maiatzaren 30ekoa, eraikinei buruzko 2010/31/EB Direktiba berrikusten duena: https://www.idae.es/noticias/publicada-directiva-ue-2018844-del-parlamento-europeo-y-del-consejo-de-30-de-mayo-de-2018