TECNALIAk edukiera handiko drone elektriko bat diseinatu du baso-suteak itzaltzeko

Albisteak, Bizkaia, Gipuzkoa

Ekimenak aurrerapen teknologiko garrantzitsua dakar egungo droneen aldean; izan ere, edukiera handiko (600 kg-rainoko) drone tripulatugabeetan oinarritutako suebaki- eta itzaltze-sistema bat du

TECNALIAk karga-gaitasun handiko aireontzi tripulatugabe bat diseinatu eta balioztatu du: haren hegaldiaren kontrola, laguntza-sistemak eta prototipo funtzional bat garatu ditu, eta azken hori benetako suarekin probatu du bere laborategian

TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak edukiera handiko drone elektriko bat diseinatu du baso-suteak itzaltzeko. Horretarako, urez kargatzen da eta deskarga horizontal zein bertikal handiak egiten ditu. EXTINCIA izena du TECNALIA parte hartzen ari den proiektuak (UAV —aireontzi tripulatu gabeak— eta Adimen Artifizial bidezko Landa Suteak Itzaltzeko Sistema Aurreratua), eta helburua da suteak itzaltzeko zehaztasuna eta eraginkortasuna hobetzea. Horretarako, 600 kg-rainoko deskarga bertikal zein horizontalak egiteko gai diren ibilgailu tripulatugabeak erabiltzen dira, bereziki erabilgarriak direnak biztanle-guneetatik edo azpiegitura kritikoetatik gertu dauden foku txikietan esku hartzeko.

TECNALIAren zeregina alderdi hauetan ardaztu da: suteak itzaltzeko karga eta deskarga horizontal eta bertikal handiko aireontzi tripulatugabe baten diseinua; itzaltze-lanetarako hegaldiaren kontrolaren garapena, perturbazioei uko egiteko teknikak eta aire-nabigaziorako laguntza —LIDAR— barne; aireontziaren eskalako prototipo baten garapena, itzaltze-kanoi bat eta sistemak integratzen dituena; eta laborategian benetako suarekin egindako balioztatze-hegaldiak.

TECNALIA parte hartzen ari den ekimena CDTIk finantzatzen du eta CLUE Technologies enpresak gidatzen du. Azken enpresa horrek adimen artifizialaren bidez landa-eremuetako eta hiri-periferietako baso-suteei aurre egiteko teknologia garatzen du, Aeromedia, Bastan, Drone Hopper, Helion eta Telespazio enpresekin batera, eta CATEC eta ITG zentroen laguntza teknologikoarekin.

Berrikuntzaren ardatzak

Suteak itzaltzeko aire-plataforma berria hiru ardatzetan oinarritzen da: karga-gaitasun handia duten eta suteak itzaltzeko berariaz diseinatutako drone elektrikoen erabilera; adimen artifizialaren eta ontziratutako konputazioaren integrazio aurreratua, denbora errealean eta zehaztasunez jarduteko; eta aireontzi tripulatuen eta tripulatugabeen arteko elkarbizitza segurua ahalbidetzen duten sistemen garapena (sute-operazioetan orain arte konpondu gabeko funtsezko alderdia). Hori guztia operazio-eraginkortasuna, denbora errealeko erabaki-hartzea eta natura-ingurunearen zein itzaltze-lanetan parte hartzen duten pertsonen babesa hobetzera bideratuta dago.

Ekimen honek aurrerapen teknologiko handia dakar egungo droneen aldean, aireontzi tripulatu gabeetan oinarritutako suebaki- eta itzaltze-sistema bat baitu. Drone horiek adimen artifizialarekin eta aire-kontrolerako sistema aurreratuekin konbinatuz gero, hasierako fokuetan azkar eta zehatz esku har daiteke, hala sua zabaltzeko arriskua murriztu eta operazioen segurtasuna hobetzeko.

EXTINCIA proiektuak aireontzi tripulatuen eta tripulatugabeen arteko elkarbizitza segurua ere sustatzen du, aire-trafikoa kudeatzeko sistema aurreratu baten bidez. Horrez gain, lurreko langileak komunikatzeko eta monitorizatzeko sistemak integratzen ditu, eta, ondorioz, brigaden segurtasuna hobetzen du: arrisku handiko eremuekiko esposizioa murrizten du eta denbora errealean datuak ematen ditu erabakiak hartzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk