TECNALIAk elikagai-industria berritzaile, eraginkor eta osasunera zein jasangarritasunera bideratu baterako hainbat soluzio aurkeztuko ditu Food4Future azokan
Ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak elikagai osasungarri eta jasangarriak sortzeko bere garapen teknologikoak aurkeztuko ditu elikagai-industriaren berrikuntzan erreferentziazkoa den nazioarteko topaketa honetan, zeina maiatzaren 27tik 28ra egingo baita Bilbao Exhibition Centren (BEC)
TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak Food4Future 2026 azokan parte hartuko du. Bertan, elikagai-industria berritzaile, eraginkor eta osasunera zein jasangarritasunera bideratu baterako etorkizuneko soluzioak erakutsiko ditu, elikagaien sektore adimendun, jasangarri, osasungarri eta lehiakorrago batean aurrera egiteko.
Food4Future – Expo Food Tech azoka, Bilbao Exhibition Centren (BEC) egingo da maiatzaren 27tik 28ra. Elikagai-teknologien erreferentziazko kongresu nagusia da, eta han biltzen dira azken soluzio industrialak eta sektorearen eraldaketa gidatzen duten joera berriak. TECNALIA 1 pabiloian egongo da, C317 postuan, eta han aurkeztuko ditu foodtecharen etorkizuna eraldatzeko garatzen ari den teknologia berritzaileak.
Osagaiak eta ekoizpen-prozesuak eraldatzen dituzten zenbait garapen erakutsiko ditu TECNALIAk azokan, nutrizio-kalitatea hobetzera eta ingurumen-inpaktua murriztera zuzenduak.
Nekazaritzako elikagaien sektoreko balio-kate osoan jasangarritasuna hobetzeko soluzio integratuak aurkeztuko dira, eta modu koordinatuan landuko dira osagaien formulazioa, materialen garapena, ontziratzea eta prozesuen optimizazioa. Edizio honetan elikagai-proposamen hauek nabarmenduko dira: antsietatea murrizteko eta ongizatea hobetzeko osagai funtzionalak, zientifikoki baliozkotuak eta genero-ikuspegia integratzen dutenak; zahartze osasungarria, osasun kognitiboa eta pertsonen ongizatea bultzatzeko diseinatutako elikagaiak; eta balio-kate berriak sustatzen dituzten intsektuak, mikroalgak eta mikroorganismoetatik abiatuta garatutako proteina alternatiboak.
TECNALIAren ikuspegi globala baliabideen balioa handitzearekin eta zirkulartasunarekin osatzen da, eta agerian uzten du nola egiten duten bat teknologia askok helburu bera betetzeko: inpaktu jasangarria sortzea modu koherentean eta sektorearekin konektatuta.
Esperientzia gastronomikoa goitik behera aldatuko duen lehen oliba-olio birjina estra arrosa
Food 4 Future esparruan, L’Aurea Espainiako markarekin batera egindako garapen berritzaile bat aurkeztuko du TECNALIAk. Horrekin, balio erantsi handiagoko esperientzietara hurbilduz elikagaia eraldatzeko aurrerapauso bat egin da, arrosa koloreko lehen oliba-olioa lortzeko. Erremolatxa-pigmentu begetalak ditu oinarri, eta itxura bakarrik aldatzen du, ez zaporea, aroma edo ezaugarri organoleptikoak.
Horren ondorioz, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin lankidetzan, Aurelia sortu da. Jaéngo uzta goiztiarreko Picual oliba-olio birjina estra eta ekologikoa erabili da horretarako. Hala, produktu tradizional bat proposamen bereizgarri bihurtu da; izan ere, olioa bere ohiko erabileratik harago eraman da, esperientzia gastronomiko, estetiko eta adierazpeneko bat izatera.
Soluzio aurreratuak eta ontziratze jasangarriak
TECNALIAk lau soluzio aurreratu aurkeztuko ditu nekazaritza- eta industria-sektorerako: urrunetik gidatzeko eta teleoperazioko nekazaritza-teknologia bat, eragiketa kritikoetan segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzen dituena; nekazaritza-ingurumena monitorizatzeko VTOL drone bat, uztak iragartzeko, estres hidrikoa detektatzeko eta baliabideak optimizatzeko; kabinako monitorizazio-sistema bat, uzta-makinetako suteak prebenitzeko, sentsoreen eta denbora errealeko analisien bidez; eta The Proactive Factory-ren eskutik, ikusteko gai den AA agente bat, mapak aztertzeko, eskaintzak azkartzeko eta jakintza zentralizatzeko. Halaber, hondakin-urak tratatzeko eta berriz erabiltzeko soluzioak erakutsiko dira.
Bestalde, zelulosazko material aurreratuetan oinarritutako ontziratze jasangarriko soluzio batzuk ere emango ditu ezagutzera TECNALIAk, erabilgarritasuna galdu gabe plastikoa ordezteko balio dutenak. Besteak beste, hauek nabarmentzen dira: nanozelulosazko estaldura plastikorik gabeak, hesi eta trazabilitate adimenduna dutenak; plastikorik gabeko xurgatzaileak elikagai freskoetarako; eta EPSaren ordezko zelulosak, garraioan babesteko. Gainera, PFASik gabeko sol‑gel estaldura omnifobikoak ere garatu ditu, hau da, gainazal itsasgaitzak, korrosioaren kontrakoak eta tenperatura altuekiko erresistenteak. Teknologia horiek industria-prozesuak optimizatzen dituzte, eta segurtasuna, jasangarritasuna eta errendimendu tekniko handia bermatzen dituzte.
Gainera, azokan izango diren adituek hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola belaunaldi berriko osagaiak, bioteknologia aplikatua, ontziratzeari aplikatutako teknologia kuantikoa eta zirkulartasuna.