Telefónicak jarritako Blockchain azpiegitura pribatu eta independentea izango du Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parkeetan dauden 550 bat enpresei zerbitzua emango dien azpiegitura teknologikoa izango du 

 

Telefónicaren eta APTE elkartearen arteko hitzarmenak hiru hilabeteko proiektu pilotua jasotzen du; Bizkaian egingo da horietako bat, lehen aldiz erabili ahal izan dezaten era horretako soluzioa, beraien benetako beharraren arabera, eta kostu gehigarririk gabe

 

Telefónicak jarritako blockchain sare pribatu eta independentea izango du Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako parkeetan dauden 550 bat enpresei zerbitzua emango diena. Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Elkartearen (APTE) –elkarte horretako kide da euskal sarea– eta multinazional digitalaren arteko hitzarmenari esker, azpiegitura hori partekatu ahal izango dute APTE elkarteko kide diren 52 zientzia eta teknologia parkeetan dauden 8.000tik gora konpainiek.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea ere hitzarmen horren onuradun izango da. Hiru hilabeteko proiektu pilotu bat garatzea jasotzen du hitzarmenak, eta Bizkaian egingo da horietako bat. Proiektu pilotu horretan, Telefónicak jarritako eta Hyperledger Fabric teknologian oinarritutako blockchain azpiegitura partekatu ahal izango dute zientzia eta teknologia parkeek. Estrategia horrek enpresen artean informazioa elkartrukatzeko kanal pribatu eta seguruak sortzea ahalbideratuko du, bai eta deszentralizatutako beraien aplikazio propioak hedatzea ere.

Horretarako, duela zortzi hilabete IBM konpainiarekin batera aurkeztu zuen Cloud Garden zerbitzua erabiliko du Telefónicak; zerbitzu horrek blockchain, big data edo adimen artifizialeko soluzioak erabiltzeko aukera ematen die konpainiei, hodeian dagoen plataforma baten bitartez, eta dituzten beharren arabera. Proiektu horrek 8.000 enpresa-erakundeon eskura jarriko du Telefónicak garatutako blockchain teknologia propioa ere, TrustOS, aplikazioak eta negozio-prozesuak blockchain plataformekin, sareekin eta ekosistemekin modu errazean konektatzeko aukera ematen duen softwarea. Horrez gain, Nortasun Digital Berritzaileko Zerbitzu bat garatzea ere jasotzen du, alde batetik enpresa berritzaileen katalogo publiko bat sortzea ahalbideratuko duena eta, bestetik, enpresa horiek euren artean sare berean erlazionatzeko bide emango duena.

Gainera, APTEren sarea eta sarean dauden konpainiak gai izango dira blockchain sarean beren erabilera-kasu propioak hedatzeko eta tokenak erabiltzeko, beren jarduera edo beraien produktu eta zerbitzuena neurtzeko eta erregistratzeko; era horretan, merkatu digital fidagarriak sortu ahal izango dituzte, balioa elkartrukatzeko edo erabiltzaileak zerbitzuen erabileran sartuko dituzten gamifikazio-estrategia hobeak garatzeko.

“Sinatu berri dugun hitzarmen honi esker, zientzia eta teknologia parte hauetan dauden enpresek blockchain teknologiak eskaintzen dituen abantailez gozatu ahal izango dute, teknologia horren berezko konplexutasunari aurre egin beharrik izan gabe, edo teknologia berri horri etekina ateratzeko beharrezko ezagupenak eskuratzera baliabiderik bideratu behar izan gabe”, adierazi du Maria Jesus Almazor Telefónica España konpainiaren Kontseilari Delegatuak.

Parke gehiago batu ahala eta, aplikazio berriak hedatzeko, enpresa berritzaileek gaitasun handiagoa behar duten heinean, hazten joango da azpiegitura.

“90eko hamarraldi hasieran, zientzia eta teknologia parkeetan bakarrik zuten enpresek abiadura handiko Interneta erabiltzeko aukera; orain, berriz, zientzia eta teknologia parkeak izango dira bertako enpresa eta erakundeei blockchainerako sarbide azkarra eskaintzen lehenak, era horretan beste balio bat eskainiz, parke batean egote hutsagatik”, azaldu du Felipe Romera APTE elkarteko lehendakariak.

Horrela, bada, Telefónicak eraikitako teknologia izango duen blockchain sare pribatua izango du APTE elkarteak; nodoen kontrola, baina, zientzia eta teknologia parke bakoitzean egongo da, sareari blockchainen oinarrizko printzipioek ziurtatzen duten independentzia- eta deszentralizazio-maila emanez.

Partekatu

Beste berri batzuk