UPTEK, “Fabrikazio Aurreratu eta Digitalerako” start-upen elkarte berria

AFM CLUSTERrek bultzatuta, oinarri teknologikoa duten eta fabrikazio aurreraturako produktuak edo zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak, ekoizpen metalmekanikoaren munduko enpresa industrialekin lotu nahi ditu

UPTEK, oinarri teknologikoko enpresen eta fabrikazio aurreratu eta digitalerako start-upen Espainiako elkartea, joan den uztailaren 17an jaio zen, industria aurreratu eta digitalerako produktuak eta zerbitzuak sortzea xede duten oinarri teknologikoko enpresa sortu berriak ordezkatzeko eta biltzeko.

AFM CLUSTERren ekimen berria da UPTEK. Erakundeak fabrikazio aurreratuaren eta digitalaren interesak ordezkatzen ditu Espainian. Bost elkarte industrialek osatzen dute, eta 500 enpresa baino gehiago hartzen ditu barnean: orotara, enpresa horiek 16.500 enplegatu dituzte eta 3.000 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzte.

Hauek dira elkarte berriaren helburuak: start-upen eta oinarri teknologikoko enpresen kolektiboaren garapena sustatzea haien lehiakortasunari eragiten dioten eremu guztietan, eta AFM CLUSTERren barruan ordezkatuta dauden gainerako industriekin sinergiak eta elkarguneak garatzea, adibidez, makina-erremintaren, fabrikazio gehigarria eta 3Daren, mekanizazioaren, eraldaketa metalmekanikoaren, esku-erremintaren eta industria-hornikuntzaren arloetan.

UPTEKen bazkide sortzaileen artean, AFMz gain, enpresa hauek daude: Codesyntax, Danobatgroup, Diversius, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Ibarmia, Innovae, Irisbond, Juaristi, Loire Gestamp, Nuavis, Ona Electroerosión, Oretek, Savvy, Skootic, Vixion eta Wimbitek. UPTEKek UP!Euskadiren laguntza jaso du bere diseinuan eta sorkuntzan BIC Gipuzkoaren bitartez. Elkartea oinarri teknologikoko enpresa guztiak eta industria aurreratu eta digitalerako produktuak edo aplikazioak garatzen dituzten start-up guztiak barne hartzeko prest dago, eta enpresa horiek edozein unetan eska dezakete UPTEKi atxikitzea.

UPTEKen kudeaketa AFMren talde profesionalean bermatzen da. Kideen arteko lankidetza eta harremana sustatzeaz gain, nazioartekotzearen, teknologiaren, komunikazioaren eta pertsonen kudeaketaren eremuak ere hartzen ditu barne. Haren egoitza Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago.

Elkarte berriak kanal berri bat ekarriko die AFM CLUSTERreko kide diren enpresei; horren bidez, talentu berriarentzat eta ideia berritzaileentzat sarbidea izango dute. Gainera, ekintzailetzaren mundura hurbildu ahalko dira eta, horrela, errazagoa izango zaie digitalizazio industrialarekin zerikusia duten negozio- eta dibertsifikazio-lerro berrietan sartzea. Horrez gain, oinarri teknologikoko enpresak enpresa industrial aurreratuekin harremanetan jarri, horiekin jardun eta ezagutu ahalko dituzte, beren produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko, garatzeko eta egokitzeko.