Virginia Sáez-ek (i+Med), Ana Santiagok (Sisteplan) eta Nuria Gisbert-ek (CIC enrgiGUNE) saria jaso dute, beren lanbide- eta enpresa-karreragatik
2020ko Ampea Sariak
Virginia Sáez Arabako Teknologia Parkeko i+Med enpresako kimikariak eta ikertzaileak AMPEA Arabako Profesional eta Enpresari Emakumeen Elkarteak urtero ematen duen Emakumea eta Zientzia saria jaso du. Ampeak Arabako Lurralde Historikoko emakume enpresari, profesional, zuzendari eta zientzialarien lana saritzen du. Emakume horiek, zalantzarik gabe, erreferente dira Arabako gizartean, eta eredugarri, emakume gazteenentzat eta ekiteko gogotsu daudenentzat. Ampea sarien helburua da pizgarri bizia izatea emakumeen ahalduntzerako, eta emakumeak eta haien lana ikusarazteko baliabide oso beharrezkoa izatea.
Arabako Profesional eta Enpresari Emakumeen Elkarteak Emakume Enpresariaren saria eman die Olivia Gil Arroyori eta Arantza González Esparterori, eta Emakume Profesionalaren saria, Isabel Cobo kazetariari. Azkenik, Emakume Zuzendariaren saria Judith Ruiz Pérez-entzat izan da.
2020ko AED Enpresa Saria
Bestalde, AED Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak 2020ko AED Enpresa saria banatu du. Edizio honetan, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareari lotuta dauden bi emakumek jaso dute saria: Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak eta Ana Santiago Sisteplant-eko CEOak. Arabako eta Bizkaiko parkeetan lan egiten dute, hurrenez hurren.
Nuria Gisbertek industria-ingeniaritza egin zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan; Telekomunikazioetako masterra erakunde berean, Executive MBA Madrilgo Enpresa Institutuan eta Enpresa Zuzendaritzako doktoregoa UPV/EHUn. 2015etik, CIC energiGUNE zuzentzen du, Europan eremu horretako 3 ikerketa-zentroetako bat; zentroak 140 ikertzaile ditu, eta plantilla erabat paritarioa.
Ana Santiagok industria-ingeniaritza egin zuen Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta MBA masterra Deustuko Unibertsitatean. Sisteplanteko CEOa da duela bost urtetik hona; baina karrera 1999an hasi zuen enpresan, ingeniaritza-arloko proiektuen zuzendari-lanetan. Lanbide-jarduera eta irakaskuntza konbinatzen ditu.
Edizio honetan, Mercedes Aguirre enpresariak ere jaso du saria, Nua Biological-eko bazkide zuzendari den aldetik.
AEDk emandako sariaren bidez, emakume enpresaburuek eta zuzendariek gure gizartean betetzen duten zeregin ezin hobea balioetsi eta enpresa-sarea zein iritzi publikoa sentiberatu gura dira. Izan ere, inguru ekonomiko eta sozial jasangarria lortzeko, oinarrizko baldintza da emakumeak enpresetan integratzea. Bizkaiko emakume enpresaburuek eta zuzendariek betetzen duten lana eta zuzendaritzako karguetan emakumeak dituzten enpresen egitekoa ikusgai egitea da asmoa.