Vocalia Taldea izango da larunbateko Miramongo Matinéearen protagonista

Albisteak, Gipuzkoa

Hogeita hamar ahots baino gehiagok osatzen duten emakume-abesbatzak kutsu erlijiosoko errepertoriodun kontzertua eskainiko du Mendelssohn, Poulenc eta Arnesenen obrekin larunbat honetan, apirilak 1, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko hamabigarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Vocalia Taldeak eskainiko duena, ‘Arima Sakra’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 111:00etan, Miramongo egoitzan. 2000 urtean sortu zen Vocalia Taldea emakume abesbatza, gaur egungo zuzendari  Basilio Astulezen ekimenez. Vocalia Taldeak bidea ematen die Euskal Herriko zenbait emakume musikari profesionalen erronka eta kezkei. Programazio ausartari eta eszenaratze zainduei esker, taldea erreferente bihurtu da gaur egungo musika koralaren esparruan.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Miramongo Matinée honetan, Vocalia Taldeak emakumeen koru eta organorako hiru obra erlijioso zoragarri bildu ditu. Hiru piezak eliza edo katedral jakin baterako pentsatuak izan ziren edo, bestela, egileei eragin zien inpaktuaren ondorioz sortu ziren.

Lehenengo obra Felix Mendelssohnen 3 Motetes bilduma izango da, konpositore alemaniarrak Erromako Trinitá dei Monti eliza bisitatu ondoren konposatu zuena, zerbitzu erlijiosoa ospatzen ari ziren klausurako lekaimeen kantua entzun ondoren biziki hunkiturik. Ondoren Francis Poulenc etorriko da, eta Litanies à la Vierge Noire, bere lehen lan sakroa, Rocamadourreko Notre Damen kaperan sartzeak sortu zion zirrara bortitzaren ondorioz idatzi zuena. Eta, amaitzeko, Kim André Arnesen musikagile norvegiar garaikidearen Magnificat lana entzungo dugu, Nidarosko katedralean interpretatzeko pentsatutako obra. Katedral gotiko borealena den eta Norvegiako monumentu historiko garrantzitsuenetakotzat jotzen den eraikin honek kultur ikono estatusa lortu du.

Oscar Rodriguez Pastora organista gaztearen eta Nerea Gonzalez soprano bizkaitarraren laguntzarekin, Vocalia Taldeak musika erlijiosoan eta bere espazioetan barrena bidaia batean eramateko proposamen musikal berri eta iradokitzaile hau sortu du.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk