Waste Lab Bizkaia: ekonomia zirkularraren eta hondakin arloko berrikuntzaren gunea

Albisteak, Bizkaia

Elixabete Etxanobek Waste Lab Bizkaia zentro berritzailea inauguratu du, eta horrek Bizkaiak hondakinen prebentzioan eta kudeaketan duen posizioa indartzen du. Waste Lab Bizkaia Zamudio/Derio Campusan Euskadiko Parke Teknologikoko dago kokatuta, eta herritarren sentsibilizazioa, ikerketa aplikatua eta enpresen, ikertzaileen, tokiko erakundeen, ikasleen, profesionalen eta herritarren arteko lankidetza sustatzen ditu. Prebentzioaren eta ekonomia zirkularraren ikuspegitik, WLBk irtenbide praktiko eta jasangarriak bultzatzen ditu etorkizuneko erronkei aurre egiteko

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak Waste Lab Bizkaia (WLB) inauguratu du. WLB leku aitzindaria da hondakinen prebentzioan eta kudeaketan, eta Bizkaia arlo horretako erreferente bihurtzen du. Zentro berritzaile horren ardatzetako batzuk dira herritarren sentsibilizazioa, ikerketa aplikatua eta lurraldearen jasangarritasunerako funtsezko sektore batean inplikatutako eragileen arteko lankidetza. WLB Bizkaiko Zamudio/Derio Campusan Euskadiko Parke Teknologikoko dago, eta ekonomia zirkularraren erronkei aurre egiteko lana eta ezagutza batzeko asmoz sortu zen; horretarako, prebentzioa sustatzen du estrategia nagusi gisa, eta etorkizun jasangarriagoaren aldeko irtenbide praktikoen garapena bultzatzen du. 

Inaugurazioan, Etxanobek azpimarratu du Bizkaiak, Waste Lab Bizkaia zentroarekin, urrats erabakigarria eman duela jasangarritasunerantz, eta zentro aitzindari hori sektoreko eragile guztien lankidetzatik sortu dela. Waste Lab Bizkaia topagune izango da profesional, ikasle, ikertzaile, enpresa eta herritarrentzat, eta hondakinen prebentzioaren sustapena izango da bere ardatz nagusia; horretaz gain, ekonomia zirkularra bultzatzen duten proiektu berritzaileen garapena erraztuko du.

Waste Lab Bizkaia lankidetza-proiektu gisa sortu da, eta zeregin horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak Aclima Euskadiko Ingurumen Enpresen Klusterrarekin eta EIDE Euskal Diseinuaren Elkartearekin batera lan egin du. Zentroa lankidetza publiko-pribatuari esker diseinatu da, eta bertan, abangoardiako baliabide teknikoak, ezagutza espezializatua eta ikuspegi praktikoa uztartzen dira, herritarrei hondakinen kudeaketaren arloko erronkak eta irtenbideak hurbiltzeko. 

Inaugurazioan, ahaldun nagusiak azpimarratu du Waste Lab Bizkaia guztiontzako espazio bat edo ideia-mintegi bat dela, eta bertan, gazteek, profesionalek eta enpresek proiektuak garatu eta jakin-mina pizteaz gain, parte hartze aktiboa izan ahal dutela ekonomia zirkular eta arduratsuago baterako bidean. Zentro horrekin, Bizkaiak jasangarritasunarekin duen konpromisoa berresten du eta, are gehiago, berrikuntzaren eta lankidetzaren aldeko apustu estrategikoaren buru da; izan ere, alderdi bi horiek funtsezkoak dira etorkizun garbiagoa eta kontzienteagoa eraikitzeko. 

Sei kolektibo estrategikoren beharrei erantzuten die

Waste Lab Bizkaia sei kolektibo estrategikoren beharrizanei erantzuteko diseinatuta dago: hondakinak sortu eta kudeatzen dituzten enpresak, zentro berrian negozio-aukerak identifikatzeko eta baterako proiektuak garatzeko ingurune bat eduki dezaten; unibertsitateetako, teknologia-zentroetako eta enpresetako ikertzaileak, berrikuntza sustatzen duen gune batean lankidetzan jarduteko eta beren ekimenak aberasteko; hondakinen arloan eskumenak dituzten toki-erakundeak, beren politikei buruzko prestakuntza  eta garapenerako laguntza eta aholkularitza jaso dezaten; Lanbide Heziketako eta goi-mailako hezkuntzako ikasleak, beren prestakuntza praktikoa osatzeko eta pentsamendu analitikoa bultzatzeko; sormen-, teknologia- eta ekonomia-industrietako profesionalak, ekonomia zirkularrera bideratutako sare aktibo bat izan dezaten; eta, azkenik, herritarrak, oro har, espazio dinamiko eta interaktibo batean sentsibilizazio-, kontzientziazio- eta esperimentazio-jardueretan parte har dezaten. 

Hiru mailatan egituratua

Zentroa elkarri lotutako hiru mailatan egituratzen da, eta publiko bakoitzari egokitutako esperientziak eskaintzen dituzte. «Kalea» Waste Labeko goiko maila eta sarrerako atea da; ardatza sentsibilizazioa da, eta horretarako, murgiltze-jarduerak eskaintzen ditu, bisitariari hondakinak behar bezala bereiztearen garrantzia azaltzeko. Leku horretan harmailak daude ikus-entzunezko edukiak eskaintzeko, eta horretaz gain, talde-txirrista batetik jaitsiz gero, plastikozko botilen igerileku batera heltzen da, hondakinak berreskuratu eta balorizatzeko lana nabarmentzeko. Azkenik, material birziklatuen benetako adibideak ere erakusten dira.

Beheko maila, «Auzoa», ikerketa- eta esperimentazio-gunea da. Espazio horrek ikertzaileen, profesionalen eta ikasleen arteko bizikidetza eta elkarlana sustatzen ditu, eta baliabideak erabilgarri edukiko dituzte, esaterako, materialen bilduma bat (fisikoa eta online), hondakinak balorizatzeko, hondakin gutxiago sortzeko eta sistema eta politika egokiak sustatzeko irtenbide berritzaileak garatu ditzaten.

Tarteko maila, «Plaza», inplikatutako eragile guztientzako topagunea da. Espazio malgu hori topaketak egiteko, elkarrekin sortzeko eta probak egiteko diseinatuta dago, eta helburua da ezagutzaren transferentzia eta elkar sentsibilizatzea. Tarteko maila honetan tailerrak, ekitaldiak eta dinamikak egiten dira, publiko desberdinen arteko elkarrekintza indartzeko, adituak zein ez izan, hondakinen arloko jardunbide onenak zabaltzeko helburuarekin.

Partekatu

Beste berri batzuk