Zibersegurtasunari buruzko Euskadiko CounterCraft enpresa, ziberadimenaren hornitzaile Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Sailarentzat
Ameriketako Estatu Batuetako Defentsako Berrikuntza Unitateak CounterCraft-en CyberDeception-en soluzioa du, zibermehatxuen aurreko ziberadimenerako eta defentsa aktiborako iturri gisa
CounterCraft-ek, 2021. urtearen hasieran, sendotu egin du bere hedapen-plana, eta Ameriketako Estatu Batuetara zabaldu du ekipoa, eta bulegoa ireki du New Yorken
CounterCraft konpainia liderra da defentsa aktiboan eta ziberadimenean; Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza, eta AEBetako Defentsa Saileko Berrikuntza Unitateak hautatu du, bere Cyber Deception soluzioa ezartzeko, zibermehatxuei aurre egiteko bide gisa. Sinatutako akordioaren bidez, Defentsa Sailak abian jarri du CounterCraften soluzioa, bere eragiketa-unitateei mehatxuen adimen-gaitasunak eman eta mehatxuen detekzio goiztiarra hobetzeko.
CounterCraft konpainiak Defentsa Saileko Berrikuntza Unitatearekin eta Estatu Batuetako zenbait unitate operatiborekin dihardu lanean, bere misioetan eraginkortasuna sendotzeko; horretarako, sail horietako segurtasuneko operadoreei bere teknologian sartzeko aukera ematen die, zeina gai baita zuzendutako zibererasoak detektatzeko eta aurkariei buruzko adimen proaktiboa jasotzeko.
“Ohore handia da gure teknologia AEBetako Defentsa Sailaren defentsa aktiboaren inguruko estrategiaren funtsezko alderdi izatea”, esan du David Barroso CounterCrafteko sortzailekideak eta CEOak. “Harrigarria da ikustea zibersegurtasuneko mundu-mailako potentzietako batek nola bereganatzen duen gure teknologia, zibermehatxuei aurrea hartzeko behar diren estrategiarekin eta jarrerarekin, kontuan hartuta zibermehatxu horiek zer aldakorrak diren eta gero eta sofistikatuagoak direla”.
CounterCraften soluzio berritzaileak eta sarituak erakundeetako benetako ingurune digitalen berdintsuak diseinatzen eta zabaltzen ditu, informazio eta zerbitzari faltsuez josita, erasotzaileak erakartzeko. Helburua honako hau da: haietan dagoen edozein jarduera susmagarri detektatzea, zibererasotzaileen adimen aurreratua eskuratzea eta denbora errealeko alertak sortzea, erakundeen defentsa aktiboa bultzatzeko. Konpainiak, 2021ean, Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Sailarekin duen proiektuaren ondoriozko arrakastak sendotuta, bulegoa inauguratu du New Yorken, eta, hala, lantaldea handitu du, zibersegurtasuneko zenbait aditu ezagunekin, zeinek aurretiko esperientzia baitute ospe handiko zenbait erakundetan, besteak beste: National Security Agency (NSA), Goldman Sachs eta Ameriketako Estatu Batuetako Aireko Indarra.
DIU Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Sailaren berrikuntza-unitatearen helburu nagusia da soluzio teknologiko berriak ezagutu eta sail horretan berehala ezartzea.
“Zibererasotzaileen inguruko kalitate handiko mehatxuei buruzko adimena eskuratzeko gaitasunak inflexio-puntua dakar”, esan du David Barrosok. “Analista estatubatuarrek CounterCraften gaitasunak erabiltzeak baliozkotu egiten ditu gure ikuspena eta teknologia, eta harro egoteko motiboa da gure konpainiarentzat. Orain, Estatu Batuetatik hedatzeko prozesuan gaude, segurtasunari dagokionez onena eta berritzaileena bilatzen duten bezeroei laguntzeko”.
CounterCraftek finantzaketa-txanda bat jaso du oraintsu, arrisku-kapitaleko zenbait enpresaren eskutik, besteak beste, Adara Ventures, ORZA, eCAPITAL, Elewit, Evolution Equity Partners eta Wayra enpresen eskutik; 10 milioi dolar, guztira, sortu zenetik. DIU eta Defentsa Saila ere, orain, bezeroen zerrenda luzean daude; zerrenda horretan, besteak beste, Fortune500 ere badago, eta finantza- eta gobernu-sektorean diharduten bazkideak, bai eta azpiegitura kritikoetakoak ere.