Zientzia ‘gozo’ jarriko da Donostian

Gipuzkoa

Biomagunek glikozientziaren inguruan antolatutako kongresu bat hartuko du Donostiako Parke Teknologikoak uztailaren 19tik 21era bitartean. MIT erakundeak mundua aldatuko duten 10 teknologia emergenteen artean sartu zuen 2003an glikozientzia. Zelulen gainazalean aurkitzen diren karbohidratoak azterteaz arduratzen da glikomika izeneko zientzia, eta elementu kimiko horiek prozesu biologikoekin eta patologia desberdinekin izan dezaketen harremana ikertzen du. Topaketara lehen mailako erreferentzia diren ikertzaileak etorriko dira, esate baterako Vicente Vérez Bencomo kubatarra, karbohidrato sintetikoetan oinarritutako aurreneko txerto bideragarriaren sortzailea, edo Shin-Ichiro Nishimura japoniarra, gluzidoen azterketa masiborako teknika berriak garatzeko aitzindaria.

Gipuzkoako hiriburua glikozientzian espezializatua dagoen komunitate zientifikoaren arretagune bilakatuko da datozen uztailaren 19an eta 21ean. Aurrera begira proiekzio handia izan dezakeen arren, oraindik ere aski ezezaguna den Glikozientziaren ezagutza-arloak karbohidratoetan dauka jarria bere azterketa guztien ardatza.

Glikozientzia konplexutasun handiko ezagutza-eremua da, bere barruan zientzia-diziplina asko eta oso diferenteak biltzen dituena. Karbohidratoek hainbat eremutan —osasunean, energian edo bioteknologian adibidez— izan ditzaketen eginkizunak eta aplikazioak aztertzea da zientzia horren helburua. Glikomikak arlo zehatzagoa hartzen du, eta glikoman zentratzen du bere azterketa, organismo edo zelula edo ehun batean dauden karbohidratozko egitura-multzo osoan bestela esanda.

Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak mundua aldatuko duten hamar teknologia emergenteen artean sartu zuen 2003an glikomika, irudi molekularra, eguzki-nanozelulak edota mekatronika bezalako beste teknika batzuekin batera, hain zuzen ere.

‘Increasing the Impact of Glycoscience through new Tools and Technologies’ izenburua daraman kongresu hau, Donostiako Parke Teknologikoan kokatua dagoen Biomagune Biomaterialen ikerketa Zentroko ikertzailea den Niels Reichardt Dk.ak antolatu du, eta nazioarte mailan eremu honetan espezialista eta aditurik handienetako batzuk bilduko dira bertan, glikozientziak lanabes eta teknologia berrien garapenari esker egunetik egunera duen eragin handiagoa aztertzeko asmotan.

Zientzia diziplina desberdinen artean —kimika organikoa eta analitikoa, proteomika, genomika, materialen zientzia, ikerkuntza klinikoa eta beste hainbat diziplinaren artean, nagusienak aipatzearren— elkarrekintza ahalik eta handiena sortzeko oinarriak jarri nahi lituzke topaguneak, leku eta gune orotan presente egon arren konplexuak eta isolatzen oso zailak gertatzen direlako ikertzaile askok baztertu samartuak dituzten biomolekula horien eginkizunak aztertzeko modu bakarra delakoan.

Kongresura 17 herrialdetako 100 ikertzaile baino gehiago etorriko dira, nazioartean erreferentzia nagusi direnak horietako asko, esate baterako Vicente Vérez Bencomo kubatarra, karbohidratoetan oinarritutako aurreneko txerto bideragarriaren sortzailea; Ben Davis britainiarra, glikoproteina terapeutikoen sintesian eta irudi molekularrean aditua; edo baita Geert-Jan Boons nederlandarra ere, karbohidratu konplexuak sintetizatzeko metodoak nabarmen hobetu dituena, eta aldi berean karbohidratoetan oinarritutako minbiziaren kontrako txertoak garatzen aitzindaria.

Zientzia ‘gozoa’

‘Gliko’ aurrizkia grekeratik dator, eta kimikan erabiltzen da azukreak edo gozoak adierazteko. Gure dastamenean ohizkoak diren aukeren artean nagusi eta kafea gozatzeko edo pastel bat dastatzeko ezinbestekoa gertatzen den substantzia hori, azukrea, karbohidratoen familiakoa da. Baina aurreko funtzioez gain, substantzia horiek eginkizun biologiko garrantzitsuak dauzkate, presente baitaude zelula guztien gainazalean, zitosolean, eukariotoen nukleoetan eta baita zelulaz kanpoko matrizean ere.

Karbohidratoak egitura konplexuak dira, eta lotura kobalenteen bidez arlo eta alderdi desberdinetan aritzen diren beste zelula edo molekula ugarirekin lotu eta ainguratzen dira: batzuk aipatzekotan, zelulen arteko elkarrekintzak, zelulen eta patogenoen arteko harremanak, nahiz zelulen hazkundea edo seinalizazioa bezalakoak nabarmenduko genituzke. Eta horrez gain, funtsezko papera jokatzen dute zelulen garapenean eta baita gaixotasun askoren —esaterako minbiziaren, Alzheimerraren ed o infekzio biriko nahiz bakterianoen— garapenean ere.

Horrexegatik, zelulen gainazala estali eta sarritan patogenoen sarrerarako hartzaile zelular gisa jokatzen duten karbohidratoak edo gluzidoak diana edo itu nagusi bilakatzen dira gaixotasun infekziosoen kasuan. Laburbilduz, esan daiteke erabilera handikoak izango direla berandu baino lehen patologia hauen eta beste patologia batzuen diagnostikoan nahiz tratamenduan.

Gluzidoek organismo batean dituzten egitura eta eginkizunak ulertzeko bidean, glikomika giltzarria izan daiteke behatutako fenotipoa duen gene jakin bat aztertzeko. Horrela, bada, glikomikaren garapenean egindako aurrerapausoak organismo baten osaera edo konposizio molekularra deskodetzeko eman beharreko hurrengo pausoa izan daitezke. Izan ere, jatorrian karbohidratoak energia-iturri edo egitura-mailako osagai moduan soilik ulertu eta hartzen baziren ere, gaur egun gure gizarteak dauzkan arazo larrienetako batzuen irtenbidea izatera ere irits daitezke karbohidratoak.

Kongresuari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, sakatu hemen:

http://www.cicbiomagune.es/euroglycoarrays/index.php

Eguna: 19/07/2012

Partekatu

Beste berri batzuk