Zientzia, Teknologia eta dibertsioa, FLL Euskadi Berrikuntza-Eskolaren laugarren edizioan

Bizkaia

  • Zornotzako Karmengo Ama, Bizkaiako Colegio El Regato eta Donostiako Axular Lizeoa taldeak geratu dira lehenengo, bigarren eta hirugarren tokian, hurrenez hurren.
  • Guillermo Ulacia Innobasqueko presidenteak uste du “FLL Euskadi berrikuntza-eskolak sormena eta talentua ikuspegi integraletik garatzen dituela, berrikuntza-klabean pentsatzen eta jarduten irakasten baitie bertan parte hartzen duten guztiei”.
  • FIRST LEGO LEAGUE (FLL), Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatua, nazioarteko txapelketa da, zientzia- eta teknologia-arloetako bokazioak sustatzen dituena, baita berrikuntza, sormena eta talde-lana ere. Aurtengo erronka zahartzearen ingurukoa izan da.
  • Jardunaldiak oihartzun nabarmena izan du gizarte-sareetan #FLLEuskadi hashtag bidez (1.000 tuit baino gehiago) eta Storify-n kontsulta daiteke; plataforma honek istorioak kontatzeko aukera ematen du gizarte-sareen bidez erabiltzaile askoren artean eta denbora errealean.

Zornotzako Karmengo Ama taldeak irabazi du gaur FIRST LEGO LEAGUE (FLL) Euskadiren laugarren edizioa, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatua, talderik osoena izan baita lehiaketan; bigarren tokian Bizkaiako Colegio El Regato bigarrena geratu da, eta hirugarren tokian Donostiako Axular Lizeokoak. Guztira 33 taldek parte hartu dute, 9 eta 16 urte arteko 330 ikaslez osatuta, eta 100 boluntariok baino gehiagok; jardunaldi ahaztezina izan da, nerbioz, ezustekoz, musikaz, robotez, dantzaz, zientziaz, berrikuntzaz, mozorroz eta sormen handiz betea, eta Iban Garate eta Gemma Martinez aktoreek alaitua. FLL EUSKADIk zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzen ditu. Nola? “Berrikuntza-eskola honen ereduak sormena eta talentua ikuspegi integraletik garatzen ditu, berrikuntza-klabean pentsatzen eta jarduten irakasten baitie bertan parte hartzen duten guztiei” esan du Guillermo Ulacia Innobasqueko presidenteak. Jardunaldiak oihartzun nabarmena izan du gizarte-sareetan #FLLEuskadi hashtag bidez eta Storify-n kontsulta daiteke; plataforma honek istorioak kontatzeko aukera ematen du gizarte-sareen bidez erabiltzaile askoren artean eta denbora errealean.

FIRST LEGO LEAGUE nazioarteko lehiaketa da, kirol-ekitaldien formatua duena, zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzen dituena, baita berrikuntzaren balioak, sormena eta talde-lana ere 9-16 urte arteko gazteen artean. Helburua jostatu edo dibertiaraziz heztea da, eta horretarako proiektu zientifiko bat, proiektu tekniko bat eta, “LegoMindstorm” piezak erabiliz, robot baten diseinua eta programazioa egin behar dituzte.

Antolatzaileek aurten mundu osoan bota duten erronka, Zahartze Aktiboaren Europar Urtearekin bat etorriz, zahartzearen ingurukoa izan da. Aurten, nobedade gisa, taldeek 60 urtez gorako norbait sartu behar izan dute beren lan-prozesuetan, soluziobide berritzaile bat identifikatzea lortzeko, pertsona horri aktibo, interkonektaturik eta konprometituta egoten laguntzeko.

Ulaciak azpimarratu du “FLL proiektu berritzailea dela, ikerketa berrikuntzarekin eta enpresa hezkuntzarekin lotzen dituena, eta funtsezko ekarpena egiten duela ezagutza edo jakintza teknologia-zentroetatik eta unibertsitatetik gizartera transferitzen.” FLL Euskadiren ezaugarrietako bat hauxe da: talde eta boluntarioek, parte hartzeaz gain, aldez aurretik prestakuntza jasotzen dute eta, horrela, hezkuntza ikasgelatik irtetea eta ezohiko kanalen bidez zabaltzea lortzen da. Aldi berean, esperientzia honek suposatzen du ikertzaileek beren ezagutza zabaldu behar dutela aditua ez den jendartean. Zeregin honetan Azti-Tecnalia, Tecnalia, EHUko Esperientzien Ikasgelak, Neurozientzien Achucarro BERC, Vicomtech-IK4 eta Innobasque sartu dira.

Nazioarteko presentzia

FLL mundu osoko 61 herrialdetan egiten da, eta aurten 200.000 ikasle ari da parte hartzen 12.000 talde baino gehiagotan. Antolatzaileek nazioarte mailan 30.000 boluntario mobilizatzen dituzte mundu osoan dauden 400 lehiaketaren inguruan.

Gaur sailkaturiko hiru taldeek Espainiako finalean parte hartuko dute, eta han ezagutuko dira Estatu Batuetara joango diren taldeen izenak World Festival-en lehiatzeko, edo European Open Championship delakora. Euskadik esperientzia du eremu honetan, urtero egon izan baita euskal ordezkaritza nazioarteko lehiaketetan.

Lehiaketaren helburua neska-mutikoak heztea, dibertiaraztea eta motibatzea da, zientziara eta teknologiara hurbil daitezen. Helburua ondo bete da jardunaldian zehar, taldeak norgehiagokan aritu baitira mahaietan, non beraiek diseinatu eta programaturiko robotek eman zaizkien zeregin edo misioak betetzen baitzituzten. Gainera, taldean ondo lan egiteko eredu izan dira profesionalek osaturiko epaimahaiaren aurrean beren proiektu zientifikoak azaldu eta proiektu teknikoak defenditzen zituzten bitartean. Beren sormen guztia erabili behar izan dute mozorro, abesti, antzerki, eszenaratze, bideo, multimedia, prototipo eta abarren bidez.

Lehiaketaren dinamika

Lehiaketak taldeek ikasteko garatu behar dituzten lau eremu planteatzen ditu. Lehenengoa proiektu zientifikoa da, eta hor parte-hartzaileek benetako arazo bat identifikatzen dute, erronkaren gaiarekin ─aurten zahartzearekin─ zerikusia duena, eta irtenbide berritzaile bat eskaini behar dute, gainera beren komunitatearekin partekatu behar dutena.

Bigarren, talde bakoitzak bere proiektu teknikoaren defentsa egin behar du epaimahaiaren aurrean, eta hor robotaren diseinu- eta programazio-fasean aurkitu dituzten zailtasunak jaso eta dokumentatzen dituzte. Balioen eremuan, talde-lana balioesten da bereziki, eta gazteek honako hauek azaltzen dituzte: nola antolatu diren beren artean, entrenatzaileekiko harremanak eta aurkitu dituzten zailtasunentzako konponbideak bilatzeko era. Aurten, nobedade gisa, epaileek ezusteko proba jarri diete, hiru minututan ebatzi beharrekoa: irudi geometriko bat egitea eskura zituzten baliabideekin proiektuen defentsaren ondoren.

Azkenik, lehiaketa robotikoan robot bat egin dute “Lego Mindstorm” kit-az baliatuta, eta programatu egin dute erronkarekin —zahardadearekin— zerikusia duten zenbait misio edo eginkizun egiteko. Honela, taldeek konexioak ezarri dituzte robotaren misioen artean, erronkaren zientzia-izaera ulertu eta garatu dute, eta beraiek planteaturiko arazoentzako soluziobide berritzaileak eskaini dituzte.

Lagundu dutenak

Innobasquek honako hauen babesa izan du: Euskaltel, La Caixa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate Saila; Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila; UPV/EHUko Zientzia Kulturaren Katedra; Iñaki Goenaga Fundazioa; Ausolan; eta Tecnalia eta IK 4 korporazio teknologikoak.

Partekatu

Beste berri batzuk