Zientzialari berrien prestakuntza bideratzeko, Europak biomaGUNE IKZren esku utzi du “Marie Curie” proiektu biren lidergoa

Gipuzkoa

IMMUNOSHAPE eta HYMADE egitasmoen bidez prestakuntza jasotzeko eta elkartrukeak egiteko aukera eman zaie patologia autoimmuneetan, minbizian, material hibridoetan, nanofabrikazioan eta irudi molekularrean espezialista diren ikertzaileei.

Proiektuen finantzaketa globala 8 milioi eurotik gorakoa da; horietatik 1,8 milioi bideratuko dira ikerketa-zentro donostiarrera.

Niels Reichardt, biomaGUNE IKZko ikertzailea: “Doktoregai batentzako prestakuntzarik onena ‘Marie Curie’-ak dira, dudarik gabe”.

CicbiomaguneBiomaterialen Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak, hots, biomaGUNE IKZk, “Marie Curie” proiektu europar biren gidaria da. Hala, ikertzaileei prestakuntza eta garapen profesionala eskainiko zaie hedadura zientifiko handiko zenbait alorretan: glikozientzian –karbohidratoak aztertzen ditu– eta medikamentuak modu kontrolatuan askatzeko material hibridoan garapenean. Halaber, zentroak parte-hartze aktiboa du TLR4 izeneko molekularekin loturiko hirugarren egitasmo batean.

Ikertzaile europarrei prestakuntza eta elkartrukerako aukerak ematen dizkieten ekimen horiei esker, hurbilketa zientifikoko bide berriei ekingo zaie, besteak beste, desoreka autoimmune, alergia eta minbiziari aurre egiteko tratamenduei, edo materialen eta nanofabrikazioaren arloko garapen berriei.

Hiru proiektuen finantzaketa globala 8 milioi euro baino gehiagokoa da, zeinetatik 1,8 milioi inguru ikerketa-zentro donostiarrarentzat izango baitira. Europako Batzordearen Marie Skłodowska-Curie programak ikerketara bideratutako ekintzak jasotzen ditu, eta doktorego-prestakuntza ekimenik garrantzitsuentzat hartzen da Europar Batasunean.

IMMUNOSHAPE

Euskal zentroko ikertzaile Niels-Christian Reichardtek –karbohidratoen kimikan eta immunoglikobiologian espezialista– zuzentzen du IMMUNOSHAPE. Proiektuaren xedea da ikertzaileen belaunaldi berria trebatzea glikozientziaren praktika zientifikoan eta biomedikoan. Izan ere, glikozientzia konplexutasun handiko ezagutza-arloa da, karbohidratoak ez ezik, horiek proteina eta lipidoekin duten erlazioa ere aztertzen dituzten diziplinak barne hartzen dituena.

Ekimenak 3,8 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 781.922 euro euskal ikerketa-zentrora bideratuko dira. Ikertzaileak gaitzea da asmoa; punta-puntako teknologiak konbinatuz, glikano-egitura berrietan oinarritutako immunoterapiak gauza ditzaten. Ondoren, minbizia, gaixotasun autoimmune eta alergien tratamenduetarako erabili ahal izateko.

Reichardt zientzialariaren arabera, “Prestakuntza-ekimena den arren, hainbat teknologia konbinatzen dituen proiektu zientifiko batean erabiltzen da, immunoterapiak lortzeko asmoz. Alde batetik, minbiziari eta gaixotasun autoimmunei tratamendua jartzeko; bestetik, txertoak garatzen laguntzeko”.

Karbohidratoez osatutako geruza lodi batek estaltzen ditu organismoa inbaditzen duten eta gaixotasunak sorrarazten dituzten patogenoak. Sistema immunea baldin bada, karbohidratoen zatien elementu exogenoak identifika daitezke, ondoren, dagokion erantzuna prestatzeko.

“Gaixotasunarekin loturiko antigenoak modu selektiboan bidaltzen zaizkie hartzaileei. Hartzaileek karbohidratoak espezifikoki ezagutzen dituzte, kidetutako antigenoa barneratzen dute eta sistema immuneari aurkezten diote nahi den erantzuna aktiba dezan. Alergia eta gaixotasun autoimmuneak tratatzeko, erantzunak antigenoa onartu beharko du. Minbiziaren eta infekzio biriko edo bakterianoen kasuan, aldiz, erantzuna programatzen egiten da egitura arrotzei aurre egiteko. Hauxe da jarraitzen den estrategia: gorputzarekin lan egiten da, patogeno eta tumoreak hobeto ezagut ditzan eta, gero, erantzun immune egokia osatzeko”, dio Reichardtek.

Ikertzaileak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da proiektua Marie Skłodowska-Curie ekintza-programaren barruan egotea, ikertzaileen mugikortasun internazionala sustatu ez ezik, giza-kapitala prestatzeko oso tresna erabilgarria ere badelako. “Doktoregai batentzako prestakuntzarik onena Marie Curie proiektuak dira, dudarik gabe” gehitu du.

biomaGUNE IKZz gain, ekimenean beste 13 bazkidek parte hartu dute, besteak beste, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC), Amsterdameko Unibertsitateak, Berlingo Max-Planck Institutuak, Milango Unibertsitateak, Grenobleko Joseph-Fourier Unibertsitateak, Minbiziaren aurkako Ikerketa Zentro Alemaniarrak, nanomedikuntzan diharduen Midatech enpresak (Derio), eta Novartis farmazeutikoak.

HYMADE

biomaGUNE IKZk gidatzen duen bigarren proiektua HYMADE da. Material porotsu, polimero eta partikula biraletatik abiatuta, askapen kontrolatuko sistemak garatzea du helburu, baita ea minbizia nahiz gaixotasun kronikoen tratamendurako aplikagarriak diren ebaluatzea ere.

Erabilitako materialen porositateak aukera ematen du sendagaiak txertatzeko. Ondoren, sendagaiok progresiboki askatuko dira polimero eta partikula biralen bidez azala aldatu zaien partikula porotsuetan. Oso kontrolatuta egongo da askatzen diren materialen norabidea. Sintesi, karakterizazio fisiko-kimiko, modelatze eta in vitro zein in vivo azterketetatik abiatuta, sistema horiek aztertzeko bide emango du Sergio Moya ikertzaileak koordinatutako ekimenak.

“Produktuaren fabrikazioaz bestalde, sistema horien funtzionamendua ezagutzea da gakoa, farmakoak nola kapsulatu behar diren aztertzea, eta substantzia horiek organismoan nola askatzen diren ere bai”, nabarmendu du zientzialariak.

Profesionalen elkartrukea eskaini ez ezik, proiektuak aukera emango die doktoretzako ikasleei Europatik kanpoko egonaldiak egiteko, “ekarpen esanguratsua baita euren hazkunde pertsonal eta profesionalerako”.

Ezarritako xedeak betetze aldera, zortzi erakundek elkarlanean dihardute HYMADEn; horien artean, lau europarrak dira. Hainbat herrialdetatik –hala nola Alemania, Austria, Frantzia, Espainia, Estatu Batuak, Argentina eta Armenia– etorritako zientzialari aitzindariek osatuko duten diziplinarteko taldea ondoko alorretan jardungo da: materialen zientzia, kimika, fisika eta biofisika. Guztira, 1,2 milioi euroko aurrekontua izango du ekimenak, zeinetatik 772.000 jasoko dituen biomaGUNE IKZk.

TOLLERANT

Gainera, Donostiako zentroa TOLLERANT izeneko hirugarren proiektu batean murgilduta dago. Marie Skłodowska-Curie programan jasotzen da ekimena, eta eremu terapeutikoan ikerketak gauzatuko dituen sare internazional batean bilduko ditu Europako 10 bazkide esanguratsu.

Juan Mareque ikertzaileak (Ikerbasqueko irakaslea) kolaboratuko duen ekintza horren bidez, TLR4 molekularen portaera gehiago ezagutu nahi da. Izan ere, oraindik tratamendu farmakologiko espezifikorik ez duten gaixotasun sorta zabalarekin lotzen da molekula hori; hantura kronikoarekin, asmarekin edo minbiziarekin, kasu.

Epe luzera, TLR4-n oinarritutako terapia-generazio berria garatu gura da, txerto laguntzailekide eta agente antiinflamatorio gisa erabiltzeko.

Milango Unibertsitatea buru duen partzuergoan daude, besteak beste, Bielefeldeko Unibertsitatea (Alemania), Diomune zentro espainiarra, bioGUNE IKZ eta Eslovakia Kemijski Institutua. Guztizko aurrekontua 3,12 milioi eurokoa da.

Partekatu

Beste berri batzuk