Zukerman eta Forsyth izar handiak izango dira larunbat honetako Matinéearen protagonistak

Albisteak, Gipuzkoa

Egunotan Denboraldi Sinfonikoan Euskadiko Orkestrarekin eszenatokia partekatzen ari diren Pinchas Zukerman biolinaren mitoak eta Amanda Forsyth biolontxelojoleak Miramongo Matinéeen edizio berezia eskainiko dute larunbat honetan, azaroak 30, 11:00etan. Azken sarrerak salgai

Larunbat honetan, azaroak 3011:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko bosgarren hitzordua izango da. Hitzordu berezia izango da, nazioarteko izan handiak igoko baitira Miramongo eszenatoki gainera: Pinchas Zukerman biolinjolea eta Amanda Forsyth biolontxelojolea. Egunotan, ‘Mozart / Beethoven’ orkestraren Denboraldiko laugarren programa sinfonikoaren protagonistak dira biak.

Zukerman nazioarteko punta-puntako musikaria da. Isaac Stern eta Pau Casalsek babestu zuten hasieran, eta biolinerako literatura handi guztia interpretatu du, XX. mendeko musikaririk ezagunenekin batera. Hala, oso hurbileko harremana du hainbat artistarekin, hala nola Zubin Mehta, Daniel Barenboim edo Jacqueline du Pre-rekin. Diskografia oso zabala du, 100 obra baino gehiago grabatu ditu eta bitan irabazi du Grammy saria. Gainera, orkestra-zuzendari trebea da.

Forsythi dagokionez, biolontxeloaren izar handia da haren jatorriko herrialdean, Kanadan. Calgary Philharmonic eta National Arts Centre Orchestrako biolontxelista nagusia izan da, eta Yo-Yo Ma, Garrick Ohlsson, Yefim Bronfman edo Wynton Marsalisen gisako artistekin batera lan egin du solista gisa.

Kontzertu honetan biolin eta biolontxelorako duoak eskainiko dituzte, garai bereko bi musikagilerenak: Reinhold Gliere ukrainarra eta Zoltan Kodaly hungariarra. Gainera, Zukerman eta Forsythek interpretatuko dituzten obrei buruzko azalpenak emango dituzte zuzenean.

Azken sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk