2.000 lagunek era berri bat garatu dute berdinen artean ekiten ikasteko

Bizkaia

 

Eusko Jaurlaritzak antolatutako 10 Ekintzaletza Tailerrak  Ekintzailetzaren Euskal Sistemaren berrikuntza bat dira.

Ekintzaileek beren esperientziak partekatzen dituzte beren proiektuen bideragarritasuna aztertzeko, negozio ideiak aurkitzeko eta enpresak edo salmenta estrategiak berrasmatuko dituzten formulak bilatzeko.

 

Pasa den azarotik 2.000 lagun inguru modu berri bat garatzen ari dira berdinen artean ekiten ikasteko. Aktiboki parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatu dituen 10 tailerretan, non ekintzaileek beren esperientziak trukatzen baitituzte negozio ideia onak aurkitzeko, proiektu nahiz salmenta estrategiak berrasmatuko dituzten formulak bilatzeko eta negozio ideien bideragarritasuna aztertzeko.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Euskadi Emprende ekimenaren babesean antolatutako esperientzia honen bidez, Arantza Tapia sailburua jada betetzen hasi da Eusko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian bere gain hartu zuen konpromisoetako bat:  Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua eraginkorki garatzea, esparru horretan lanean diharduten eragile guztien arteko lankidetza ahalbidetzeko.

15 urteko esperientzia duen eta arlo honetan erreferente den “Emprendedores” argitalpenaren eskutik antolatu dira hamar tailerrak EHUk Abandoibarran duen egoitzan. Saio bakoitzak irauten duen laurogeita hamar minutuetan zehar hainbat gai lantzen dira: enpresa barneko komunikazio eraginkorra, nola berrasmatu negozioa, nola sortu negozio ideia propioa, saltzen ikastea, negozio aukerarik onenak bilatzea, bizirauteko finantzak, ekintzaileentzako aholkuak, negozioen bideragarritasuna eta nola saldu sare sozialetan. Datorren maiatzean eskainiko da produktuen salmenta marketinari buruzko azken tailerra, “Ekintzaileentzako Gerrilla Marketina” izenburupean.

Gainera, saioetan oso metodologia praktikoa erabiltzen da; berdinen arteko esperientziak azaltzen dira, adibideak nahiz simulazioak baliatzen dira eta parte-hartzea aktiboki sustatzen da. Ikastaroen ostean onlineko tutoretza bat egiten da Euskadi Emprende-ren linkedin kanalean http://www.linkedin.com/in/euskadiemprende), zalantza bat bera ere gera ez dadin argitu gabe, eta zuzenean emititzen dira streaming bidez http://www.livestream.com/euskadiemprende.

Hain zuzen ere, parte hartu duten 2.000 bat lagunen arteko elkarreraginak 1936 profil sortu ditu Euskadi Emprende ekimenak Linkedin sare sozialean dituen lantaldeetan, non parte-hartzaile bakoitzak bere ideiak eta esperientziak partekatu baititu gainerakoekin. Euskadi Emprende ekimenaren helburu nagusia da ezagutza trukatzeko eta proiektuak garatzeko sare bat osatzea, ekintzailetza gaietan zerikusia duten guztien parte-hartzeari irekirik dagoena. Euskadi Emprende lankidetza, kolaborazioa eta koordinazioa da. Eta helburu hori gogoan, tailerretan sortzen den dokumentazio guztia partekatzen du horretarako sortutako kanal sozialetan.

Parte-hartze handiena izan duten tailerrak salmenta esparruko gaitasunak handitzera bideratutakoak izan dira. Hala, “Saltzen ikastea” izeneko tailerrean 282 lagunek eman zuten izena, aretoan 160 bakarrik sar zitezkeen arren, eta “Nola saldu Sare Sozialetan” tailerrean 263 lagun elkartu ziren. Bertaratuen artean interes handia piztu zuten negozio ideiak estrespean jartzeko jasotako aholkuek, helburutzat harturik ideia horiei zukua ateratzea eta erosotasunaren eremu arriskutsutik irtetea.

“Zure negozioarentzako 10 ikastaro praktiko”

Ordena kronologikoan, hauxe izan da orain arteko tailerretako parte-hartze sekuentzia: “Komunikazio eraginkorra enpresan” izan zen lehena, 2012ko azaroan eta 177 ekintzailek eman zuten izena; “Berrasmatu zure negozioa” hilabete berean izan zen eta 143 lagun erakarri zituen; “Nola sortu zeure negozio ideia?” tailerrak  184 parte-hartzaile izan zituen abenduan; “Saltzen ikastea”, pasa den urtarrilean izan zen eta 282 parte-hartzaile elkartu zituen; “Negozio aukera onenak: sektore beroak eta sektore helduetako nitxo garrantzitsuenak” ere urtarrilean antolatu zen eta 196 ekintzailek eman zuten izena; “Bizirauteko finantzak”, otsailean izan zen eta 180 parte-hartzaile bildu zituen; “Ekintzaileentzako aholku praktikoak” otsailean izan izan zen eta 179 parte-hartzaile elkartu zituen; martxoko “Bideragarria al da nire negozio ideia?” tailerrak 113 lagun erakarri zituen eta pasa den apirilaren 15ean antolatutako “Nola saldu Sare Sozialetan” tailerrean 263 ekintzailek eman zuten izena.

 

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk