Adinekoei arreta emateko eredua aldatzea bultzatu du Ibermáticak, ‘E-Bizi’ ekimenari esker

Araba

i3B Berrikuntza Institutuaren bidez, adinekoei euren etxean bertan ematen zaien arreta soziosanitarioa hobetzeko proiektuaren aitzindaria da Ibermática. Euren etxeetan, autonomiaz eta duintasunez, bizitzen jarraitu nahi duten adinekoen gustuak, igurikimenak eta beharrak asetzeko arreta pertsonalizatua 2015erako lortzea izango da helburua, plataforma teknologiko berriaren eta erabiltzailearen eta zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeen arteko solaskidearen laguntzaz baliatuta.

ebizi IbermáticaBiztanleria zahartzen doa eta horrek lehen mailako erronka saihestezina dakar berekin, hainbat alorretan eragiten duena, besteak beste, ekonomian, pentsioetan, osasun-sisteman, gizarte-zerbitzuetan, etxebizitza-politikan, familian, hornitu beharreko zerbitzuetan, arkitektura politiko eta instituzionalean, eta I+Gn. Horregatik, adinekoei ematen zaien arreta soziosanitarioarekin loturiko hainbat erronkari egin beharko dio aurre gizarteak hurrengo urteotan; izan ere, egungo egoitza-eredua eutsiezina da, dela ekonomikoki dela sozialki.

Egoera horren aurrean, beharrezkoa da adinekoei ematen zaien arretarako eredu berriak bilatzea, egun dauden gabeziak gainditze aldera. Ibermáticak buru duen E-Bizi proiektuak eredu horietako bat planteatzen du, alegia, etxean bertan, zerbitzu berritzaileak ematea aurreikusten da, baita euskarri izango den IKT plataforma sortzea ere. Zerbitzu horiek guztiak koordinatzea eta arreta pertsonalizatu osoa lortzea da xedea, estaldura maila altua lortu ez ezik, euren etxean, autonomiaz eta duintasunez, bizi nahi duten adinekoen gustuak, igurikimenak eta beharrak ere asetzeko.

Aipatutako egitasmoak protagonismo berezia ematen dio zerbitzu-hornitzaileen eta adinekoaren arteko solaskide bakarra izateari, hurbileko arreta pertsonalizatuari mesede egiten baitio eta kasuari jarraipen egokia eman baitakioke. Ondorioz, erabiltzaileen lagunarte-sentimendua areagotzen da. Tresna espezifikoen bidez, solaskideak identifikatu egingo ditu adinekoaren beharrak eta kezkak, arreta- edo laguntza-eskakizunetatik haratago. Balorazio horretatik abiatuta, eta erabiltzailearekin berarekin, bizimodu-plan pertsonalizatua gauzatzen da. Bertan, erabiltzaileak dituen beharrak eta nahiak jasotzen dira, eta etxean emango zaizkion zerbitzuak berariaz zehazten.

Zerbitzu zehatzak

Hasiera batean, proba moduan, zerbitzu batzuk abiaraziko dira E-BIZIn, besteak beste, telelaguntza aurreratua, dieten hornidura, lineako banku jarduera, etxebizitza-egokitzea eta etxez etxeko birgaitzea. Halere, sistema prest egongo da etorkizunean zerbitzu gehiago gehitzeko eta daudenak aldatzeko. Solaskideak beharrezko argibideak emango ditu, eta, beraz, Zerbitzuak Emateko Sistema Osoa jarriko da martxan, non engaiatutako eragileak koordinatuko diren.

Eskatutako zerbitzuak emango zaizkio adinekoari, etxean eta modu jarraituan, eta berak erabakiko du noiz eten gura dituen, nola lehentasunak hala egoera pertsonala aldatu direlako. Kasu horietan, erabiltzailea bere solaskidearekin harremanetan jarriko da berriz, eta solaskideak egoeraren jarraipena egin ondoren, hala behar izanez gero, zerbitzu-eskaintza berria aktibatuko du adinekoaren baimenarekin. Sistema etengabe eguneratzen denez, pertsonari naiz inguruabarrari egokitzen zaizkio.

Ezagutza integratzen duen plataforma informatiko baten bidez antolatuko dira adinekoaren eskakizunak (solaskidearen bidez), dauden zerbitzuak eta horniduraren kudeaketa. Plataforma horretatik ematen den informazioa beharrezkoa da zerbitzua egokia izan dadin, eta, komunikazio-interfazeen bidez, zerbitzu espezializatuak etxean emateaz arduratzen direnei helaraziko zaie. Adinekoak plataforma izango du etxean, eta horren bidez komunikatu ahalko da erreferentziazko pertsonarekin, bere egoera soziosanitarioaren inguruan berri emateko.

Onurak

Erabiltzaileengan duen zuzeneko nahiz zeharkako onuraz gain, zerbitzuak emateko aukera berriarekin adinekoak ohiko inguruan jarrai dezake. Era berean, laguntzarako kostuak murrizten dira, zerbitzu profesionalizatu koordinatuagoa, eraginkorragoa eta ekonomikoki jasangarriagoa hornitzen baita. Modu horretan, zerbitzuak emateko sistemaren iraunkortasunaren alde egingo da, eta geroz eta adineko, senide eta laguntza-emaile gehiagoren nahiak eta beharrak ase ahalko dira. Hortaz, etxean zerbitzuak jasotzen dituzten pertsonen ratioak gora egingo du.

Gainera, etxean zerbitzu gerontologiko pertsonalizatuetara bideratutako industria-ehuna sortzeko haztegia izango da E-BIZI. Arlo horretako produktu eta teknologia disruptiboari dagokionez, egintza horri esker Estatuko zein nazioarteko erreferente bilakatu beharko lirateke euskal gizartea eta euskal enpresak, eta mehatxuak aukera bihurtu, Euskadik sektorean zeregin garrantzitsua izan dezan.

Egitasmoan, Ibermáticak ondokoen laguntza du: Ausolan, Euskaltel, Gaia, Ikusi, Igurco Gestión, Matia Fundazioa, Gipuzkoako Poliklinikoa eta Salud Nova. Hainbat zentro teknologikok eta ikerketa-zentrok ere parte hartzen dute, besteren artean, i3B, Tecnalia Fundazioa, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, UPV/EHU, Ikerlan-IK4 eta Ingema Fundazioa. 2015eko abenduan amaitzea aurreikusten da.

Partekatu

Beste berri batzuk