Aernnova Aeroestructuras Alava enpresak erregaia aurreztea ekarriko duen lehen hego adimendua entregatu dio europako Clean Sky partzuergoari

Araba

Aernnova Aeroestructuras Alava enpresak hego adimendun bat entregatu dio Europako Clean Sky partzuergoari. Hego horri esker, hegazkinaren erresistentzia aerodinamikoa % 5 murriztea espero da eta hala, erregai asko aurreztea. Gisa honetako bakarra da proiektu hau Europan eta Aernnovaz gain, beste enpresa eta zentro batzuk ere partaide dira; hala nola: Airbus, GKN, Saab eta Dassault

IMG_0441Berantevilla muntatutako hegoa, gaur entregatu den hori, Airbus A340-300 batean instalatuko dute hegaldiko saiakuntza egiteko eta saiakuntzak ondo ateratzen badira, eraginkortasun aerodinamikoaren erreferentzia izango da Europako fabrikatzailearen etorkizuneko programetan.

Aernnova, oinarrizko zati batzuk diseinatu eta fabrikatzeaz gain, produktua Aernnova Aeroestructuras Álava filialean integratzeko lanak ere egiten ari da.

Gisa honetako proiektu bakarra da Europan. Proiektuaren bidez, Aernnovak jauzi kualitatiboa egingo du, bai hegoen fabrikazioan, bai hegoak muntatzeko prozesuan, tresnetan, metrologian, monitorizazioan eta automatizazioan hobekuntzak eginda.

Aernnova Aeroestructuras enpresak Arabako Berantevilla udalerrian dituen instalazioetan izan da entregatze-ekitaldia. Eusko Jaurlaritzako Industria, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuorde Javier Zarraonaindíak eman dio hasiera eta amaiera, berriz, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez Vicentek.

Proiektuaren partaide diren enpresetako 50 ikerlari eta teknologo baino gehiago izan dira ekitaldian.

Airbus konpainia ordezkatuz, Torsten Bardewyck izan da, Clean Sky-ko Zuzendaritza Kontseiluko kidea eta Europar Batasuneko Negozio Garapenerako burua.

CLEAN SKY

Clean Sky hegazkinen etorkizuneko belaunaldiak ingumenari kalte txikiagoa egiteko moduan nola diseinatu behar den ikertzeko Europak eginiko apustu nagusia da.  2009an sortu zen partzuergo publiko-pribatu gisa (Europako Batzordea-Industria) eta Aernnova kide elkartua da.

Clean Sky partzuergoak hegaldietan saiakuntzak egiteko 5 erakusle handitan txertatzen diren teknologiak garatu ditu  2009-15 aldian. Aernnovak eginiko ekarpena Hego adimendunaren plataformakoa da. Hego adimendunaren proiektuak produktuen eraginkortasuna hobetzea du xedea; kasu honetan, hegazkinena.

BERRIKUNTZAN OINARRITUTAKO ETORKIZUNA

Clean Sky-k izan duen arrakastari esker, Aernnovak hiru proiektu berri gidatu ditu Europar Batasunaren H2020 programa markoan. Proiektu horietan, kide teknologiko izango ditu Aernnovak zentro hauek: Tecnalia, Tecniker, CTA, FIDAMC eta CATEC.

Bi ekimen horien bidez, Clean Sky, Aernnova Europako aeronautikaren garapen teknologikoaren goi-goian dago aipatutako enpresa eta zentroekin batera, eta Arabako Teknologia Parkeko ingeniaritza eta I+G+b zentroan egiten du hori guztia. 400 ingeniari eta ikertzaile baino gehiagok egiten dute han lan eta Arabako Aernnova Aeroestructuras filialean ere horretan aritzen dira. Filial hori izango da, hain zuzen, produktuetan eta prozesuetan hobekuntzarako eginiko aurrerapenen onuradun nagusia.

Partekatu

Beste berri batzuk