Aeronautikan eta Makina-Erremintan espezializatutako Bilboko Ingeniaritza Eskolako 40 talentu gaztek gaur jasoko dituzte euren diplomak, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko CFAA-n

Bizkaia

  • Ikasleak lanean ari dira jadanik euskal industriarako estrategikoak diren bi sektore horietako enpresetan, hainbat proiektutan, Europa mailako  Copernicus programa barruko Sentinel 2 satelite berrian, Airbus 400Maren motorraren diseinuan edo 4.0 industriako fabrikazio aurreratu tekniketan, besteak veste
  • Ekitaldiaren buru Eusko Jaurlaritzako bi sailburu izango dira, Arantxa Tapia (Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak) eta Cristina Uriarte (Hezkuntza), José Luis Martín UPV/EHUko Ikerketa errektoreordearekin eta Enrique Amezua  Eskolako zuzendariarekin batera. AFMeko, HEGANeko eta Bizkaiko Foru  Aldundiko Enpresa Sustapeneko Zuzendariek ere hartuko dute parte

cffaBilboko Ingeniaritza Eskolako Aeronautika eta Makina-Erreminta ikasgeletatik irtendako talentu gazteen beste belaunaldi bat sartu da sektore estrategiko horietan ari diren Euskadiko enpresa hoberenetako lan taldeetan. Ingeniaritza Eskolak beste urte batez berriztatu du Euskadiko enpresen harrobia, diplomak banatuz atzo, asteazkenean, otsailaren 21ean, Aeronautika eta Makina-Erreminta sektoreetako puntako enpresetan praktikak egin dituzten 40 ikasleri. Irakaskuntza munduko agintariek eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko kideek eta bi sektoreetako enpresen ordezkariek hartu dute parte CFAAn, Bilboko Ingeniaritza Eskolarekin bat eginda dagoen eta Norberto López de Lacallek, Makina-Erreminta Ikasgelako zuzendariak eta Eskolako irakasleak zuzentzen duen zentroan, egin den ekitaldian.

Aeronautikakoa eta Makina-Erremintakoa dira Bilboko Ingeniaritza Eskolak dituen Enpresa Ikasgeletako bi, eta eskolak, emandako prestakuntzak enpresa egituraren benetako eskariei erantzuten diela bermatzeko enpresa eta industria munduarekin duen lankidetza estuaren adibide esanguratsuenetakoak dira. Talentua eta prestakuntza integrala duten gazte horiek enpresetan lan egitea oso garrantzitsua da maila orokorrean ingurune gero eta lehiakorragoei aurre egin behar dieten Euskadiko enpresentzat.

Bi ikasgelak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ekonomiaren Garapen Sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dituzte, Makina-Erreminta eta Aeronautika sektoreetako enpresa elkarteekin eta teknologia zentroekin batera.

Talentua eta prestakuntza integrala

Euren diplomak jaso dituzten ikasleek joan den abenduan amaitu zituzten praktikak puntako enpresetan, proiektu garrantzitsuetan parte hartuz eta euren prestakuntza integrala eta talentua konpainien esku jarriz. Makina-Erreminta ikasgelako 24 ikasleek Matrici, ITP, Danobat, Fagor Arrasate eta Ibarmia enpresetan aritu dira, besteak beste. Ikasgelak ezagutza maila handia eman die fabrikazio aurreratu tekniketan, Makina-Erremintaren sektorean eta 4.0 industriaren zenbait alderditan. Ikasle guztiak lanean ari dira jadanik praktikak egin zituzten enpresetan, eta horietako batzuk erantzukizun handiko lanpostuetan, gainera.

Beste urte batez bere helburua bete duen Makina-Erreminta Ikasgelaren 9. Edizioa izan da: Euskadirentzat funtsezkoak diren enpresetan garapen teknologikoko proiektuen lider izan daitezkeen ingeniariak prestatzea. 2008an ikasgela martxan jarri zenetik, 210 ikasle baino gehiago igaro dira bertatik, horietatik %30 inguru emakumeak.

Aeronautika Ikasgelako 16 diplomatuei dagokienez, euren praktikaldiak hainbat konpainiatan egin dituzte. Senerren misio bereziekin erlazionatutako proiektuetan aritu dira, hirugarren belaunaldiko Meteosat satelitean edo Sentinel 2 satelitean, Europar Batasunaren Copernicus programari datu eta irudi asko emateko berariaz diseinatu den satelite flota berrian, hain zuzen ere. ITPn ere jardun dira, 400 M Airbusaren TP 400 motorraren osagaien diseinuaren hobekuntzan, eta Aernnovan, hegazkinetarako ateen diseinuan eta entseguetan.

Aeronautika Ikasgela 2001ean jarri zen martxan, eta ordutik 380 ikasle baino gehiagori eman die prestakuntza espezifikoa. Lan munduan sartzearen ehunekoa %100ekoa da, eta Ikasgelako hamaseigarren promozioko 16 ikasleak lanean ari dira jadanik Euskadiko aeronautika arloko enpresetan, sektoreko multinazionaletan, Rolls-Roycen, adibidez, eta zenbait erakundetan, Europako Espazioko Agentzian, besteak beste.

Funtsezko bi sektore

Heganen, Euskadiko Aeronautika eta Espazio Clusterrean, dauden enpresek 2.247 milioi euroko fakturazioarekin itxi zuten 2016ko ekitaldia, hau da, aurreko ekitaldian baino %16 gehiagorekin. 2017ko aurreikuspenek %2 inguruko hazkundea aurreikusten dute salmenta osoan. Enpleguak ere gora egin zuen Euskadiko sektore estrategiko horretan.

Makina-Erremintak, Euskadiko industriako funtsezko beste sektore batek, ere gora egin du.  AFMren azkenengo datuek erakusten dutenez, ekoizpenak %5,3 egin du gora 2017an, eta urte hori 1.576,6 milioi euroko fakturazio osoarekin itxi da. Ekitaldi honetarako aurreikuspena ere oso ona da, eta salmentetan eta esportazioetan %5 inguruko hazkundea aurreikusten du sektoreak.

Partekatu

Beste berri batzuk